2015/01/04

Tuc du Plan de la Serre (1977m)

EGUNA: 2015/01/04

IRTEERA: Eth Portilhon / Col du Portillon (1293m)

ZAILTASUNA:
  • Eski Zailtasuna: S2
DENBORA:
  • Igoera: 2 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA IRITSI:
Baionan A64 autopista hartuta Montrejeau eta Luchongo irteera arte jarraituko dugu. Hemen Luchongo norabideari segika bertaraino iritsiko gara. Behin Luchonen gaudela Col du Portillon mendatera igotzen den bidea hartu behar da. Lepoan bertan dagoen aparkalekuan utzi kotxea.

DESKRIBAPENA:
Bigarren eguna Luchon inguruan eta aitzineko egunean hauts goxoa dastatuta ez genuen bigarrenean zapore txarragoarekin gelditu nahi. Hortaz, ipar aurpegiak eta basoa bila, Portillongo mendatera abiatu ginen. Garona eta Val d'Araneko mugan, azken asteburuan elur gehienetarikoa egin duen zonaldea omen da hau. Dena den, hemen ere haizeak bere lana egin zuen eta basoa ez genuen nahi bezain ongi harrapatu. Bai ordea basotik gorakoa...

9:41 : Eth Portilhon / Col du Portillon (1293m).
Presa handiegirik gabe abiatu ginen lepoa baino 300 metro beherago ateratzen den pistatik. Elur gehiegirik ez zegoen beheitiko zati honetan, baina pista zuri-zuri aurkitu genuen. Pista hartu eta berehala, Bareges edo Varetjako lepora eramanen gintuen norabidea zein den adierazten zigun seinalea begiztatu genuen. 50 minutu leporaino. Tranpa zeukan ordea, 50 minutu horiek laburbidetik joanda baitira. Laburbidean ordea, elur guttiegi zegoen eskiekin igotzeko eta pista aspergarrian goiti igo ginen 5 kilometroan zehar!



Pista une oro pinadiaren barnetik doa. Noizbehinka zabalune batzuk paisaiaz gozatzen uzten ziguten.


Bi ordu luzez goraka ibilita, azkenean basotik atera ginen eta pista utzi ahal izan genuen. Gure ezkerretan egoera nahiko txarrean dagoen etxola hau utzi genuen.


Segidan bistaratu genuen Plan de la Serre mendia ere, elur dexente zuela zirudien. Ez zen aunitz falta lepora ailegatzeko!


12:21 : Coth de Varetja / Col de Bareges (1749m).
Bi ordu eta erdi malda goiti eta 500 metroko desnibela bertzerik ez genuen gainditu. Ia-ia buelta hartzekotan ere ibili ginen, baina lepo honetara ailegatzen pena guztiak airean joan ziren. Benasque eta Luchongo 3000ko handiak parez pare genituen. Pirinioetako txoko eder horietako bat. Gainera, lepoan bertan bi etxola daude, horietako bat egoera arras onean. Dudarik gabe, gaua pasatzeko leku zoragarria.


Hasiera batean gure helburua Tuc d'Aubas mendia bazen ere, eskuinetara genuen Plan de la Serre mendiak aise itxura hobea zuen eta bertara igo ginen. Malda zoragarria izanen genuen jaisteko!


Horrela, poliki-poliki maldari bere 230 metroak jaten hais ginen.


Gibelean lepoa eta Tuc d'Aubas aise elur guttiagorekin.


Azken metroak malda suabean goiti.


13:21 : Tuc du Plan de la Serre (1977m).
Hiru ordu eta berrogei minutu pasa genituen goraka, baina ingurunearen edertasunak merezi zuen benetan. Luchon eta Benasqueko mendi pila aitzinean genituen: Grand Quayrat, Lezat, Crabioules, Maupas, Boum, Mail Pintrat, Salvaguardia, Sacroux, Mina, Alba, Maladeta eta Aneto berbera ere!


1300 metro beheitiago berriz Luchon herria.


Gailur ttiki-handi honetan...


Zerbait jan eta beheiti abiatu ginen. Zinez gozatu genuen oihanera arteko zatian.


15:38 : Eth Portilhon / Col du Portillon (1293m).
Eta horrela eman genion Luchonen pasatako asteburuari bukaera, elur goxo eta eguraldi ikaragarriarekin! Bertze bat arte!


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina