EGUNA: 2013/02/16
IRTEERA: Refuge de l'Oule (1820m)
ZAILTASUNA: Errexa (F)
DENBORA: 2 ordu (Igoera)
NOLA IRITSI: Pirinioen paraleloa den A64 autopistan barrena 16. irteeraraino joango gara, hemen Saint Lary Soulango norabidea hartuko dugularik. Aureko haran ederrean gora Saint Lary herriraino iritsiko gara. Hemendik (errepidea irekita badago) eski pistetara igoko gara. Egokiena Espiaubeko aparkalekuan autoa utzi eta bertatik Col de Portetera igotzea da (oinez edo 18 euroko forfait bereziarekin). Col de Portetetik aterpera jaitsiera bertzerik ez da. Udaberrian, Neouvielleko Erreserba naturalera igotzen den errepidea irekitzen dutenean, Artigusseko aterpetik ere igo gaitezke aterpera (ikus Pichaley mendiko deskribapena blogean).
Azken zatian igotako bidea gorriz eta jaitsitakoa horiz. |
DESKRIBAPENA:
9:45 : Refuge de l'Oule (1820m).
Aterpean gau ederra pasa ondotik berandu xamar abiatu nintzen presarik ez bainuen. Aipatu aterpea, hoteltxoa dela gehiago. Bertatik pistetara teleaulki bat igotzen da eta horregatik pistetan eskiatzen duen jendeak erabiltzen du mendizaleek baino gehiago. Bertara joaten dira gaua pasatzera edo lo egitera. Udan eta neguan dago irekita, udaberrian (eski denboraldia bukatu ondoren) itxita. Horregatik ez da praktikoegia. Inguruan edozer gauza egiteko askoz gomendagarriagoa da hurbil (2 ordu gehienez) dagoen Bastan aterpean gaua pasatzea.
Lasai-lasai Ouleko lakua inguratzen duen bidexkan barrena jarraitu nuen.
Lakua gibelean utzita metroak jaten irabazten hasi nintzen. Ikusmira ederra nuen gibelean. Bastan mendia eta joan den urtarrilean pasatako inguru ezagunak, guk bataiatutako Pas de Mikel barne.
Lehen metroak ibilita eski pistetara iritsi nintzen. Ordura arte igotako bidea ere eski pista izaten da negu zati batean baina ni pasa nintzenean pista hori itxita zegoen zorionez. Ustez elur jausi arriskuagatik.
Behin pistetara iritsita iparraldera biratu nintzen Pichaley mendia erreferentzi gisa hartuta. Aipatu eski pisten inguruko mendien artean jaitsierarik onena Pichaley mendikoa dela, baina ipar mendebaldeko haizeak eraginda kornisa handiak zituen Pichaleyk. "Begiratu baina ez ukitu".
Pistetan gora nondoala nire eskuinean zegoen Montarrouyet mendiak arrisku gutxiago zuela ikusi nuen. Jendea ikus zitekeen bere maldetan eta jaitsiera ederra zeukan horrek ere.
Pistak bukatuta Pichaley alde batera utzi eta metro batzuk galdu nituen Col de Jetas leporaino, foka-larruak kendu gabe.
Col de Jetasen arbizon ikusgarria gibelean nuela.
Lepotik gailurrera arista erraz bat bertzerik ez zen gelditzen. Elurra hala ere gogor xamar zegoen eta azken metroak oinez egin behar izan nituen eskiak bizkarrean hartuta.
Gailurrean jaitsiera begiratzen...
12:06 : Montarrouyet (2473m).
Bi ordu pasatxotan igo nuen mendia, baina dexente lehenago igo daiteke. Bidean dexente gelditu nintzen eta jateko ere tarte zabala hartu nuen.
Gailurrean eguzkia hego mendebaleko aurpegia goxatzen zuen bitartean denbora egin behar izan nuen. Argazki sesioa beraz. Campbieil, Pic Long eta Neouvielle ezkerretik eskuinera. Hauek dira inguruko kolosoak.
Montarrouyes ondoan eta Lustou eta Culfredako mendigunea urrunago. Perdiguero-Gourgs Blancs mendigunea ere hortik dabil, baina ez nuen ezagutu zein zen.
Arbizon iparraldean. Hau bai mendi puska!!!
Bastan d'Aulon eta Portarras erdi gordea. Duela gutxi ibili ginen inguruan.
Argazki sesioaren gibeletik jaitsiera etorri zen elur paregabean pistetaraino. Aukera polita larunbetean bezala elur jausi arrisku handia dagoenerako edo denboraldi hasierarako.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina