EGUNA: 2013/01/03-04-05
IRTEERA: La Mongie (1700m)
ZAILTASUNA: Nahiko errexa (PD). Ibilbidearen lehen etapan Hourquette Medettera igotzen den korridorea tentea da. Quatre Termesera igotzen den arista ere aereo xamarra eta tentea da zenbait puntutan. Ibilbide osoan zehar orientazioa oso zaila izanen litzateke bisibilitate gutxirekin.
EGURALDIA: Eguzkitsua.
DENBORAK:
- La Mongie - Refuge de Campana de Cloutou: 5 ordu.
- Refuge de Campana de Cloutou - Pic de Portarras - Refuge de Bastan: 4 ordu.
- Refuge de Bastan - Pic de Quatre Termes - La Mongie: 5 ordu.
NOLA IRITSI: A64 Pirinioetako autopistan zehar joango gara Tarbes hiriraino. Hemen utziko dugu autopista eta Bagneres de Bigorre herrira eramaten gaituzten seinaleak jarraituko ditugu. Herri hau gibelean utzi, Campan herritik pasa eta Sainte Marie De Campan herrian eskuinetara biratuko gara Tourmalet mendate ezaguneko errepidean gora. Mendatera iritsi baino 4 kilometro lehenago aurkituko dugu La Mongieko eski estazio ezaguna.
DESKRIBAPENA:
Urte berria ongi hasteko, lehen asteko egun antizklonikoak aprobetxatu eta aspalditik buruan genuen ibilbidea egitea erabaki genuen. Urtarrilaren 2an, oraindik ajea erabat gainditu gabe, gauzak prestatu eta La Mongieko bidea hartu genuen hiru egun ahaztezin pasatzeko.
2013/01/03
1. etapa: La Mongie - Refuge de Campana de Cloutou
9:52 : La Mongie (1700m).
Eski estazioaren beheko parteko ezkerraldean dagoen aparkaleku handian gaua pasa eta goizean jeiki, gosaldu eta gauzak prestatu ondoren, ezkerretan gelditzen ziren eski pistetatik gora jo genuen. Urrunean Le Pain De Sucreko harritzarrak jarraitu beharreko bidea erakusten zigun.
Segidan pista utzi eta maldan gora abiatu ginen azken egunetan eroritako elur hauts zoragarrian bidea irekiz. Atzean La Mongie eski estazioa eta Midi de Bigorre mendi ezaguna.
Lehen malda gaindituta Le Pain De Sucre dotore ageri zitzaigun, ezkerretara eta eskuinetara gelditzen diren bi harantxoen bidegurutzean. Guk ezkerreko harantxoa hartu beharko genuen Hourquette Medetteko lepoaren bila. Juxtu eguzkia ateratzen ari zen puntuan zegoen lepoa.
Paisaia lehen metroetatik azkenetaraino ikusgarria zen.
Puntu honetan, Le Pain de Sucre mendiaren oinean ezkerreko harantxoan sartuko ginen bertze malda bat gaindituz.
Harantxoa segidan ixten zen eta goian pasatu beharreko lepoa agertu zitzaigun. Haren bila abiatu ginen lehenik elur malda zabal eta tentean gora...
...eta azken metroetan eskiak motxilan jadanik, korridore harritsua gaindituz.
Korridoreko lehen metroetan elur pixkat zegoen, baina hautsa izanik ongi aurreratzen zen.
Korridoreko azken metroetan harriak nagusitzen ziren eta pixkat zailtzen zuten progresioa. Hala ere, pazientzia pixkatekin ez dauka misterio handirik korridoreak. Gure gibelean La Mongie, Le Pain de Sucre eta ibilitako bailaratxoa.
Azken esfortzu bat eguzkitara ateratzeko.
12:40 : Hourquette Medette (2325m).
Lehen izerdiak bota lepoa harrapatu genuen halako batean.
Pixkat deskantsatu eta jeitsierarako prestatzen hasi ginen. Bertze aldean, Lac de Greziolles lakuraino eramango gintuen elur hauts malda tentea genuen zain!
Lac de Greziolles eta Campanako eremu zabala. Pirinioetako paradisu aunitzetako bat, bere dozenaka laku, pinu eta mendiekin, bakarrik egonen ginen bertan.
Jaitsi aintzinetik azken begirada La Mongie eta Midi de Bigorre agurtzeko.
Jaitsierari buruz zer erran... Gozatzeko moduko elurra aurkitu genuen eta motz xamar gelditu zitzaigun.
13:35 : Lac de Greziolles (2113m).
Behin lakura iritsita, geldialdia egin genuen berriz ere foka-larruak jartzeko eta aterperaino eramango gintuen azken malda igotzeko prestaketak egiteko.
Gibelean utzi genuen Hourquette Medetteko lepoa edo pasabidea eta jaitsitako malda ederra.
Argazkiaren erdian ageri den maldatik jaitsi ginen.
Lakutik gora metro batzuk igo genituen aterpera iristeko.
14:23 : Refuge de Campana de Cloutou (2225m).
Ordu onean iritsi ginen aterpe zoragarrira. Udan gordeta egon arren, neguan librea da aterpea eta benetan merezi du bisitatzeak. ez dago horrelako hotelik. Beheko partean jantokia dago mahai, aulki eta suarekin. Goian berriz 20 bat lagunentzako literak, beren koltxoi eta mantekin.Gainera gu laurez gain, bertze bi pertsona bakarrik etorri ziren, beraz eroso egon ginen bertan. Zerbait pikatu eta laister sua piztu genuen. Arratsaldea elurra urtzen eta afaria prestatzen eman genuen. Seiretarako afaldu eta zortzietarako zakuetan geunden atseden hartzeko asmoz.
2013/01/04
2. etapa: Refuge de Campana de Cloutou - Pic de Portarras - Refuge de Bastan
9:28 : Refuge de Campana de Cloutou (2225m).
Ia hamabi orduz zakuetan egon ondotik, zortziak inguruan ernatu eta gosaldu eta gauzak prestatzeari ekin genion. Behin prest geundela, etapa motza egiteko asmoz abiatu ginen. Berez asmoa hurrengo bailarako Bastan aterpera heltzea zen eta bertan gauzak utzita inguruko mendiren bat egitea.
Bastan mendi ederra eguzkitan zen ordu horretan jadanik.
10:08 : Lac de la Hourquette (2405m).
Laku elurtuen eta muinotxoen artean ibili ondoren ti-ta batean lakuan Hourquetteko lakuan plantatu ginen. Bertatik zeharkatu beharreko Bastanet lepoa eta bertaraino eramango gintuen azken malda ikusten ziren. Eskuinean berriz Bastan mendia.
Oraindik mendien itzaleko freskuran gainditu genuen lepora eramango gintuen malda.
Azken metroetan ez zegoen elurrik eta oinez egin behar izan genituen.
10:31 : Col de Bastanet (2507m).
Aterpetik aterata ordu eskas batean lepora iritsi ginen.
Bertze aldean Bastango lakuak eta aterpea dauden bailara ederra.
Taldeko lehen argazkia egiteko aprobetxatu genuen. Gora gu!
Trasteak lepoan utzi eta lepoaren ekialdean gelditzen den Portarras mendia igotzea erabaki genuen. Honela arista errazean gora abiatu ginen poliki-poliki, gibelean Bastan mendia utziz. Hori bertze batean igo beharko dugu.
11:18 : Pic de Portarras (2697m).
Zeharkaldiko lehen gailurra! Urrunean Midi de Bigorre.
Iparraldean, arras hurbil Bastan d'Aulon eta iaz igo nuen Pichaley mendiak genituen.
Ekialdean Arbizon ikusgarria Aureko bailararen zaindari.
Arkaitz azken metroetan Neouvielleko mazizoa gibelean duela.
Ikusmira bikaina genuen gailurrean eta tenperatura ere nahiko goxoa. Arkaitz eta Auza gailurrera iristen.
Arkaitz eta ni ondoko eguneko jugada komentatzen Portarras mendiaren puntan.
Mikel eta Iratxerekin gailurreko argazkia. Eta Auza nola ez.
Gailurraz ederki disfrutatu ondotik, arista jaitsi genuen gure motxiletara itzuliz eta Col de Bastaneteko malda probatzeari ekin genion. Hemen ere elurra primerakoa!
Aupa Iratxe!!
Mendi giro itzela...
13:01 : Lac Superieur de Bastan (2260m).
Jaitsiera bukatuta lakua inguratu genuen, gainetik pasatzeko ez baitzuen segurtasun haundirik ematen. Gibelean Bastaneteko lepoa ageri da Bastan eta Portarras mendien artean. A ze parajea!!
13:10 : Refuge de Bastan (2255m).
Lakuaren ondoan, metro gutxi batzuk bakarrik falta zitzaizkigun gure bigarren etapako helmuga harrapatzeko. Hau ere, bertze luxuzko hotela. Pare bat aldiz egonda nintzen bertan, azken aldiz iaz Pichaley mendia igo nuenean, baina bat ez da aspertzen toki hauetan egoteaz. Campana de Cloutouko aterpearen antzerakoa da, behean jangela eta goian logelekin. 12 pertsonarentzat dauka lo egiteko tokia, baina jangelan ere koltxoneta batzuk daude jende gehiago dagoenerako. Arratsalde lasaia izan zen hau ere. Zerbait jan, arropa idortu eta afaria prestatu genuen. Gau honetan 4 lagun gehiagok konpartitu zuten aterpea gurekin.
Ilunabarra Bastan eta Portarras mendietan.
Aterpeko leihotik genuen ikuspegia.
Afalondoan sutondoan egon ginen gustora eta ohera joan aintzinetik bizilagunen ron goxoa dastatzeko aukera ere izan genuen. Luxu bat aterpe hartan!!! Bederatzietan ohera!!!
2013/01/05
3. etapa: Refuge de Bastan - Pic de Quatre Termes - La Mongie
8:07 : Refuge de Bastan (2255m).
Azken etapa luzeena izanik goizago jeikitzea erabaki genuen. Izan ere, ez genekien mapan ikusi genuen bidetik pasatzerik izanen genuen eta ustekabeen aintzinean denbora izateko goiz abiatzea zen asmoa. Zazpiak laurden gutxian ernatu, gosaldu, prestatu eta zortziak pasatxoan martxan ginen. Bastan mendia egunsentian!
Aterpe zoragarria agurtu eta Lac du Milieu hurbilera jaitsita, ipar mendebalderantz abiatu ginen lepotxo bat gainditzeko.
Bastan mendia momentu oro zaindari.
Izenik gabeko lepoan ikusmira urrunera zabaltzen zen. Neouvielleko gailurra ikusten zen bertatik. Egun ederra zetorren berriz ere.
Lepoan foka-larruak kendi eta eguneko lehen malda jaitsiko genuen Lacs de Bastanet lakuetako leheneraino. Bastan eta Portarras mendiak bertze bat arte agurtuz.
Eguneko lehen jaitsieratxoa primeran aurkitu genuen. Elur hauts goxo-goxoa!!! Hori bai, malda motza zen eta segidan heldu ginen lakura. Bertan, berriz larruak jarri eta goraka abiatu ginen.
Lacs de Bastanet lakuak gibelean utzita, aintzinean Crete de Port Bielh ertza ikusi genuen. Gure asmoa, ertz hori nonbaitetik zeharkatzea zen, Quatre Termeseko lepora iristeko.
Berriz metro batzuk jaitsi eta Laquets de Port Bielheko etxola politera ailegatu ginen. Itxita dago baina pinta ederra du benetan. Etxolatik malda bat gainditu genuen hurrengo lakuraino.
9:42 : Lac de Bastan ou de Port Bielh (2300m).
Behin lakuan bi aukera genituen: inguratu eta Hourquette de Nerera joan bertatik Pas de la Crabe pasabidean barrena Grand Tourmaleteko eski pistetara pasatzea edo parean genuen Crete de Port Bielh ertza zeharkatu eta Col de Quatre Termesera igotzea. Bigarren aukera hautatu genuen nahiz eta ez jakin zehazki nondik zehakatuko genuen ertza.
Lakua zeharkatu genuen lehenengo...
...eta ertzeko punturik ahulenaren bila iparraldera igo ginen. Azkenean, pasabide erraz bat aurkitu genuen eta inolako arazorik gabe zeharkatu ahal izan genuen ertza.
10:56 : Pas de Mikel (2550m).
Izen horrekin bataiatu genuen ertza pasatzeko erabili genuen pausutxoa, Mikelek proposatu baitzuen bertatik joatea eta pasabidea egonen zela. mapan pausuak izenik ez duenez, guk gurea jarri genion. Aupa Mikel! Espero dugu mapa eguneratzean kontutan hartuko dutela gure izen proposamena.
Ertz gainean ikusmiraz gozatu genuen zerbait jan eta edaten genuen bitartean. Neouvielle alde guztietatik ikusgai!
Jarraian aurrera segitu genuen oraindik ere dexente falta baitzen kotxera ailegatzeko.
Metro batzuk galdu genituen iparralderantz larruak kendu gabe.
Ondotik Pic de Teste Guilhem mendiaren oinera pasa ginen.
Bertatik Quatre Termeseko lepora malda tentea igotzea bertzerik ez zen falta.
Col de Quatre Termesera igotzen contade mendia gibelean genuela.
11:42 : Col de Quatre Termes (2630m).
Gure ibilaldiko azken lepoan geuenden jadanik egun osoan gora eta behera ibili ondotik! Hortik behera 1000 metroko jeitsiera genuen gozatzeko.
Baina jaitsi aintzinetik Quatre Termes mendi hurbilera igotzea erabaki genuen aristan gora.
12:04 : Pic de Quatre Termes (2724m).
Zeharkaldiko bigarren tontorraren gainean geunden! Atzean Midi de Bigorre berriro.
Denborarik galdu gabe lepora itzuli ginen aristan behera. Ez da arista zaila baina punturen batean kontuz jaitsi behar zen sustorik ez izateko.
Berriz eskiak jantzi eta azken jeitsierari ekin genion! Arkaitz eta Auza lehendabizi!!!
Geldialditxoa indarrak berreskuratzeko! Oraindik ere erdia baino gehiago gelditzen zitzaigun gozatzeko!
Jeitsiera hau izan zen zeharkaldiko onena hiru egunak primeran bukatzeko! Elur hautsa eta dena guretzat!!
Azken maldaraino elurraz gozatzen!!
13:05 : La Mongie (1700m).
Honela hiru eguneko zeharkaldi bikainari amaiera ezin hobea eman genion kotxeraino elur hautsean flotatuz!
Paisaje ikusgarriak, aterpe bikainak, eguraldi arras ona, elur perfektua eta konpainia ezin hobea! Osagai apartak urtea ongi hasteko! Milesker denagatik!!!
Earra buelta, bai jauna, bejondeizuela!!!!
ErantzunEzabatuNi ez naiz eskiatzailea eta horrelako erreporrak irakurtzen ditudan bakoitzean eskian hasteko gogoa jartzen zait.
Eman eurre!!!
PD. Bastan D'Aulon mendiaren argazkian erdian ikusten den korredoreak izugarrizko itsura ona dauka.
Aupa Xabi!
ErantzunEzabatuZer moduz sorbalda!? Laister berriz martxan? Nahiz eta pentsatzen dudan ez zarela geldirik ibiliko.
Ni ere duela gutxi hasi nintzen eskiatzen ez pentsa. hau nire hirugarren denboraldia da eta aurrekoetan ez naiz aunitz ibili ere. Baina dudarik gabe elurra dagoenean ibiltzeko modurik erosoena da, gogorra ez badago behintzat. Erraketak gorrotatzen ditut. Zuk ere tita hartuko zenioke fijo. Hori bai pista pixkat egin behar da horretarako.
Pentsatzen dut Portarras eta Bastan d'Aulon mendien tartean dagoena erraten duzula. Ba zuretzat eskasegia agian e! Eskiekin igotzeko modukoa da beraz...
Segi bixkor eta ea laister hasten zaren izotza pikatzen!!!
Aio!