Ttipitan Iñurrategi anaien mendi igoerekin gozatzen genuen. Himalaiatik ailegatzen zitzaizkigun telebistako irudiei begira zozotuta gelditzen ginen eta gogoan dut Felix eta Albertoren Gure Himalaya liburua ere erosi genuela. Orrialde zabal haietan yaken karabanak, zintzilikatutako glaziarrez jositako menditzarrak eta sherpen begirada zailduak ageri ziren, bertzeak bertze. Gure buruari galdetzen genion ea noizbait inguru haiek bisitatuko ote genituen. Eta aurten ailegatu da momentu hori. Pandemiaren garaitik gibelatuz joan garen zeharkaldiak ermandakoaren kronika da honako hau.
|
Katmandu |
ANTOLAKETA
Garaia eta eguraldia:
Nepalgo Himalaian ez dira Euskal Herriko urtaro berak. Hori dela eta, hara joateko garairik onenak hemengo udazkena (urria eta azaroa) eta udaberria (apirila eta maiatza) dira. Gu apirilean izan gara eta eguraldi aldetik ez dugu inolako aitzakiarik izan. Egunero oskarbi argitzen zuen eta egunak aitzinera egin ahala hodei batzuk agertzen ziren, baina ezer guti. Hala ere, zorte handia izan dugu gu egon eta astebete beranduago eguraldia aunitz okertu baitzen. Hotzari dagokionez, uste baino hotz gutiago pasatu dugu, 5500 metroraino igan garela kontuan izanda. Egunez eguzkitan nahiko goxo egoten zen eta gauez bai tenperatura aunitz jaisten da.
Ibilbidea:
Nepalera joateko plana atera zelarik, zein inguru bisitatu erabaki behar izan genuen. Argazkiak-eta ikusita, Everesteko ingurua da ikusgarriena iruditu zitzaiguna eta horregatik erabaki genuen hara joatea. Agian bertze inguruak lasaiagoak eta bereziagoak izanen dira, baina argi genuen hara joanda mendien edertasun eta handitasuna bizitu nahi genuela. Horretarako leku bikaina da Everesteko parke nazioanala. Eta gezurra badirudi ere ikusgarrienak ez dira 8000 metrotik goitiko menditzarra. Ama Dablam, Arakam Tse, Thamserku edo Pumori bezalako mendi apalagoek zur eta lur utziko zaituzte, ttipi sentiaraziko.
Behin ingurua hautatuta ibilbidea pentsatu beharra zegoen. Bertara hurbiltzen den jende gehienak Everesteko oinarrizko kanpalekurako bidea egiten du, joan-etorria. Egun gutiago dira, baina jende gehien ibiltzen den lekua da eta joan-etorria bide beretik egiten da. Sarean pixka bat arakatuz, Hiru Lepoen Bidea deitzen dena deskubritu genuen. Izen hori du hiru lepo zeharkatzen dituelako. Bide honek Sagarmathako parke nazionaleko lau bailarak ezagutzeko aukera ematen du eta lehen bi egunetan izan ezik, zirkularra da. Erreportaje honetan dena den, ez da Hiru Lepoen Bidea osoki deskribatzen. Taldekide batek izandako altuera gaitzak eraginda, nik Cho La lepoa (erdikoa) ez nuen pasatu eta bide pixka bat ezberdina egin nuen. Hala ere, lau bailarak zeharkatu ahal izan nituen eta horregatik paratu diot izen hori erreportajeari.
Zailtasuna eta altuera:
Altuera gaitza? Nola emanen digu ba guri hori? Bada bai! Ibilbideak teknikoki ez du zailtasunik eta distantziak ere aski motzak dira, etapak lasai hartzeko aukera ematen du. Hala ere, bada faktore bat bide honi gogortasuna ematen diona: altuera. 5500 metroraino ailegatuko gara, baina arazoa ez da altuera horretan sortu beharrik. Gutako batek altuera gaitz larria jasan zuen 3800 metroan eta gainerako guziek sintomak izan genituen: sabelako ondoeza, buruko mina, lorik egin ezina, antsietatea... Ez da brometan hartu beharreko gauza eta ez da arnasa gehiago goratzen dela bakarrik. Hori ere bai, doike!
Eta nola saihestu hau? Ez naiz aditua, baina zerbait ikasi dugula erraten ahal da. Bi neurri nabarmenduko nituzke nik: mantso ibili eta ur aunitz edan. Mantso ibiltzeak erran nahi duena da arras arras arras mantso ibiltzea, gehienbat altuera irabazten ari bagara. Azoka batean postuak begiratzean eramaten den erritmoa eramatea, alegia. Eta urari dagokionez, edan, edan eta edan. Egarririk gabe edan behar da, behin eta berriz. Tenperatura hotzarengatik, zaila izaten da ura edatea eta infusio eta gisakoek aunitz errazten dute. Ah, eta eraman ura
Jan eta lo:
Zeharkaldiko ostatu eta otorduak antolatzea zen hasmentatik genuen bertze kezka. Bi aukera genituen: gure kontu joan deus hartu gabe edo agentzia batekin kontaktua egin. Guk argi genuen nahiago genuela gure kasa egin, gida eta halakorik gabe; baina joan eta lekurik ez izateak kezkatzen gintuen. Hortaz, azkenean Dream Carrier Nepalgo agentziaren bidea hartu genituen lo leku eta bertzelakoak: Katmanduko hotelean hiru gau, zeharkaldiko aterpe eta otordu guziak, Luklarako hegazkinaren joan-etorria, zamalariak... Gainera, agentzia honek gidarik gabe egiten utzi zigun. Ezin aipatu gabe utzi, arazoak izan genituelarik (gehienbat kide baten altuera gaitza) agentziako Pasangek eman zigun laguntza. Egoera zaila bizitzea tokatu zitzaigun eta bera han egon zen dena errazago egiteko. Hortaz, erabat gomendagarria da agentzia hau. Esker mila Pasang!
Denbora aunitz izanez gero, agentziarik gabe ere aise egiten ahal da, baina ez genuen arriskatu nahi. Erran behar da, lekua arras jendetsua bada ere, lodge aunitz daudela eta nire ustez ez genuke arazorik izanen etapa guzietan lekua lortzeko (aitzinetik erreserbatu gabe). Gure egon ginen garaian beteta zeuden herrixka bakarrak Lobuche eta Gorak Shep ziren. Horietan bai komeni da aitzinetik lekua hartzea.
KRONIKA
1. ETAPA: LUKLA - PHAKDING (2023/04/04)
Katmandu goizaldeko ezohiko isiltasunean utzi dugu gibelean. 100 metroko zuzengunerik ere ez zuen bide eroak lau orduz Mathanlin utzi gaitu. Bitartean mantso-mantso aergitzen joan den egunak Nepalgo mendialdeko parajeak erakutsi dizkigu. "Hemen hirian baino aise hobeki bizi dira" iruzkindu du baten batek eta gurean ere gauza bertsua pasatzen dela ondorioztatu dugu. Ramechhapeko aireportura ailegatu gara tripak osorik genituela. Bertan ohikoa den atzerapena zuten Luklarako hegaldiek, baina uste baino motzaga egin zaigu egonaldia.
Nekez ulertzen ahal da Khumbukio bailarako zeharkaldi bat Luklarako hegaldia gabe. Hegazkin zaharkituari harroaldi batzuk eman dizkiote aire korronteek eta eskuak izerditan genituela zapaldu dugu aireportua.
Bertatik hasi dugu zeharkaldia ofizialki. Phakding herrirainoko etapa motza ibilbidearen hitzaurre gisakoa da. Mendi altuenak lainoek altxatu dizkigute, baina bidea polita izan da herrixka eta basoen artetik. Euripean akitu dugu Himalaia memendikaterarekin izandako lehen kontaktu hau. Ea biharkoak zer dioen!
|
Ramechhpeko aireportuan |
|
Banderatxoak Luklan |
|
Hasteko prest |
|
Chaurikharka zeharkatzen |
|
Chaurikharka |
|
Lehen zubia |
|
Robin Hood |
|
Eta horko hori ez al da ikurrina? |
|
Euripean arratsaldean |
|
Kolore besta bailararen azpiko partean |
|
Phakdingera ailegatzen |
|
Zubi tipikoak |
2. ETAPA: PHAKDING - NAMCHE BAZAR (2023/04/05)
Azkenak atera gara Phakdingetik.
Eguraldi bikaina lagun, altuera handirik irabazi gabe egin dugu
etaparen lehendabiziko zatia. Atzokoaren ildo beretik, herrixka polit eta zainduak, zubi zintzilikatu, tenplu koloretsu eta yak taldeekin
tartekatzen ziren...
Ningma zamalaria Monjo herriko sarreran
genuen esperoan hamaiketakoa hartu dugun lodgea
erakusteko. 20 urteko sherpa gazteari fideltasuna irakurtzen zaio
begiradan; bera da hiru zamalarietatik gurekin kontaktua duena eta
zenbait momentutan laguntzen diguna.
Hamaiketakoak
ez dit onik egin eta arratsaldea tripetatik nahiko gaizki pasatu dut.
Etaparen bigarren zati honetan eguneko altuera guzia irabazi dugu,
Tenzing-Hillary zubi ezagunetik Namche Bazar herrian 3400 metroko
langa gainditu arte. Bi eguneko ibilbideak sherpen hiriburuan utzi
gaitu eta harritu egin gara bertako bizia ikustean. Zerbitzu aunitz
dago eta jendea ere ausarki. Bihar aklimatatze eguna izanen dugu eta
beraz bigarren gaua eginen dugu herri honetan.
|
Zaindari |
|
Phakdingen bertze zatia
|
|
Phakding |
|
Aska naturala
|
|
Mendi kaskoak agertzen hasi dira
|
|
Monjo herria eta Khumbila mendi sakratua gibelean
|
|
Zubi gehiago
|
|
Zeharkatzen |
|
Tenzing-Hillary zubia, famatuena
|
|
Namche Bazar, ongi etorri sherpen hiriburura
|
|
Arropa garbitzen
|
|
Namche la nuit
|
3. ETAPA: NAMCHE BAZAR - NAMCHE BAZAR (2023/04/06)
Hirugarren eguna misterio handirik gabea izanen zela uste genuen, berez gure gorputzak altuerara egokitzeko erabiliko genuelako. Alabaina ikaragarri gustatu zaigu eta gozatu ederra hartu dugu.
Namche
Bazarren pasatu dugu gaua eta presa handirik gabe mugitu gara. 3400
metrotik 3800 metrora igatea izan da plana, berriz bueltan Namchera
itzultzeko. Herria eskaileraz eskailera azpian utzi eta iparraldera
gelditzen den bizkarra harrapatu dugu. Bertan dago kokatua
Syangbocheko aireportua. Berezia da arras, zorua lurrezkoa du eta
hegazkin ttipiak edo helikopteroak hartzen ditu. Metro batzuk gehiago
irabazita, lehen aldiz ikusi ditugu Ama Dablam ikusgarria eta Everest
erregea. Momentu hunkigarria izan da argazki eta bideoetan ikusitako
mendi hauek gure begien aitzinean izatea.
Laster
ailegatu gara Khunde herrixkara ere. 3840 metrora kokatutako herria
zinez polita iruditu zaigu. Zaindua. Karriketan bakea sumatzen zen.
Gu bizi garen erritmotik urrun bizi dira. Khundetik Khumjung herrira
joan gara. Biak magal bertikal bateko lautadatxoan kokatuak daude,
elkarrengandik hurbil. Bazkaldu eta jaitsiera Everest View hotela
kokatua dagoen bizkarretik egin dugu, Thamserku ikusgarriaren
begiradapean. Erran bezala, egun ederra izan da, bidaia oso bat
justifikatzeko modukoa.
|
Goiz zoragarria Namche Bazarren
|
|
Namchetik goitiko maldan, goitian Kongde Ri (6187m)
|
|
Thamserku (6623m)
|
|
Syangbocheko aireportua
|
|
Ama Dablam (6814m), lehen aldiz
|
|
Khunderako bide erosoa
|
|
Khunde herria (3840m), Khumbila mendiaren (5761m) azpian
|
|
Yaka parajeaz gozatzen
|
|
Khunden sartzen
|
|
Herri eta leku zoragarriak
|
|
Dendari gazteak
|
|
Thamserku ikusgarria
|
|
Postala |
|
Khumjung herria agurtzen
|
|
Everest View hoteletik Namche aldera
|
|
Namche Bazar gainetik ikusita
|
4. ETAPA: NAMCHE BAZAR - TENGBOCHE (2023/04/07)
Bi gau pasatuta, Namche Bazar agurtu eta goiti begira paratu gara. Namche nolabait gure oinarrizko kanpalekua izan dela erraten ahal da eta bertako “erosotasunak” tristura pixka batekin utzi ditugu. Bide zabaletik egin dugu lehen zatia eta lehen hiru egunetan baino aise jende gehiago harrapatu dugu bidean. Kenjoma eta Tesing herrixkak zeharkatuta, errekaraino jaisten da bidea eta bertan kokatua dagoen Phunki Tengan bazkaldu dugu.
Arratsalderako
Tengbocheko monastegira (3860m) igaten den malda tentea genuen zain,
600 metroko desnibela guzira. Trankil hartu dugu, altuera fiteegi ez
hartzea gomendatzen baita gorputza ongi egokitzeko. Bi ordu inguruko
igoeraren ondotik monastegiaren ondoan dagoen Trekkers Lodgen hartu
dugu ostatu. Arratsaldean pixka bat gehiago igan eta 4000 metroraino
ailegatu gara, lo egin behar den altuera baino 150 bat metro
gehiagora igatea gomendatzen baita. 4000 metroko marra lehen aldiz
gainditu duten Lorea, Naxara eta Kunkuri zeremonia ttipi bat egin
diegu Kangtega tentearen magalean eta afalordurako berriz aterpera
itzuli gara.
|
Hasi dira erregeak agertzen: Everest (8848m) eta Lhotse (8516m)
|
|
Eta nola ez Ama Dablam. ederretan ederrena
|
|
Magalaren zeharkaldia
|
|
Ama Dablam
|
|
Erreka zulora jaitsi behar dugu, han dago Phunki Tenga
|
|
Zubia zeharkatu eta berriz goiti
|
|
Bazkaltzen |
|
600 metroko desnibela Tengbocheraino
|
|
Tengbocheko monastegia (3867m)
|
|
Laugarren etaparen akabaila
|
|
Tengboche |
5. ETAPA : TENGBOCHE - DINGBOCHE (2023/04/08)
Egun gogorra izan da gaurkoa. Loreak azken bi egunetan eztul itsusia zuen eta bart arras baxu saturatzen hasi zen. Gauean atsedenarekin hobera eginen zuen esperantza bagenuen, baina ez da hala izan. Gau luzea izan da, sukarrak jota, eztularekin eta saturazio arras apalarekin. Goizean erabakirik zailena hartu beharrean izan gara: beheiti jaistea. Helikopteroa hartu eta Katmanduko ospitalera eraman dute altuera gaitza sendatzera.
Gainerakoak animoz arras apal gelditu gara. Azken hilabeteetako ilusio eta prestakuntza guziak bat-batean hautsi izanaren sentsazioa izan dut eta egun osoa gorputz eta buru zigortuari buelta ezin emanez aritu naiz.
Aitzinera egin dugu halere, ezinbertzean edo. Tengboche utzi eta mantso abiatu gara beheraka egiten zuen bidean. Deboche herrixka zeharkatu eta zintzilikatutako zubi bat gurutzatuta bidea berriz igaten hasi da. Zerua estali samar egon da egunaren zatirik handienean, gure animoak bezala. Lorearen aferak emandako irakaspenari kasu egin eta atzineko egunetako erritmo lasaia are gehiago mantsotu dugu, ttipiiiiiii-ttappaaaaaa pausu bakoitzaren artean denbora utziz. Pangbochetik Shomarera joan gara eta hemendik Dingbochera. Ailegatu aitzi gaur ere 4500 metroraino igan gara magal batetik, Taboche eta Cholatse ikusgarriak parean genituela.
Dingbochen jendea ausarki eta instalazioak ere aitzineko egunetakoak baino kaskarragoak. Nabari da bide honetatik jendeak Everesteko oinarrizko kanpalekurakoa egiten duela. Bihar Chukhungera ailegatuko gara eta dena ongi badoa 5000 metroko marra gaindituko dugu.
|
Budista hausnartzen
|
|
Tengboche, Kangtega (6787m) eta Thamserku (6623m) azpian
|
|
Jostetan Debochen
|
|
Aio Tengboche!
|
|
Ama Dablam
|
|
Mantso-mantso goiti
|
|
Pangboche herrian (3930m)
|
|
Shomare, hor bazkalduko dugu. Gainean Lhotse.
|
|
Taboche (6495m) hodei artean altxapeka
|
|
Ama Dablam bertze ikuspegi batetik
|
6. ETAPA : DINGBOCHE - IMJA THSO - CHUKHUNG (2023/04/09)
Atzoko aldarteari buelta ematen ari naiz mantso-mantso. Lorea Katmandun errekuperatzen ari dela jakiteak laguntzen du; eta gainera, zeharkaldi honetan ezagutzeko gogo handiena duen bailaran barneratu gara.
Everesteko bide nagusitik urrunduta, jende dentsitateak beheiti egin dueta eskertu dugu. Eguraldi bikaina lagun Dingboche eta Chukhung arteko bide etzana egin dugu. Hiru kilometroan 300 metro eskas irabazi ditugu. Chukhungeko logde dotorean bi gau pasatuko ditugu eta lekuaren edertasuna ikusita poztu egin gara.
Paraje ikaragarrian dago Chukhung: iparraldean, Lhotse mendiaren hego aurpegi bertikala; hegoaldean, Ama Dablam zorrotza; eta ekialdean, Baruntse eta Island Peak mendiek osatutako aterabiderik gabeko zirkua.
Azken honetara zuzendu gara bazkalondoan, altuerara egokitzeko prozesuan. Island Peak mendiaren hegoaldean kokatua dagoen Imja Tsho lakuraino joan gara ibilbide etzanetik eta bertan 5000 metroko marra gainditu dugu lehen aldiz. Bazkaldu baino lehen hartutako bermutak buruan uzten duen sentsazio bera genuela egin dugu bueltarako bidea. Bihar zeharkaldiko lehen gailurra igaten saiatuko gara, 5500 metrotik goiti.
|
Dingboche gibelean uzten
|
|
Taboche (6495m)
|
|
Bailara eztian goiti
|
|
Jerzy Kukuczka handiaren oroigarria
|
|
Amphu Laptsako glaziarrak parean
|
|
Amphu Laptsa
|
|
Ze lekua!
|
|
Chukhungeko glaziarrak
|
|
Ama Dablam berriz ere
|
|
Bide erosoa
|
|
Imja Tsho laku aldera
|
|
5000 metroan
|
7. ETAPA : CHUKHUNG - CHUKHUNG RI (5546m) - CHUKHUNG (2023/04/10)
Altuera bereak eta bi egiten hasi da guzien gorputzetan. Bart arratsean gehienok izan ditugu hark eragindako sintomak: buruko mina, ondoeza... Nire kasuan, kasik lorik gabe eman dut gau osoa, loak hartzean arnasa falta bainuen.
Ahuleziak ahulezia, denok egin dugu gailurrerako saiakera. Chukhung utzi eta malda tente batetik abiatu gara, altuera fite irabaziz. Lehen malda hori gaindituta, tontor gris harritsua begien bistan genuen. Ez zegoen urrun, baina lanak izanen genituen hara ailegatzen. Metroak mantso irabazten genizkion mendiari, falta genuen airea ahoa zabalik berreskuratuz. Edozein esfortzu garesti pagatzen da 5000 metrotik goiti.
Azkenean ailegatu gara kaskora eta poza nabaria zen. Himalaiako menditzarren artean ezer guti den tontor ziztrin hori, guretako bizitzan egon garen punturik altuena zen. Eta ez da guti! Bihar zeharkaldiko lehendabiziko lepoa gaindituko dugu.
|
Chukhung |
|
Lhotseren hego aurpegia
|
|
Ama Dablam bailarako izarra
|
|
Chukhung Ri mendira igaten, goitian Nuptseren gandorra
|
|
Mantso eta seguru
|
|
Altuera hartzen
|
|
Azken metroak
|
|
Handitasuna
|
|
Chukhung Ri (5546m)
|
|
Oxigenoa bilatzen
|
|
Himalaiako lehen kaskoa!
|
|
Bertze erraldoi bat: Makalu (8485m)
|
|
Chukhungeko bailara = Paradisua
|
|
"Etxera" bueltan
|
8. ETAPA : CHUKHUNG - LOBUCHE (2023/04/11)
Bigarren eguna 5500 metrotik goiti eta gaur gehiegizko konfiantza pagatu egin dugu. Mantso atera gara Chukhungetik, eta bezperan gailurrera ailegatu izanak emandako segurtasun faltsuak lehen zatia fiteegi egitera eraman gaitu. Mantso-mantso Chukhungeko bailara gibelean uzten hasi gara: Lhotseko hego aurpegia, Ama Dablam, Ambu Lapchako glaziar zimurtuak... Inguru eder honi agur errateko momentua zen.
Igoerako zati gogor batek egunaren hasmentako "harrokeriak" pagarazi dizkigu eta justu-justu akitu dugu leporainokoa. Atseden hartzeko tarte zabala hartu dugu Kongma La (5535m) lepoan.
Bertze aldean, urrunean, Lobuche ageri zen. Bertara ailegatzeko ordea jaitsiera tente bat eta Khumbuko glaziar zaurituaren gaineko sedimentuak zeharkatzea gelditzen ziren. Nekatuta ailegatu gara aterpera eta bertaratzean Everesteko kanpalekurako bideko masifikazioaren errealitatera itzuli gara.
Eta aterpeaz zer erran, orain arteko eskasena dudarik gabe. Zikina eta jendez lepo harrapatu dugu. Nik ez, baina gainerakoek bi gau eginen dituzte leku desatsegin honetan.
|
Lhotse (8516m)
|
|
Ama Dablam (6814m)
|
|
Dingboche eta Tengboche urrunean
|
|
Zeharkaldiko lehen leporantz
|
|
Chukhungeko bailara ederra uzten
|
|
Kunku |
|
Igoerako parajeak
|
|
Lehen elurrak
|
|
Kontrasteak |
|
Kaxtel gogoan
|
|
Ederra |
|
%100 Himalaia
|
|
Naxara eta Kunku igoeraren goitiko partean, nekea nabari zen
|
|
Laku hormatua
|
|
Lobuche han beheitian, parean Cho Oyu (8201m)
|
|
Kongma La lepoa (5535m)
|
|
Jaitsiera bertikala
|
|
Khumbuko glaziarraren morrenara ailegatzen
|
|
Lobuche
|
9. ETAPA : LOBUCHE - PANGBOCHE (2023/04/12)
Gaur taldea bigarrenez zatitu da. Lorea errekuperatu eta Namche Bazarrera igan berri da, eta ni berarekin elkartzeko bailaran beheiti jaitsi naiz. Ez ditu beraz Kala Patthar gailurra eta Everesteko kanpalekua ezagutuko, baina inguru hartako kalapitatik urruntzeak ez dit pena handirik eman.
Egun zoragarria lagun Lobuche utzi eta Khumbuko bailaran beheiti abiatu naiz ziztu bizian. Lehen zatian tarteka burua itzuli eta Pumori piramide perfektura joaten zitzaidan begirada. Bertze batzuk ez bezala, mendi hau gaur bakarrik ikusi ahal izan dut. Beheitiago Cholatse, Taboche eta Arakam Tse triptikoa deitzen du atentzioa. Zein baino zein lerdenago, harroago, ederrenaren lehian arituko balira bezala.
Pericheko lautada zabala zeharkatu eta herrixkan sartu naiz. Bertan geldialdia egin dut kafetxo bat hartzeko. Azken finean egun osoa nuen aitzinetik. Geldialdiaren ondotik Periche utzi eta bosgarren etapan ibilitako bidearekin elkartu naiz Shomare zeharkatu eta Pangbochera ailegatzeko.
Herri handi samarra da Pangboche, inguruko handiena. Bitan zatitua dago. Azpiko partea bosgarren etapan ezagutu genuen. Gaur , ordea, goitiko parteko Manaslu logdean hartu dut ostatu. Gure agentziako nagusia den Pasangen amaginarrebak eramaten du aterpea eta erregeraren pare zaindu naute. Gainera, zamalaria eta ni bakarrik ginen eta bidaia honetan sherpengatik hurbilen sentitu naizen momentua izan dela erraten ahal da. Afalondoan yak kakaz piztutako suaren bazterrean etxekoekin izandako solasaldia barnean gordeko dut.
|
Lobuche goizeko lehen orduetan
|
|
Pumori (7138m) ezkerrean, Lingtren (6714m) erdian eta Khumbutse (6636m) esluinean
|
|
Khumbuko bailaran beheiti
|
|
Zamalaria |
|
Taboche (6485m), Cholatse (6335m) eta Arakam Tse (6423m)
|
|
Pumoriko piramide perfektua
|
|
Mendian galdutakoen omenezko oroigarriak
|
|
Dukla |
|
Pericheko bailara
|
|
Pelutxeak |
|
Bertze postal bat
|
|
Ezin gibelera begiratzeari utzi
|
|
Yak bat Pericheko lautadan
|
10. ETAPA : PANGBOCHE - PHORTSE TENGA (2023/04/13)
Atzokoaren gisa egun polita izan da gaurkoa ere. Polita eta arras berezia berriz Loreakin elkartu naizelako berriz. Gosaldu eta pena pixka batekin agurtu ditut etxekoak. Herriaren goitiko partetik beretik magal malkartsua zeharkatzen duen bidexka hartu dut. Bidexka honek Pangboche eta Phortse herriak lotzen ditu. Ikusgarriak dira arrokan zizelkatuta irekitako bide zatiak, beren eskailera eta guzi.
Malkarrak Phortse herria kokatua dagoen terraza zabalean atseden bat hartzen du. Laugarren egunean ikusi genuen Phortse urrunetik eta leku kuriosoan kokatua da. Menditzarrek oparitzen duten zati lau bakarrean eraiki zuten sherpa herri hau eta lurrak ustiatzeko terrazatxoak sortu zituzten. Lursail eta etxe artetik zeharkatu dut herria eta azpiko zatian basora sartu naiz. Dudh Koshi erreka begien bistan nuen puntu horretatik eta haren ertzean Phortse Tengako bi aterpeak. Bertara zuzendu naiz eta River Resort logde politean hartu dut ostatu. Pinu artean Pirinioetako mendigune batzuen itxura hartu diot lekuari.
Lorea ordubete mantsoago ailegatu da Mong Lako lepoa zeharkatuta. Bazkaldu eta arratsaldea egonean eman dugu. Bi bikote bertzerik ez gaude aterpean eta lasaitasuna eta bakea transmititzen du inguruak. Lobucherekin zerikusi guti du...
Afalondoa gaur ere arras berezia izan da, magikoa. Lodgera etorri den basozain bat, gure zamalaria, ostatu hartua genuen laurok eta bi nagusiek dantza saio ederra egin dugu su bazterrean. Himalaiako erreka zulo bakarti honetan, munduaren bertze puntan, zoriontsu oheratu gara.
|
Manaslu lodgetik abiatzeko prest! Esker mila!
|
|
Goitiko Pangboche |
|
Bortzgarren eguneko bidea
|
|
Bidexka estua magaletik
|
|
Tengboche, laugarren etapa bukaerako herrixka
|
|
Kangtega eta Thamserku
|
|
Phortse (3800m)
|
|
Herri polita mendien terraza emankorretan
|
11. ETAPA : PHORTSE TENGA - MACHERMO (2023/04/14)
Gokyo bailarari ekin diogu gaur. Asmoa bihar arratsean berriz gainerakoekin elkartzea da eta horretarako Gokyo herrira ailegatu beharko dugu. Gaur uste baino gehiago ibili gara eta beraz, ailegatzeko aukera dugu.
Goizean abiatu garelarik, helburua 4100 metro inguruan dagoen Dole herrira ailegatzea zen. Poliki-poliki gainditu dugu errekaren ondotik aterako gintuen bidea. Loreak gertatutakoagatik eskarmentua hartua du eta ez du berriz akatsik egin nahi. Hala ere, goizeko hamarretarako Dolen ginen. Goizegi bertan gelditzeko.
Zalantza egin dugu, ez baikenuen altuera gehiegi irabazi nahi. Azkenean, ordea, goiti segitzen erabaki dugu. Lhabarman ezerezaren erdian dagoen lodgean bazkaldu dugu eta arratsaldean Machermorako zatia osatu. Gokyoko bailara aise bakartiagoa da eta gaur zerua estaltzen zuen lanbro fina halako puntu misteriotsua gehitzen dio.
Ezkerretara lainopean genituen mendietatik amiltzen diren magalen artean irekitzen den bailaratxo lau batean eraikia dago Machermo herria. Gokyoren gibeletik bailarako bigarren herririk handiena da. Beno, berez ez da herria, lodge multzo bat baizik. Egurrezko pareta finak dituen lodge bat hautatu dugu gaua pasatzeko. Atzo eta herenegungo goxotasun eta ongi etorririk ez dago gaurkoan. Bihar, aldiz, lagunekin elkartuko gara berriz eta horrek indarrak ematen dizkigu.
|
Etapa hasmentan Phortse Tengan
|
|
Phortse, bezperan bertatik pasatu nintzen
|
|
Dhole |
|
Gokyoko bailaran barneratzen
|
|
Lhafarmako lodge bakartia
|
|
Luzako belaiak zeharkatzen
|
|
Luza, mendiak utzitako lur bakanetan
|
|
Machermo |
12. ETAPA : MACHERMO - GOKYO (2023/04/15)
Taldea berriz ere bat da. Gaur goizean egin dugu Machermotik Gokyorako bide laburra eta lodgean elkartu gara Cho La lepoan barrena ailegatu diren gainerakoekin. Paperak dena hartzen du, planak egitea aise da, baina Lorea Katmandura eraman zutelarik berriz ere denak azken aitzineko bailaran elkartuko ginela erran izan balidate ez nuke sinetsiko. Lorea Katmandutik berriz Namchera joatea, nik berarekin elkartzeko bi eguneko bidea egitea eta gainerakoekin elkartzeko bertze bi gehiago egitea elkarrekin baldintza aunitz ziren. Eta denak bete dira.
Gaurkoak egia erran ez du misterio handirik izan bideari dagokionez. Gokyoko bailara eztian 400 bat metroko desnibela irabazi behar genuen. Lasai egin dugu, atzoko estiloan. Ur aunitz edan, metroak mantso irabazi... Zerua lanbro gisako batek estali digu egun osoan zehar, baina ez digu inguruaren edertasuna gozatzea oztopatu.
Aunitz gustatu zaigu etapa. Mendien magaletan kokatutako bordak, larre zabalak udaberrian berdetzeko zain eta inguruan mendi kasko ederrak. Ezagunena Cho Oyu, bailara iparraldetik hetsiz; baina Kyajori eta Machermo mendiek ere atentzioa deitu digute.
Azken zatian Gokyoko lakuak inguratzen hasi gara. Bat, bi, eta hirugarrenean... ttak! Herrixka begien bistan! Laku bazterrean kokatua dagoen resort bat ioduri du Gokyok. Leku politean dago eta ostatuen prezioak ere halakoxeak dira. Bihar hemen geldituko gara eta Gokyo Ri mendia igaten saiatuko gara.
|
Machermoko inguru ederra
|
|
Cho Oyu (8201m), bailarako erregea
|
|
Kolore horixkak bailaran
|
|
Artzain etxolak, baina ez da Aspe bailara
|
|
Bakea |
|
Yak bat
|
|
Gokyoko lehen lakua
|
|
Gokyoko hirugarren lakua: Dudh Pokhari
|
|
Gokyo |
13. ETAPA : GOKYO - GOKYO RI (5357m) - GOKYO (2023/04/16)
Gaur "atseden" eguna izan dugu Gokyon. Atsedena zerbait errateagatik, altuera honetan gorputzak nekea pilatzen baitu. Goizean presa handirik gabe mugitu eta lakuaren gainean kokatua dagoen menditxora igan gara. 600 metro eskaseko igoera da Gokyo Ri-rakoa, hemen dagoen jende gehienak egiten duena. Bideak misterio handirik ez du, herritik beretik ikusten baita oso-osorik. Mendiaren hego magal tentea igatea da dena.
Erritmo mantsoan seiok lortu dugu gailurrera ailegatzea. Himalaiako kasko batean seiak ginen lehen aldia izan da: Chukhung Rin Markos eta Lorea ez ziren egon; eta Kala Pattharren Kunku, Lorea eta nik egin genuen huts. Hala tarte zabala hartu dugu egonean, azken finean ez baikenuen deus gehiago egiteko egun osoan.
Jaitsiera di-da batean egin dugu eta bapo bazkaldu ondotik, kafetegi batean erre ditugu arratsaldeko orduak. Kanpoan elurra hasi du eta inguruak zuritzen ari ziren bitartean, kafe eta pastel artean ito gara. Horrelakoetan ez du ematen Himalaiako 4700 metrotik goitiko herri batean gaudenik.
Bihar utziko dugu Gokyoko bailara eta zeharkaldiaren laugarren eta azken bailaran sartuko gara.
|
Machermo (6017m), Gokyoko lakutik
|
|
Gokyo eta Arakam Tse
|
|
Gokyo Ri aldera igaten
|
|
A zer panorama!
|
|
Atsedenaldia ikuspegi ederrarekin
|
|
Arakam Tse eta Cholatse
|
|
Gokyo Ri (5357m)
|
|
Aluzinatzen |
|
Buffi, espedizio burua
|
|
Beheiti ziztu bizian
|
|
Arratsalde pasa kafetegian
|
|
Ilunabarra Gokyon
|
14. ETAPA : GOKYO - LUNGDEN (2023/04/17)
Zeharkaldia amaiera usaina hasi da hartzen. Thameko bailaran sartu gara gaur, azkenekoan hain zuzen ere; eta altuerak gibelean utzi ditugula erraten ahal da.
Nahi baino mantsoago eman diogu egunari hasmenta, aterpean izan dugun gorabehera batengatik. Aitzineko egunetako hodei hondarrak desagertu dira eta egunak ongi etorri zoragarria eman digu. Gokyoko lakua inguratuz mendebaldera egin dugu. Begien bistan genuen igan beharreko lepoa: Renjo La.
Poliki egin dugu bidea, inguruaz gozatuz, gibelera begiratuz Everest, Lhotse eta enparauei. Igoeraren azken zatian Ningma eta Ashish zamalariak harrapatu ditugu. Biak gaixorik daude eta lepoa gainditzen lagundu diegu.
Lepora ailegatzean besta! Kontent ginen, pasatutako goitibeheiti guziak eta gero seiak han ginelako eta zeharkaldia elkarrekin akitzea lortuko genuelako. Besarkada, dantza eta abarren ondotik jaitsiera etorri da. 8000 metrotik goitiko mendiak agurtu eta metroak galtzen hasi gara ziztu bizian. Thame bailara da ezagutu ditugun lau bailaretatik lasaiena eta eskertu egiten da. Lungden herriraino ailegatu gara eta lodge polt bat hautatu dugu gaua pasatzeko. Bihar Namchera ailegatuko gara eta etzi akituko dugu ibilaldi gogoangarri hau.
|
Cho Oyu (8201m)
|
|
Aio Gokyo!
|
|
Mugarriak |
|
Hiru erregeen mahaia: Makalu, Buffi eta Arakam Tse
|
|
Renjo La (5417m) lepoan denak elkarrekin
|
|
Agur 8000ak: Everets, Lhotse eta Makalu
|
|
Everest (8848m)
|
|
Arakam Tse eta Cholatse ezkerrean, Renjoko orratzak eskuinean
|
|
Thameko bailara
|
|
Azken harana
|
|
Lungden begien bistan, etapa akabaila
|
|
Lungden |
15. ETAPA : LUNGDEN - NAMCHE BAZAR (2023/04/18)
Berriz ere "oinarrizko kanpalekuan" gara, sherpen hiriburuan, Namche Bazar mugituan. Thame bailara zeharkatu dugu gaur goititik beheitiraino, malda beheiti beraz. Egun ederra lagun, etxeko lanak eginak dituenaren segurtasunarekin abiatu gara Lungdenetik. Bailararen goitiko partean larre, belai eta herrixkak zeharkatu ditugu Thame herrira ailegatu artio. Bertan egin dugu eguneko geldialdia eta atseden hartu dugun lodgeko nagusiarekin elkarrizketa interesgarria izan dugu. Sherpa moduan ibilia zen gazteagotan eta istorio politak kontatu dizkigu.
Geldialdiaren ondotik, haranean beheiti segitu dugu. Zubi ikusgarritik erreka gurutzatu eta Thamo herrixkatik pasatuta Namcherainoko bidea egin dugu. Igoeran bezala, Khumbu lodgean hartu dugu ostatu eta ederki bazkaldu dugu ailegatu bezain fite. Arratsaldea herriaz gozatzeko baliatu dugu: garagardoak erosketak... Zeharkaldia ongi akitu izanaren poza, inguru eder eta berezi hauek uztearen malenkoniarekin nahasten hasi zait nire barnean. Horrelakoak dira bidaien azken egunak...
|
Egunsenti ederra, bertze bat gehiago
|
|
Thameko bailaran goiti Txinara pasatuko ginateke
|
|
Thame herria, arras polita
|
|
Berdea lekua irabazten hasi da, heldu da euri garaia
|
|
Zubi ikusgarria Thamen
|
|
Eta hau? Thamo!
|
|
Thamo |
16. ETAPA: NAMCHE BAZAR - LUKLA (2023/04/19)
Hasten den guziak omen du bere akabaila eta gure bidaiarenak egin du. Oinezko zeharkaldiarenak bai behintzat! Sentsazioz betetako eguna izan da gaurkoa. Lehen bi etapetan pasatutako herriak eta bazterrak berriz ikustean oroitzapen aunitz etorri zaizkit burura. Tenzing-Hillary zubitik goitirako malda, parke nazionalerako sarrera, Monjoko bazkaria, Phakdingeko gaua... dena gibelera kontaketa bat balitz bezala.
Azken herri honetan egin dugu bazkaria eta Markosen urtebetetzea ospatzeko baliatu dugu. Arratsaldeak aitzinera egin ahala ilunduz joan da eguna. Luklan pasatuko dugu azken gaua bihar goizean Ramechhaperako hegaldia hartu aitzin. Eta Luklan berean agurtu ditugu gurekin abentura ttipi hau konpartitu duten hiru zamalariak. Jende ona, zintzoa, adeitsua.
Bidaiaz gozatzeko oraindik egun batzuk baditugu, baina ohartzen gara sherpen lurraldean orduak kontatuak ditugula.
|
Agur Namche Bazar! Esker mila sherpak!
|
|
Yeahh! |
|
Tenzing-Hillary zubian berriz
|
|
Ikusgarria! |
|
Egin dugu!
|
|
Sagarmathako parkeko sarrera/irteera
|
|
Malenkonia
|
|
Gu bagoaz, haiek haienean segituko dute
|
|
Phakding |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina