2014/09/26

Cupula de Secus (2421m), Liouviella (2334m)

EGUNA: 2014/09/26

IRTEERA: Parking d'Espelunguere (1349m)

ZAILTASUNA: Erraza (F). Cupula de Secus mendira igotzeko azken zatian bi kanal igotzen dira, baina errazak dira. 

DENBORAK:
  • Parking d'Espelunguere - Cupula de Secus : 3 ordu eta erdi
  • Cupula de Secus - Liouviella : 30 minutu
  • Liouviella - Parking d'Espelunguere : 2 ordu
NOLA IRITSI:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu Somporteko tunelera iritsi arte. Somporteko tuneleko iparraldeko sarrera baino metro batzuk lehenago, eskuinetara Forges d'Abelera doan errepidetxoa hartu behar da. Forges d'Abel gibelean utzi eta asfaltatutako pista batetik igoko gara Estaenseko zentral hidroelektrikoraino. Bertan utziko dugu autoa neguan. Udan, pixkat gorago igo daiteke, Espelungereko aparkalekuraino.

DESKRIBAPENA:
Aspalditik nuen Ibon de Estanes eta Valle de los Sarrioseko inguruak ezagutzeko gogoa. Aitzakia horrekin, bietatik pasatuz igotzeko mendi bat hautatu eta ortziralean Pirinioetako Aspeko bailara ederrera joan joan ginen bertze behin ere. Helburua, Espelunguereko aparkalekuan gaua pasa, eta biharamunean Estaneseko lakua eta Valle de los Sarrios pasata Cupula de Secus mendia igotzea zen.

7:43 : Parking d'Espelunguere (1349m).
Gau freskoa izan genuen, udazkenean gauden seinale. Kanpoan zero gradu ingurura jaitsi zen tenperatura. Furgonetaren barnean ere, gutti gehiago... Zazpietan ernatu ginen, oraindik gauez, eta argia hasterako martxan ginen aparkalekuaren ondoko ur-jauzitik pasaz...



Hemendik jadanik ezaguna nuen bidetik, Espelunguereko zelai ederrera atera ginen bortz minutuan... Bertan dago kokatua Espelunguereko etxola polita ere. Gaua pasatzeko leku zoragarria. Lehen bidegurutzean Sansaneteko norabidea hartu behar da baina minutu gutti geroago, irudiko seinalean, bide hori ezkerretara utzi eta eskuin biratu ginen bidexka nabarmenean zehar...


8:17 : Cabane EDF (1615m).
Bidexka oihan batean sartzen da zelaia gibelera utzita eta malda segidan tentetzen da. Pixka batean ibili ondotik, etxola honetara ailegatu ginen. Zentral elektrikoaren etxola da eta itxita dago.


Hemendik aitzin, Estaneseko lakutik ura zentralera eramaten duen hodiaren gainetik bili ginen. Jadanik malda guttiagoko bidean...


Acue edo Gabedaille mendiak bere aurpegirik ederrena erakusten zigun goizeko ordu horietan...


Gure helburua zen gailurra ere begi bistan genuen, urrun oraindik ordea.


8:36 : Pas de l'Echelle (1775m).
Metalezko eskailera batetik trepada bat gaindituta, zonalde malkartsutik atera eta lepo honetara ailegatu ginen.


Paisaia guztiz aldatzen da eta Estaneseko lakua zein Liouviella eta Cupula de Secus mendiak ikusten dira aurrez aurre.


Estaneseko lakua gure eskuinetara utzi genuen GRko marka zuri gorrien bila.


Toki ikaragarri ederra inondik ere...


Behin GRko marka zuri-gorriak ikusita hauei jarraitu genien mendebalderuntz. Marka zuri-gorriekin batera, berde eta horiak ere topatu genituen bidean. Azken hauei jarraituko genien puntu honetatik aurrera GRa utzita.


Estaneseko lakua eta Acue gibelean utzi eta hegoalderantz biratu gienen Valle de los Sarrioseko haranaren bila.


Erdialdeko Pirinioa agertzen hasi zen gure aitzinean, baita eguzkia eguna goxatzen ere.


9:52 : Valle de los Sarrios (2000m).
Honela, maldatxo bat gaindituta Pirinioetako harantxo honen sarrerara ailegatu ginen.


Dudarik gabe bisitatu beharreko txoko horietako bat da.


Harana aldez alde zeharkatu genuen bide lau eta leunean barrena.


Behiek azken egunak dituzte herrietara jautsi aitzinetik. Badator negua...


Gibelera begirada harantxoaren bukaeratik.


10:32 : Puerto de Vernera (2115m).
Haranaren bukaeran, eskuinetara lepo hau zeharkatu eta Plana Mistresa deitzen den zonaldean sartu ginen. Zerbait jateko tartetxo bat hartu ondotik, Cupula de Secusen azpikaldean dagoen irudietako lepora igoko ginen.


Leporako bidea ahal den lekutik egiten da, bidexkarik eta hitorik ez baitago. Dena den momentu guztien ikusten denes ez dago galtzerik.


Honela izenik gabeko lepora ailegatu ginen, 2240 metroko altueran kokatua dago. Bertze aldera, jaitsiera erabiliko genuen bidea ikusi genuen, aise zuzenagoa baina txarragoa.


11:03 : Cupula de Secus (2421m).
Lepotik ezkerrera biratu, tximinia erraz pare bat gainditu eta gailurrera ailegatu ginen. Panorama primerakoa!


Lizarako aterpea eta Aragües del Puerto herria hegoaldean...


Bisaurin eta Puntal de Secus mendiak mendebaldean.


Lescuneko zirkua eta Aguas Tuertas ipar-mendebaldean...


...eta gu puntaren puntan! Viva Uruguay!




Azken begirada jausten hasi aitzinetik...


%100 Pirinioak!


11:58 : Liouviella (2334m).
Berriz ere lepora itzuli eta tita batean ondoko gailurrera igo ginen. Valle de los Sarrioseko ikuspegi ederra eskaintzen digu gailur honek. Merezi du bertara igotzea...


Bigarren tontortxoa guretako!


Eta beheiti abiatu ginen, aitzinean pixkat lehenago igotako Cupula genuela.


Erran bezala, jaisteko lepotik iparraldera hartu genuen eta harri tartetik hasieran eta belardietatik gero, Estaneseko laku aldera jaitsi ginen.


Behin lakura iritsita ezkerraldetik inguratu genuen.


Bertze argazki bat gehiago toki eder honi.


14:20 : Pas de l'Echelle (1775m).
Laku bazterrean zerbait jan eta bainu bat hartu ondotik, berriz ere lepoa zeharkatu eta Espelunguere aldera jaitsi ginen


Jaitsiera tentea genuen zai.


Espelunguereko etxola gure oinpean...


Oihana zeharkatu eta Espelunguereko zelaira jaitsi ginen. Aparkalekua hurbil zegoen...


15:01 : Parking d'Espelunguere (1349m).
Honela akitu zen leku zoragarriak bisitatuz egindako ateraldi ederra.


Akitzeko eguneko bideoa:

Cupula de Secus from Estebe Apezetxe on Vimeo.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina