EGUNA: 2023/06/23-25
ABIAPUNTUA: La Raillere (1050m)
ZAILTASUNA: Ertaina (AD-). Zailtasun nagusia Petit Vignemale eta Pointe Chausenque arteko gandorrean daude, zehazki Petit Vignemaletik Glaciers leporainoko jaitsieran. III+ graduko bi tximinia jaitsi behar dira bertan eta soka eramatea komeni da.
DENBORAK:
- La Raillere - Refuge des Oulettes de Gaube : 4 ordu
- Refuge des Oulettes de Gaube - Petit Vignemale : 3 ordu
- Petit Vignemale - Vignemale (gandorra) : 2 ordu eta erdi
- Vignemale - Montferrat (gandorra) : 2 ordu eta erdi
- Montferrat - Refuge de Baysellance : Ordu eta erdi
- Refuge de Baysellance - Refuge d'Estom : 4 ordu
- Refuge d'Estom - La Raillere : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Bertan Cauterets aldera bideratuko gaituzten seinaleei kasu eginen diegu. Pierrefite-Nestalas herritik goiti ailegatuko gara Cauteretsera. Behin bertaratuta, herria zeharkatu eta Pont d'Espagnera igatren den errepidea hartuko dugu. Bertatik segitu behar da Raillereko aparkalekura ailegatu arte.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Bizitzan bezala, mendian ere gero eta gehiagotan ibiltzen gara lasterka, presaka. Azken aldian modan jarri dira mendiko lasterketak eta inguruaren edertasunak lehiari utzi dio lekua. Honakoan guziz bertze gisara ibili gara Vignemalen gu. Lasai, denbora eskainiz mendiari eta zirrikitu bakoitzaz disfrutatuz. XIX. mende akabailan Russell kondeak bertan ematen zituen egunak eta gauak, eta guk ere gailurrean eman dugu gau bat Ossoueko glaziarra inguratzen duten kasko guziak igan bidenabar. Hori guti balitz, Gaube eta Lutour bailarak osorik zeharkatu ditugu. Ezin gehiago eskatu!
2023/06/23
12:47 : La Raillere (1050m)
GR10aren markei segituz abiatu ginen autotik goiti.
17:23 : Refuge des Oulettes de Gaube (2151m)
Aterpe honetan bai izana nintzen, baina bailaratik goiti igaten lehen aldia nuen majo gidatuta ailegatu nintzen lehen etaparen akabailara.2023/06/24
8:25 : Refuge des Oulettes de Gaube (2151m)
Ilunabarraren gisa, egunsentia ere polita izan zen Vignemaleko mendigunearen azpian.10:01 : Hourquette d'Ossoue (2734m)
Lepoan atsedenaldi ttipia goiti segitu aitzin...10:53 : Petit Vignemale (3032m)
Aurreikusitako denboran ailegatu ginen eguneko lehen gailurrera. Bigarren aldia nuen mendiguneko 3000korik apalena den honetan. Argazkian Pointe Chausenque mendira ailegatzeko igan behar den pareta ere ikusten da, benetan zirraragarria.12:43 : Col des Glaciers (2990m)
Azken tximinia gandorraren punturik apalenean utzi gintuen. Hortik Chausenque igaten hasi baino lehen 30 bat metroko zati estu bat zeharkatu behar da bavaresa estiloan (zangoak iparraldera kokatuz eta eskuekin gandorrari helduz).13:30 : Epaule Chausenque (3154m)
Minutu gutxian ailegatu ginen eguneko bigarren gailurrera, hau bigarren mailakoa.13:41 : Pionte Chausenque (3204m)
Eta bertze minutu batzuetan hirugarrenean ginen. Bertan geldialdia eginen genuen bazkaltzeko.Pointe Chausenque eta Piton Carre arteko leporako jaitsiera arras deserosoa da. Harkaitzak ez du batera segurtasunik ematen.
15:53 : Vignemale (3298m)
...eta Vignemale handian ginen. 2009 eta 2016koen ondotik, hirugarren aldia nuen Pirinioetako erraldoi honetan.7:30 : Vignemale (3298m)
Gau bikaina izan genuen lagun gure habian. Bortzetatik goiti ostertza argitzen hasi zen eta mantso-mantso kolore politek margotu zituzten inguruko mendiak.
Lehen izpi gorrixkak Argualas, Garmo eta Picos del Infierno mendietan...
Gran Facha, Balaitus, Midi d'Ossau...
Gosaldu, gauzak bildu eta zazpi eta erdietan paratu ginen martxan.
Kaskotik abiatuta, hasi orduko gandorrean genbiltzan. Lehen zatia Clot de la Hount mendirainokoa zen. Harri eskasa aurkituko genuen zati honetan, baina zailtasun handirik ez du.
Irudiko elur-lausoa arrastotik gainditu...
Gailurretik Wallon aterpea kokatua dagoen bailara parez pare ikusten genuen. Urrunago Gabizos eta Grand Barbateko mendiguneak ere ageri ziren...
Argualas, Garmo Negro eta Infiernos hurbilago...
...eta Balaitus inguruak, elur aunitzekin oraindik.
Clot de la Hount utzi eta ondoko gailurrera abiatu ginen. Cerbillona mendia parean genuen, baina aitzinetik izen bereko lepora jaisteko ertza genuen zain. Momenturen batean estutzen da, baina oinez jaisteko modukoa da.
8:16 : Col de Cerbillona (3195m)
7:56 : Clot de la Hount (3289m)
...eta eguneko lehen kaskoan ginen. Beno, bigarrenean Vignemalen lo egin genuela kontuan izanda.Lepotik Ossoueko glaziarrerako ikuspegia ederra da. Ezkerrean bezperan igandako Piton Carre eta Pointe Chausenque genituen, eta eskuinean Vignemaleko koroa hesten duen Montferrat. Bertara gindoazen.
8:33 : Cerbillona (3247m)
Metro eskas batzuk igan eta hurrengo kaskora ailegatu ginen: Cerbillona mendira.
Kasik gelditu gabe egin genuen aitzinera.
Tendeñerako mendizerra Cerbillonatik...
8:39 : Col Lady Lister (3200m)
Central mendira ailegatzeko lepo honetatik pasatuko ginen. Bertara heltzen da Arako bailaratik goiti datorren Moskowa bidea ere, mendigune honetara ailegatzeko bertze bide bat.
Ara bailara gure zangopean...
8:45 : Pic Central (3235m)
Aitzineko kaskoaren gisa, malda erraz batetik ailegatu ginen Central mendira ere. Parean genituen Clot de la Hount eta Vignemale.
Horrenbestez, Vignemaleko glaziarraren inguruko gailur guzien zeharkaldia osatzeko, Montferrat mendia bertzerik ez zitzaigun falta. Bertara ailegatzeko marmolezko gandor dotorea zeharkatu behar da. Erraza da teknikoki, baina zati batzuetan estua eta ikusgarria ere bai.
Eskuinetara Ara bailarara erortzen den marmolezko pareta zirraragarria du.
Tarteka irtenguneren bat izan arren, gehienean oinez zeharkatzen ahal den gandorra da.
9:23 : Montferrat (3219m)
Haize bolada fresko batzuk astintzen gintuztela zapaldu genuen Vignemaleko koroako azken kaskoa. Niretako mendigune honetako 3000ko gailur nagusi guziak igatea ere izan zen.
Ez zen egote handirik kaskoan eta fite abiatu ginen beheiti. Horretarako, glaziarrera jaitsi ginen.
Kranpoiak paratu eta beheiti... Gure ezkerretara bezperan zeharkatutako Glaciers lepo utzi genuen.
Glaziarraren beheitiko puntuan materiala bildu eta Baysellancera igaten den bidea hartu genuen.
Ossoueko urtegia gure eskuinetara ageri zen, kolore politarekin.
Ossoueko glaziarrari azken begiratua... 2009an izan nintzen lehen aldiz bertan eta ikaragarria da 14 urte hauetan glaziarrak izan duen jaitsiera. Bertze 14 urte barru ez dela glaziarrik egonen iruditzen zait.
Baysellanceko aterpera ailegatzeko 100 metro pasako malda gainditu behar da.
Beraz aterpea utzi eta Hourquette d'Ossoue aldera jo genuen.
Lepoa begien bistan...
11:39 : Hourquette d'Ossoue (2734m)
11:03 : Refuge de Baysellance (2651m)
Aterpean geldialdia egin genuen ura hartzeko eta bide batez zaindariari Labaseko lepoari buruz galde egin genion. Berez asmoa hortik pasatzea zen, Lutour bailaratik jaisteko beheiti. Zaindariak, ordea, leporaino igateko bidea arriskutsu zegoela aipatu zigun eta Arrailleko lepotik pasatzea gomendatu.
Di-da batean berriz ere lepoanbezperan zeharkatutako lepoan ginen.
Handik beheiti Gaubeko bailaran barneratzen den bidea jaisten hasi ginen.
Vignemaleko ipar ikusgarria berriz ere ikusgai...
Arrailleko lakuetaraino jaitsi ginen GRtik. 2435 metro inguruan dauden laku hauetan eskuinetara Arrailleko lepora igaten den bidexka hartu genuen.
Inguru harritsutik laster izanen ginen Arrailleko lepoan.
12:32 : Col d'Arraille (2583m)
Horrenbestez, zeharkaldiko azken lepoa harrapatu genuen. Bertatik autoraino dena malda beheiti izanen genuen.
Lepoa utzi, bertze zati harritsu eta pisu bat zeharkatu eta Lutour bailaran sartu ginen.
Beheiti egin ahala Estomeko lakua ikusten hasi ginen. Haren ertzean dagoen aterpean atsedenaldia hartuko genuen...
13:55 : Refuge d'Estom (1804m)
Bailara polita da Lutourrekoa eta Estomeko aterpea leku zoragarrian kokatua dago. Izen bereko lakuaren bazterrean dituen mahaietan zaindariak prestatutako tortilla gozoarekin indarberritu ginen.
Lakua eta goian Labas eta Sede mendiak...
Bazkari ederrak berpiztuta aterpea utzi eta bailaran beheiti egin genuen.
Postaletako lekuan kokatua dago aterpea. Ez da arras ezaguna, inguruan ez baitu mendi famaturik.
Lehen aldia nuen bailara honetan eta behin eta berriz argazkiak egiteko geldialdiak egin behar izan nituen.
Pouey Caut etxola xelebrea eskuinetara utzi genuen. Western batetik ateratakoa dirudi.
Erditik doan errekatxoa, pinuak, tartekatutako belardiak eta urrunean mendi elurtuak...
Aterpetik beheiti jende aunitz aurkitu genuen, ez naiz harritzen ingurua benetan ederra baita.
Harana etzana da, baina nahiko luzea. Bizi jaitsi ginen eta hala ere pixka bat kostatu zitzaigun beheiti ailegatzea. Hirugarren eguna izanda pilatuta genuen nekeak ere izanen zuen eragina.
Agur Lutour!
15:56 : La Fruitiere (1374m)
Aterpetik abiatu eta ordubete inguruan Fruitiereko aparkalekuan ginen. Guk, ordea, autoa beheitago genuen, Raillerekoan. Fruitieretik errepide eta errekaren paralelo jaisten den bidexka segituko genuen bertara ailegatzeko.
Bidea azpiko zatian baso trinko batean sartzen da eta zeta batzuk marraztuta altuera lasterrago jaisten hasten da.
Lutourreko ur-jauziaren ondotik pasatu eta metro gutira aparkalekura ailegatuko ginen.
16:35 : La Raillere (1050m)
Nekatuta baina kontent ailegatu ginen autora, Vignemaleko mendiguneari harroaldi ederra eman eta bidenabar gure omenaldi xumea eskainiz. Bertako gailur nagusi guziak zapalduta ere, behin eta berriz itzuli beharreko mendigunea da.
BIDEOA:
Bravo! Soberbia actividad! Muy chulo el vivac con la arista completa. Yo lo tengo hecho por partes...Cuando vivaqueé en el Vignemale hace unos años, subí por donde bajasteis. Pase por el collado de Labás. Es un corto tramo pero aéreo que exige ir con atención, pero en subida y para vosotros es "pan comido", aunque es más cómodo dar el rodeo que os recomendó el guarda de Bayselance.
ErantzunEzabatuhttps://davidmalabarista.blogspot.com/2019/09/vivac-en-el-vignemale-y-pic-de-labas.html
Nosotros también teníamos la intención de pasar por ahí, pero el guarda de Baysellance nos dijo que estaba mal por las lluvias. Y por sí acaso le hicimos caso...
Ezabatu