2022/05/17

Trois Conseillers (3039m)

EGUNA: 2022/05/13-14

ABIAPUNTUA: Vallee de la Glere (1676m)

ZAILTASUNA: S3
.
DENBORAK:
  • Vallee de la Glere - Refuge de la Glere : Ordu eta erdi
  • Refuge de la Glere - Pic des Trois Conseillers : 3 ordu eta erdi
  • Pic des Trois Conseillers - Vallee de la Glere : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik Gaveseko bailaran barneratuko gara Luz Saint Sauveur herri ezaguneraino. Hemendik Tourmalet mendateko errepidea hartuko dugu eta Bareges herria pasata, Tournaboupeko aprkalekura iritsi baino pixka bat lehenago, eskuinetara ateratzen den errepidetxo bat hartuko dugu Plateau de Lienz aldera. Lienzera ailegatzean, ostatu baten ondotik abiatzen den pista hartuko dugu. Pista honetatik Glereko bailaran barneratuko gara, 1676 metro inguruan autoa utzi arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Ez ohiko beroa ari du maitz honetan eta honenbertzez eskiari guti gelditzen zaio Pirinioetan. Asteburu honetan nire eski sehaska izan zen Glereko aterpean izan gara, Turon de Neouvielle eta Neouvielle eski klasikoen artean altxapean pasatzen den Trois Conseillers mendia igaten. Mendi bakartia da neguko baldintzak daudelarik, ezin baita gailurreraino eskiz ailegatu. Horrek originaltasuna eta lasaitasuna ematen dio, eta gainera Breche de Neouvielleko lepoaren azpian eguzkia mantso arte hartzen ez duten malda politak ditu.

2022/05/13
17:56 : Vallee de la Glere (1676m)
Oroitzapenak borborka hasten zaizkit Glere bailaran sartzen naizen aldioro. Etortzen zait nire lehen mendi eski eguna izan zen hura, etortzen zait Packeko paradisuan pasatutako asteburua edota Pic Longeko gandorrean iragandako zeharkaldi zirraragarria. Honakoa ere berezia izanen zen. Niretako hain gustuko dudan Neouvielleko sektoreko azken 3000ko gailur nagusia eta Lorearendako lehen 3000 metrotik goitiko gailurra eskiz.


Pixka bat porteatuta 1850 metro inguruan eskiak paratu ahal izan genituen, pistaren bazterrean zegoen elur lauso jarraian. Halere, pixka bat goitixeago berriz kendu beharko genituen zatitxo batean.


2000 metrotik goiti elur kantitatea handitzen zen eta pistatik kanpo maldetatik igan ahal izan ginen.


Pixka bat geroago aterpea bistaratu genuen...


19:18 : Refuge de la Glere (2153m)

Arimarik ez zebilen aterpe inguruan. Egun batzuk lehenago hetsi zuten eta parte librea zegoen irekita.



Hori bai, parte libra hori bikaina da Gleren. Jantoki zabala egurrezko estufa eta guzi, eta goitian bi gela irekita 10 bat lagunendako lekuarekin.


Tenperatura goxoa lagun, kanpoan afaldu genuen eta ilunabar ederrari begira egon ginen. Etxean gaudelarik gozatzen ez ditugun gauzak estimatzen dira horrelakoetan. Ez dago horrelako telebista kanalik!


Arratsaldeko hodeiak uxatu ziren eguneko azken eguzki izpiekin batera eta biharamuneko helburu zen Trois Conseillers ikusi eta aztertu ahal izan genuen.


Protagonismorik handiena Neouvielle handiak du halere. Tente altxatzen da bertze guzien gainetik...


2022/05/14

6:41 : Refuge de la Glere (2153m)

Bortz eta erdietan ernatu ginen eta gauzak prestatuta goiti abiatu. Gau garbiak elurrari pixka bat gogortzen lagundu zion eta goiti igateko baldintzak aski onak ziren.


Turon de Neouvielle aldera doan bidea segitu genuen aterpea utzi eta bizkarez bizkar. Packe aterperako bidea desbideratzen den inguruan, ordea, iparraldera doan bidea utzi eta ezkerretara biratzen hasi ginen Neouvielle mendia erreferentzia gisa hartuta. Bide hau egiten dute Gleretik mendi honetara doazenek eta hortaz arrasto ugari genituen galbiderik gabe segitzeko.


7:31 : Lac det Mail (2332m)

Laku zabal hau eskuinetara utzi genuen. Turonera doan bidea ere argazkiko magal leunetatik pasatzen da.


Metro batzuk galdu eta Espadeko gandorren azpiko zirku hetsian barneratu ginen. Bailaratxo honetatik segituko genuen goiti harresi baten azira ailegatu arte.


Aipatu harresia eskuinetara jota inguratzen da. Gibelean ikusten den lepotik joanen ginateke Neouvielle aldera.


Guk Neouvielleko bidea utzi eta eskuinetara egin genuen, izen bereko arrakala ezagunaren bila.


Puntu horretatik Trois Conseillerseko gailurrak nahiko hurbil ikusten ziren. Gu ezkerreko ertzetik altuena den ezkerreko gailurrera iganen ginen.


Maniporteteko lakuak kokatuak dauden lautadatxo zabal hau zeharkatu beharko genuen leporako azen maldari ekin aitzinetik. Garai batean inguru honetan jadanik desagertata dagoen Maniporteteko glaziarra zegoen.


Leporako azken malda pixka bat tentetzen da, baina elurra ez zegoen sobera gogorra eta kutxilak paratu gabe gainditu ahal izan genuen. Ezkerrean ikusten den lepoa genuen helburu.


Azken metroak lepora ailegatzeko...



9:16 : Breche de Neouvielle (2926m)
Neouvielle mendira igaten den Trois Conseillers ertz ezaguna bertatik hasten delako da ezagun lepotxo hau. Leku ikusgarria da neguan eta inor ere ez zebilen inguruan. Trois Conseillersera ez da jende aunitz hurbiltzen eskiekin eta zorionez bakarrik izanen ginen egun horretan.


Zorionez eta zoritxarrez... izan ere, ertzeko elur guri eta ustelduan arrasto sakna ireki behar izan genuen gailurrerako bidean.


Ertza nahiko zabala da punturen bat kenduta. Elur gogorra harrapatuz gero esposizio pixka bat izan dezake zatiren batean, baina oro har erraza da.


10:00 : Pic des Trois Conseillers (3039m)

Hiru ordu eta erdi inguru pasatu genituen gailurrera ailegatzeko. Esfortzuak bere saria izan zuen eta 3000ko polit hau guretako genuen oso-osorik... 

Niretako gailur berezia zen, honekin Neouvielleko sektoreko 3000ko nagusi guziak igan bainituen. Gainera, tontor honetatik sektore guziak ikusteko aukera dago.

Tartean, Neouvielle (2010ean, 2014an eta 2017an igana) eta Ramougn (2021ean)...


Estaragne (2013an),  Campbieil (2017an), Maou, Badet, Long eta Estibere Male (2020an) eta Bugarret eta Crabounouse (2017an).


Pic Long ikusgarriaren gibelean Gavarnieko mendiak ere ageriz ziren...


Eta nola ez Turon de Neouvielle, eskiz igan nuen lehen mendia izan zen 2010ean. Mendi berezia niretako... Gerora 2017an ere izan nintzen bertan.


Glereko aterpea tokitan ikusten zen...


Egonaldi luzea egin genuen goian, tenperatura eta ingurua lagun. Ondotik ertz elurtutik eskietara itzuli eta jaitsierari ekinen genion.



Jaitsieran goitiko partean elur ona harrapatu genuen, baina metroak jaitsi ahala, gero eta pisuago zegoen. Goiz abiatu ginen, bai, baina gailurreko egonaldia luzeegia izan zen eta beranduegi hasi ginen jaisten.


Jaitsiera zuzenean iparraldera eginen genuen, berriz Lac det Mail lakutik pasatu gabe. Horrela, Maniportet, Verts, Mourele eta Mounicoteko lakuak inguratu genituen. Laku aunitz jaitsiera ona izateko? Bada, nahiko ona da egia erran eta elur onarekin makilak ez lirateke kasik erabili ere egin beharko bulkatzeko.



12:08 : Lac de la Glere (2103m)

Glereko lakuan akitu genuen jaitsiera. Hortil metro batzuk igan beharko genituen aterpera itzultzeko, bertan utziak baikenituen zenbait gauza.


Lakua iparraldeko aldetik inguratu genuen...


12:33 : Refuge de la Glere (2153m)

..eta beti gogorra egiten den maldatxo motzetik berriz ere aterpean ginen.


 
14:08 : Vallee de la Glere (1676m)
Aterpetik gauzak bildu, kanpoko terrazan bazkaldu eta autorainoko bidea egin genuen. Denboraldiko azkena ote? Ikusiko dugu...


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina