EGUNA: 2016/06/08
IRTEERA: Col de Tentes (2208m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna : S3
DENBORAK:
- Igoera : 2 ordu eta erdi
- Jaitsiera : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiri ezagunetik hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino, hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gavarniera. Azken herri hau gurutzatu ondotik eski estaziora (Les Especieres) igoko gara eta hau ere atzean utzita errepidea bukatzen den lekuraino joanen gara: Col de Tentes (2208m).
Taillon lainoen artetik, Tenteseko lepotik |
DESKRIBAPENA:
Hasten den guziak amaiera omen du eta aurtengo Pirinioetako elurrarenak egin du, guretako bai behinik behin. Hasieran helburu handiagoak markatu arren, elurrak bere marra jarri digu azken ateraldi honetan eta marra horretaraino ahalik eta hobekien aprobetxatu dugu mendikate osoko lekurik ederrenetako batean.
6:52 : Col de Tentes (2208m).
Lepoan bertan pasa dugu gaua eta goiz jo du iratzargailuak. Hala ere, gaueko tenperatura epelek ez diote elurrari izozten utzi eta goiz ernatzeak ezer gutirako balio izan digu.
7:17 : Port de Boucharo (2270m).
Eskiak motxilan genituela egin ditugu Boucharo edo Bujarueloko leporainokoak. Hemendik metro gutira jantzi ahal izan ditugu ordea.
Horrela Taillonen ipar aurpegi ikusgarriaren azpiko zeharkaldi luzeari ekin diogu.
Zeharkaldi honetan jadanik elur biguinaren ondorioak sufritzen hasi gara.
Taillongo glaziarraren inguruan eguzkiak ez zuen jotzen oraindik eta lasaiago ibili gara.
8:37 : Col des Sarradets (2589m).
Sarradetseko lepora heltzean inoiz aspertzen ez duen ikuspegi ezagunak eman digu ongi etorria. Berez eguneko helburua zen Torre de Marbore mendia begibistan genuen.
Minutu gutxitan izen bereko aterpean ginen. Gure ezkerretara utzi eta goiti segitu dugu.
Aterpetik bertatik Breche de Rolandeko pasabide famatua ikusten da. Horra igoko ginen jarraian.
Breche de Roland azpiko maldetako elurra oso bigun zegoen goiz izan arren eta horrek zaildu egiten zuen ibiltzea.
Gendarmeriaren helikoptero batek pasatu gintuen gainetik.
Azken metroak Brechera heltzeko.
Benetan ikusgarria da, txiki sentiarazten zaitu bere ondoan.
Ikuspegi paregabea Breche ingurutik.
9:37 : Breche de Roland (2807m).
Behin Brechera helduta ez segitzea erabaki genuen, goiz izan arren elurra oso bigun baitzegoen eta gailurreraino ordubete baino gehiago baikeneukan. Beraz, goian gosaldu eta beherakoari ekin genion.
11:45 : Col de Tentes (2208m).
Elur bigunean uste baino gustorago eskiatu ondotik autoan ginen bueltan. Uda ate joka dugu, beraz ondoko denboraldirarte eskiarenak egin du.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina