2022/05/10

Peña Roya (2578m), Mandilar (2211m)

EGUNA: 2022/05/07

ABIAPUNTUA: Petrosos - Panticosako eski estazioa (1922m)

ZAILTASUNA: S2 igoerako bidetik jaitsita, guk eskiatutako kanaletik S4

DENBORAK:

  • Igoera: 2 ordu
  • Jaitsiera (Mandilarretik pasatuta): Ordu eta erdi

NOLA AILEGATU:

Iruñeatik Jakara joan eta hemendik Sabiñanigorako bidea segituko dugu. Sabiñanigotik Biescasera eta Tenako bailaran barneratuko gara. Portaleteko mendatean goiti igotzen den errepideari segituko diogu eskuinetara Hoz de Jaca herrira doan errepidetxoa hartu arte. Herri honetatik goiti Panticosako eski pistetara igotzen den pista hartuko dugu. Luzea da eta zati batzuetan ez da arras egoera onean, baina ibilgailu normalarekin igaten ahal da. 

ARRASTOA:

Powered by Wikiloc


KRONIKA:

Maiatzean sartuta mendi eskiko aukerak murriztu egiten dira eta Neouvielle, Maladeta eta Gavarnie inguruetara jotzen dugu denboraldia luzatu nahi dugunok. Hauez gain bada bertze mendizerra bat elurra luzaroan gordetzen duena eta bidetik aktu igateko aukera ematen duena: Tendeñerako mendizerra. Iaz Sabocos ezagunean eskitu ondotik, mendebalderago dauden malda zabalek atentzioa eman zidaten. Malda horien goitiko aldean dago Peña Roya, eskiz igateko bertze mendi apropos bat. Ahizpa nagusia baino errazagoa da teknikoki eta inguru eder honetaz gozatzeko aukera eskaintzen du.


8:16 : Petrosos - Panticosako eski estazioa (1922m)
Gau haizetsuaren ondotik, eguna nahiko lasai ernatu zen. Pirinioen ipar isurialdean hodei orografikoak zeuden bitartean, Tendeñerako mendizerra nahiko eguzkitsu genuen. Maiz gertatzen da hori ipar haizea dagoelarik...



Autotik abiatu eta metro gutira eskien gainean ginen neguko denboraldia makinekin zapaltzen diren pistei esker.


Goiti egin ahala, Sabocosen ekialdean Riperako zirkuko gailur ikusgarriak ere ikusten hasi ginen. Bertara Panticosa herritik abiatzen den pista batetik igaten ahal da.


Gure eguneko helburua ere fite ikusi ahal izan genuen parez pare, azpiko aldeko malda aski elurtuak zituela...


8:51 : Ibon de los Asnos (2055m)
Lakuaren bazterrean desagertzen dira eski pistak. Itzuleran eskuineko aldean ikusten den Mandilarreko kaskotxotik pasatuko ginen jaitsiera zuzenagoa egiteko.



Tarte batez Sabocos mendiko igoera segitu behar da...


Lehen malda tente baina motz bat gainditu genuen pistatik goiti...



...segidan Sabocoseko bidea utzi eta eskuinetara biratzeko, hego-mendebaldeko norabidean.


Malda eztietatik eginen genuen hemendik aitzinerakoa, Peña Roya eta jaitsiko genituen malda eta kanala parean genituela.


Ezkerretara Sabocosera igaten den mendebaldeko magala genuen. Joan den urtean ibili ginen inguru hartan eta egun honetan ere jende gehiena harat zihoan. Gu, berriz, kasik bakarrik...


Harresi horizontalez hetsitako zirkutxo honetako elur malda politak... Geologiaren magia!


Harkaitzezko harresiaren izkinaraino ailegatu behar da, urrunetik ikusten ez den kanal erraz bat bistaratu arte.


Kanalean ahalik eta gehien igan ginen eskiak zangoetan genituela. Kaskoa baino 60 metro beheitiago edo...


...azken zatian aunitz estutzen da ordea eta eskiak bizkarrean genituela atera ginen kanaletik.


Inguru ikusgarria!


10:22 : Peña Roya (2578m)
Metro eskas batzuk eta tontorrean ginen, bakar-bakarrik... Ez ginen sobera egonen goitian. Haize fina ibilki zen eta goitirakoan fitxatu genuen maldatik jaisten hasiko ginen nahiko fite.


Tenako bailara berde jadanik maiatzean, baina gailurretako elurrak ez du joan nahi.


Vignemale handia. Oroitzapen andana... Azkenak iaz buelta osoa eman genion harenak...


Kasik gailurretik hasi ginen eskiatzen, mendiaren ekialdeko malda tentetik. Ordu horretarako elurrak ederki goxatuak zituen bertako elurrak eta esposizioa eta malda dezentea izanda ere, ziurtasunez jaitsi genuen. Gero handik argazkian erdi altxatua ikusten den kanal horretara jaitsi ginen, bertatik igoerako bidera ailegatzeko.


11:45 : Ibon de los Asnos (2055m)
Berez lakura itzulita eski pistetatik autoraino segitzen ahal genuen, baina igoeran Mandilar mendiaren iparreko aldean jaitsiera polit bat fitxatu eta bertatik joatea erabaki genuen. Fokak berriz paratu eta eski pistetatik igan ginen Mandilarrera.


Gibelean igan berria genuen Peña Roya eta Peña Blanca.


12:05 : Mandilar / Punta Narronal (2211m)
Minutu gutian ginen kaskoan. Elurra izanez gero, merezi du igoeratxo hori egitea, gero jaitsiera arras ona baita. Iparraldeko magal leuna zain genuen.


12:25 : Petrosos - Panticosako eski estazioa (1922m)
Autotik 100 metroko distantziaraino ailegatu ginen eskiak zangoetan genituela. Luxu bat maiatzerako... Ea bertze ateraldiren bat edo bertze egiten ahal dugun, elurra bada eta.


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina