EGUNA: 2019/05/30-31
IRTEERA: Besurta (1898m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S3
- Alpinismo zailtasuna: PD. Rimayako korridoreak 50 gradu inguruko malda du punturen batean.
DENBORAK:
- Besurta - Refugio de la Renclusa : 40 minutu
- Refugio de la Renclusa - Maladeta : 3 ordu eta erdi
- Maladeta - Besurta : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu behar da Jaca aldera. Jacatik Sabiñanigora jo behar da eta herri hau gibelean utzita Ainsara doan errepidea hartuko dugu. Ainsatik Campora eta hemendik Benasquera. Benasquetik goiti Llanos del Hospitalera igo behar da eta elurturik ez badago Besurtaraino segitu behar da.
KRONIKA:
Honenbertzez eman ditu bereak eski denboraldiak eta aurtengoan Maladeta ingurua hautatu dugu azken eski ateraldia egiteko. Maladetako mendizerrako jaitsierarik onena izen bereko menditik Besurtaraino doana omen da eta hori aukeratu genuen aterpetxekoen gomendioak segituz. Ez zuen hutsik egin!
2019/05/30
18:17 : Besurta (1898m)
Lanetik atera eta Benasquerainoko bide luzea eginda gauzak prestatu eta Renclusako aterpetxe zaharrera igotzeari ekin genion uda giroko arratsalde ederrean.
Bideak ez du misteriorik eta 40 minutu inguruan egiten da. Gure kasuan eskiak bizkarrean eramanen genituen aterpetxeraino, ia elurrik ez baitzegoen hortik beheiti.
18:59 : Refugio de la Renclusa (2140m)
Paseotxoaren ondotik afalordurako puntuan ailegatu ginen aterpetxe klasiko honetara. Erreserba baieztatu eta mahaira. Aipatu afaria nahiko eskasa iruditu zitzaigula kantitateari dagokionez, logelak ordea erosoak eta beteta ez zegoenez lekua soberan izan genuen.
Ilunabarra Salvaguardia eta Mina mendietan...
2019/05/31
7:18 : Refugio de la Renclusa (2140m)
Gosaria goizeko seiretan ematen dute aterpetxean eta gauzak prestatuta zazpiak eta laurden inguruan hasi ginen mendia igotzen.
Aterpetxetik metro gutxira jantzi genituen eskiak eta Rimayako korridorearen azpiraino elur jarraia harrapatuko genuen.
Iparraldeko orientaziodun malda zabal eta jarraiak bikainak dira eskiatzeko, aitzinetik igo behar ordea...
Portillon Superior inguruan jende guziak Anetorako bidea hartzen zuen bitartean, gu Maladetako glaziarra kokatua dagoen txoko ikusgarrian barneratu ginen gailurra eta igo beharreko korridorea begibistan genituela.
Metroak irabazi ahala gure gibelean Frantziako lautadak agertzen hasiak ziren.
Azken metroak eskiekin Rimayako korridorera ailegatu aitzinetik...
Rimayako korridorearen azpian eskiak utzi eta kranpoi eta pioleten laguntzaz igotzeko prestatu ginen.
Arrastoa egina zegoen eta aparteko zailtasunik gabe igo genuen punturik maldatsuenean 50 bat graduko inklinazioa hartzen duen korridorea.
Azken metroak...
11:01 : Collado de la Rimaya (3222m)
Behin korridorea gaindituta hegoaldera Cregueñako laku inguruak bistaratu genituen.
Gu ezkerretara biratu eta gailurrera eramanen gintuen ertz errazetik igo ginen.
11:09 : Pico de la Maladeta (3308m)
Behin tontorrean Pirinioetako erregearen malda zuri eta zabalak bistaratu genituen. Maladetan baino aise jende gehiago ibilki zen Aneto inguruan ohikoa den bezala.
Tontorrean...
Gailurraz gozatu ondotik, korridorea kontu handiz jaitsi eta berriz eskietara bueltan ginen, jaitsiera bikainaz gozatzeko gogoarekin.
Eta ez zuen hutsik egin 1000 metroko elur malda zabaletatik egin genuen jaitsiera mundialak!
12:56 : Refugio de la Renclusa (2140m)
Aterpetxe ondoraino eskiatu genuen, segidan bertan utzitako gauzak bildu eta autorainokoari ekinen genion eskiak bizkarrean jarrita.
14:03 : Besurta (1898m)
Eta horrela akitu zen inguru honetan egin dudan lehen eski ateraldia. Etxetik urrun egonda ere, merezi duen lekua dudarik gabe.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina