2014/10/04

Picos del Infierno (3082m, 3076m, 3073m), Arnales (3006m)

EGUNA: 2014/10/03-04

IRTEERA: Baños de Panticosa (1636m)

ZAILTASUNA: Nahiko erraza (PD)
Oro har ez da ibilbide zaila baina trepadak ditu puntu batzutan. II mailakoak dira asko jota, baina patio handiarekin puntu batzutan. 
  • Infiernoko lepotik lehen gailurrera bitartean, momentu batez trepada oso aereoak egin behar dira marmoleraren gainetik. Niretzat hau da ibilbideko punturik ikusgarriena. 
  • Mendebaldeko eta erdiko gailurren artean, arista aereo baina erraz batetik ibili behar da. 
  • Erdiko tontorretik Pondielleseko lakuetara zati bertikala jaitsi behar da destrepe batzuk eginez. Harri asko erortzen dira zati honetan.
DENBORAK:
  • Baños de Panticosa - Refugio de los Ibones de Bachimaña : Ordu eta erdi
  • Refugio de los Ibones de Bachimaña - Infierno Central : Hiru ordu eta erdi
  • Infierno Central - Baños de Panticosa (Pondielloseko lepotik) : Hiru ordu
NOLA IRITSI:
Iruñeatik Jacako bidea hartu behar da Pirinioetako Autobidean barrena. Jaca zeharkatuta Sabiñanigo aldera jo behar da eta bertara ailegatu aitzinetik Formigal eski estaziora doan errepidea ikusiko dugu. Errepide horretan goiti segiko dugu, Tenako bailaran zehar, eskuinetara Panticosa herrira doan errepidea ikusi arte. Errepide horretatik igoko gara, herria gibelean utzi eta Balneario de Panticosara segituz.

DESKRIBAPENA:
Azkenean ailegatu zait hainbertze amestutako Picos del Infiernoren itzulia egiteko aukera. Dudarik gabe bortz izarreko ibilbidea, leku eder eta basatian.

Ortziral arratsaldean atera ginen lan egin ondotik Balneario de Panticosa aldera. Biharamunean egin beharreko bidea pixka bat xamurtzeko Bachimañako urtegiaren ondoan eraiki berri duten aterpe ederrean pasako genuen gaua. Horrela, ordu eta erdiko bidea eta ia 600 metroko desnibela kentzen genizkion igoerari.

2014/10/03
18:06 : Baños de Panticosa (1636m).
Motxilak bizkarrean hartu eta bixi-bixi abiatu ginen GR 11ko markak jarraituz. Berehala irabazten da altuera bainuetxeak beheitian gelditzen dira.



Arratsaldea nahasi xamar zegoen baina biharamunerako eguraldi ederra iragartzen zuten.


Ur-jauziak eta zelai berdeak gibelean utzita Cuesta del Fraile malda ezagunaren azpian plantatu ginen. Irudiko harresia ezkerretik inguratzen du malda honek, aterpera ailegatzeko.


Maldaren gainetik gibelera begirada...


Behin malda gaindituta aterpea begi bistan genuen jadanik.


19:34 : Refugio de los Ibones de Bachimaña (2200m).
Horrela arratsaldeko azken argi izpiek lagunduta aterpe eder honetara ailegatu ginen. Aterpea baino gehiago, hotela dirudi. Instalazio berriak, gela ttikiak, janari arras ona... Gainera, gelan bakarrik egotea tokatu zitzaigun eta gau ona pasa genuen, zurrunkarik entzun gabe. Aterpean, Donostiako Martin eta Luisekin elkartu ginen. Elkarrekin eginen genuen igoera biharamunean.


2014/10/04
7:44 : Refugio de los Ibones de Bachimaña (2200m).
Goizeko zazpietan gosaldu, zorrak kitatu eta goiti abiatu ginen. Lainorik ez zeruan, eguna eder zetorren.


Bachimañako lehen urtegia gure eskuinetara utzi eta GRko markei jarraitu genien. Leku ederrean dago aterpea.


7:58 : Embalse de Bachimaña Alto (2207m).
Segidan ailegatu ginen bigarren urtegira eta hau ere gure eskuinetan utziko genuen.


Marka zuri-gorriak bidaide... Beraiei jarraituko genien Infiernoko leporaino.


Eguzkia gailurrak argitzen hasia zen ordu horretarako.


Lehen metro hauetan metro gutxi irabazten dira eta ongi etorri zitzaigun gorputza berotzen hasteko.


8:40 : Ibon Azul Inferior (2362m).
Ingurune ederrean ibiliz eta lehen maldak gaindituz laku honetara ailegatu ginen. Gure helburua zen Picos del Infiernoko mendigunea aitzinean genuen ikusgarri.


8:55 : Ibon Azul Superior (2410m).
Lehen ñaku hau gure ezkerretara utzi, malda bat gainditu eta bigarren lakura ailegatu ginen. Hau ere zoragarria. Gaua pasatzeko leku aproposa...


Bigarren lakutik goiti, malda harritsu bat gainditu behar genuen leporaino. Eskiada ederra egin genuen malda honetan aitzineko udaberrian. Bidearen maldak, Infiernoseko ikuspegi ederrak leuntzen zituen. Aitzinean genuen Infiernoko glaziarra ere. Honi zoritxarrez ez zaio aunitzik gelditzen.


Gainditutako malda eta Vignemaleko mendigunea gibelean...


9:44 : Cuello del Infierno (2721m).
Aterpetik atera eta bi ordutara, erritmo lasai baina jarraiean lepora ailegatu ginen. Tarte bat hartu genuen zerbait jan eta inguruaz disfrutatzeko. Tebarraiko lakua eta mendia parean genituen.


Bertatik ezker (hegoalderantz) biratu eta malda harritsuan goiti abiatu ginen. Haize freskoa genuen lagun, nabari da negua hurbil dela. Urrunean Balaitous mendia bertzeak bertze.


Malda igota, makil bat duen bretxa bat bilatu behar da. Bertara ailegatzeko trepada erraz bat egin behar da. Bretxa hori aurkitzea garrantzitsua da ondoren zeharkatu behar den zonaldera ongi sartzeko.


Behin bretxara edo lepotxora ailegatu ikuspegia mendebalderantz zabaltzen da. Sallent de Gallego gure oinpean genuen, baita Formigal ere. Parean berriz Telera bertzeak bertze.


Argazkian, lepotxotik aitzin gainditu behar den zonaldea ikusten da, ipar-mendebaldeko aurpegia. Bidea harkaitz gris eta marroiaren mugatik pasatzen da, tartekako trepadatxoak ibiltzeko zatiekin tartekatuz. Ez dira pausu zailak, baina eskuinaldera dagoen patioak errespetua ematen du. Niretzat behintzat hau izan zen zirrara gehien eragiten zuen puntua.


Toki zabalenetariko bat pasatzen. Ibilbide zati honetan garrantzitsua da hitoei jarraitzea bide ona aurkitzeko.


Trepadatxo bat harri gris eta marroiaren mugak jarraituz.


Zeharkaldiraren azken zatian gibelera begirada. Argazki honetan gainditutako zati gehiena ikusten da, hasierakoa izan ezik.


Ipar-mendebaldera orientatutako aurpegi ikusgarria zeharkatuta lepotxo batera aigatu ginen. Garmo Negro eta Pondielloseko lakuak genituen parean, baita eguzkia ere aurpegi mospela gibelean utzita.


Lepotxo honetatik goiti, mendebaldeko arista errazean I graduko trepada batzuk egitea bertzerik ez zen gelditzen Infiernoetako mendebaldeko punta zapaltzeko.


Lehen tontorrera ailegatzen gibelean Midi d'Ossau genuela.


Eta aitzinean erdiko tontorrera eramango gintuen La Marmolerako pasabide ezaguna.


11:10 : Pico del Infierno Occidental (3073m).
Tentsio momentu batzuk pasata lehen tontorrera ailegatu ginen.


Argazkia atera eta La Marmolerako pasabidea zeharkatu genuen erdiko tontorrera heltzeko. Asko nuen irakurria eta entzuna pasabide honen inguruan. Egia da bi aldeetara patio handia duela, baina nahiko zabala da eta erraz zeharkatzen da. Lehen erran bezala, errespetu handiagoa sorrarazi zidan ipar-mendebaldeko aurpegia zehartzatzeak.


11:22 : Pico del Infierno Central (3082m).
Horrela ailgatu ginen Infiernoetako tontor nagusira.


Taldeko argazkia gailur eder honetan.


11:41 : Pico del Infierno Oriental (3076m).
Erdiko gailurrean zerbait jan eta aitzinera segitu genuen azken tontorraren bila. Lepo batera jaitsi eta bertze trepada erraz bat eginda iristen da bertara.


Ordu batzuk lehenago pasatako lakuak beheitian ikusten ziren.


Hirugarren tontorrean...


Eta horrela, beherakoari ekin genion. Gure asmoa ibilbide zirkularra egitea zenez, behera jaisteko Infiernoen hegoaldeko magala destrepatuko genuen Pondielleseko lakuen aldera. Horretara, Erdiko eta Ekialdeko tontorrean artean dagoen kanal gure ezkerretara utzita, hitoei jarraituko genien destrepeak ibiltzeko zatiak tartekatuz.


Gure ezkerraldean hurrengo helburua, Arnaleseko gailurra.


Behin Infiernoetako hegoaldeko magala jaitsita, berriro goiti abiatuko ginen. Malda harritsu bat igo, trepada batzuk egin eta Arnaleseko bi puntak lotzen dituen ertzera atera ginen. Ertz ederra da benetan.


Ertzaren bertze aldean ibilbidearen bukaera izanen zen Balneario de Panticosa ikusten zen 1400 metro beheitiago.


12:51 : Arnales (3006m).
Eguneko laugarren tontorra sakelera! Azkena izanen zen.


Berriz motxilak utzi genituen tokira itzuli eta jaitsiera luzeari ekin genion. Argazkian, Saretaseko lepora jaisten Pondiellos, Aguja de Pondiellos eta Garmo Negro mendiak eta Pondielloseko lakuak parean genituela.


13:13 : Cuello Saretas (2834m).
Lepo honetara iritsi eta zeharkatu gabe harri tarteko bidexkari jarraitu genion Pondielloseko lepora, izen bereko mendiaren magalak zeharkatuz..



13:24 : Cuello de Pondiellos (2809m).
Behin lepo honetara iritsita eguneko tontorrei azken begiratua bota eta poz-pozik Balneariora jaisten hasi ginen.


Pozak neke bihurtu ziren ordean 1200 metroko desnibela duen jaitsiera luzean. Hasieratik ikusten da helmuga baina badirudi inoiz ez dela ailegatzen.


Gibelean utzi genituen zonaldeko bertze klasiko batzuk ere: Argualas eta Garmo Negro.


15:09 : Mallata Baja (1900m).
Beheitirakoan inguru eder honek behintzat nekeaz atzentzen laguntzen zigun.


Mallata Baja de la Argualas.


15:30 : Baños de Panticosa (1636m).
Azkenean, eta ia zortzi orduko ibilaldia egin ondotik ibilbide bikain honen bukaerara ailegatu ginen. Dudarik gabe ezagutu beharreko mendia.


Bortz izarreko klasiko bat.


Akitzeko eguneko bideo-erreportaia:

3 iruzkin:

  1. Aupa hi, ederra reportajea ta argazkik,...., bideoa ere asko gustatu zait, ondo segi! (Luis)

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa Luis!

    Zer moduz?

    Eskermile! Posible da argazkiak blogetik jaistea? Bertzela bidaliko dizkizuet...

    ErantzunEzabatu
  3. Por si fuera interesante o de utilidad para ti, para tus compañeros de rutas o para los lectores de tu web, tengo publicado el siguiente blog:
    plantararboles.blogspot.com.es
    Se trata de una manual breve y sencillo para que los amantes del monte y del campo podamos reforestar, casi sobre la marcha, aprovechando las semillas que nos dan los árboles y arbustos autóctonos de nuestra propia región.
    Salud,
    José Luis Sáez Sáez

    ErantzunEzabatu