EGUNA: 2015/01/03
IRTEERA: Col de Peyresourde (1569m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S2
- Zailtasun globala: F
DENBORA:
- Igoera: Ordu bat eta erdi
- Jaitsiera: 45 minutu
NOLA IRITSI:
Baionan A64 autopista hartuta Montrejeau eta Luchongo irteera arte jarraituko dugu. Hemen Luchongo norabideari segika bertaraino iritsiko gara. Behin Luchonen gaudela Col de Peyresourde mendatera igotzen den errepidea hartu behar da, lepoan bertan aparkatuz.
DESKRIBAPENA:
Eguberrietako oporretako azken asteari zuku pixka bat atera asmoz, etxean ezin gelditu eta Campango bailarara abiatu ginen aitzineko asteburuan botatako elur hauts horren berri ba ote zuten jakiteko asmoz. Harat ailegatuta egoera arraroa, herriak elurrez zuri-zuri eta mendiak justu xamar. Haizeak bereak eta bi egin zituen. Itxura hau zuten Payolle inguruko mendiek. Elurra bai, baina geruza fina,
Gauzak horrela, Payolle gibelean utzi, Aspingo lepo famatua zeharkatu eta Aure eta Lourongo haranetara jaitsi ginen, hemendik Peyresourde mendatera igotzeko. Irakurria nuenez Luchon inguruan bota omen zuen elurrik gehien. Hortaz, bertako aukera ugariak nola zeuden ikustera joan ginen.
10:26 : Col de Peyresourde (1569m).
Erran bezala, Peyresourdeko lepoan plantatu ginen Cap de la Pene de Soulit mendia igotzeko asmoz. Hara ailegatu eta ekialdeko aurpegia (normalean igotzen dena) erabat soilduta zegoela ikusi genuen. Mendebaldekoa ordea zuri-zuri. Hortaz, autoa utzi, gauzak prestatu eta goiti!
Peyresourdeko lepotik gailurrera, arista zabala igotzea bertzerik ez da egin behar. Guk aristaren mendebaldeko aurpegia hautatu genuen bai igo eta baita jaisteko ere, bertan baitzegoen elurra. Eta a zer nolako elurra!
Gibelean, Luchon inguruko mendiek eskaintzen dituzten aukera ugariak ikus daitezke. Mendi borobil eta goxoak eskirako. Bertze zerbait dira Luchongo 3000koak...
Bidean goiti egin ahala ikuspegia gero eta zabalagoa. Tartean Arbizon ikusgarria!
11:56 : Cap de la Pene Soulit (2031m).
Hala, nahikoa lasai igota ere, laister batean plantatu ginen gailurrean.
Gailurraren mendebaldean lehen aipatutako Arbizon mendia eta baita ezagunak ditudan Portarras eta Pichaley ere. Ze itxura zuen Pradako jaitsierak!
Tarte zabalean egon ginen eguraldiaz gozatzen...
Eta ondotik beheiti. Lehen metroak eskiak eskutan belarra zela eta, baina gero elur hauts goxoan. Mendebaldeko malda jaitsi genuen ia errepideraino, gero pixka bat igo eta berriz jaisteko. Primerakoa!
Luchongo bailara gailurretik.
13:30 : Col de Peyresourde (1569m).
Berriz autora bueltan, lepotik hurbil dagoen eski estazioraino mugitu ginen garagardo bat hartzeko asmoz.
Igotako mendiaren mendebaldeko aurpegia Peyresourde eta Peyragudeseko eski estazioa lotzen dituen bidetik. Ezkerreko lepotik gailurrerako bidea egin genuen guk, itzaletan dagoen malda ia beheraino jaitsi, berriz igo eta bigarren jaitsiera lepoan akituz.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina