2016/09/02

Anboto (1331m), Urkiolamendi (1009m)

EGUNA: 2016/09/02

IRTEERA: Urkiola (713m)

ZAILTASUNA: Erraza (F). Azken arista arriskutsua bilaka daiteke elurra edo euriarekin.

DENBORA: 2 ordu (Igoera)

NOLA IRITSI: Bizkaiko Durango herritik Gasteizera doan errepidea hartu behar dugu. Errepide honek Urkiolako mendate ezaguna zeharkatzen du. Mendatera ailegatzean, ezker biratu behar da Santutegiraino eta pixka bat aurrerago dagoen aparkalekuan utzi behar da autoa.

DESKRIBAPENA:
Euskal Herriko klasiko handienetariko bat da Anbotoko igoera. Mitologia eta kondairez betea, milaka mendizaleren joan-etorriak hartzen dituzte bertako ertz zuriek urtero. Aitzineko urtean bezala, Foruako barnetegiko taldearekin egindako igoera politaren kronikatxoa da hau.

9:54 : Urkiola (713m).
Urkiolako Santutegian utzi genituen autoak eta pistak goiti ekin genion igoera eder honi. Eguna primerakoa zetorren...


Pista zuhaitz tartetik doa baina momentu batzutan "leiho" batzuk zabaltzen dira basoan, Gorbeiak bere maldak erakusten zizkigun.


10:34 : Asuntze (870m).
Oihanaren bukaeran ikuspegia zabaltzen da. Mugarra eta Untzillatx mendiak ageri ziren bertze aldean.


10:51 : Pagozelaiko lepoa (970m).
Pista lepo honetan akitzen da eta ibilbidearen zatirik interesgarriena hasten da.


Hemendik aitzin goraka egin genuen atsedenik gabe.


Nahiz eta tarteka postureorako tartea hartu.


Baso zatiaren bukaeran Alluitzeko ertza ikusten hasi ginen, tontorra hurbil genuen jadanik.


11:17 : Agindiko lepoa (1227m).
Lepo honetatik aitzin hasten da zatirik ikusgarriena.


Erraz igotzen den ertz zatia da. Ez dauka konplikaziorik, baina harkaitz bustiarekin edo elurrarekin arras bertzelakoa izanen da.


11:25 : Anboto (1331m).
Horrela ailegatu ginen Euskal Herriko gailur ezagun honetara.


Nahiz eta goian haize piska bat ibili tarte zabala hartu genuen gailurraz gozatzeko.


Zabalaundiko lepoa gure oinetan...



Postureo pixka bat eta beherakoari ekin genion.


Pagozelaira itzultzean, goitikoan ibilitako pista hartu ordez ezkerretan ikusten den bidexkatik joan ginen Pol-Poleko iturri bereziraino. Bertan, "burdinazko" urari trago bat bota eta taldearen gehiengoak Urkiolamendi igotzea erabaki genuen.


13:23 : Urkiolamendi (1009m).
Misterio handirik gabeko gailurtxoa da Urkiolamendi edo Urkiolagirre, baina Alluitz-Anboto ertzaren ikuspegi bikaina eskaintzen digu. Bertze baterako aktibitate interesgarria dirudi.



Eguneko bigarrena taldearen zati batendako...


13:43 : Urkiola (713m).
Berriz Urkiolara bueltan, taldetik ihes egin eta txoko berezi honetara joan nintzen. Duela ia urtebete Ekaini omenalditxoa eskaini genion lekua da.



Zaude tokian zaudela ziur bazterrak harrotuko dituzula! Besarkada bat Ekain!