EGUNA: 2023/03/05
ABIAPUNTUA: Refuge de l'Aberouat (1450m)
ZAILTASUNA: S2
DENBORAK:
- Refuge de l'Aberouat - Soum Couy : 3 ordu eta erdi
- Soum Couy - Rocher de l'Osqueren azpiko aldea : Ordu erdi
- Rocher de l'Osque - Pas d'Azuns : Ordu erdi
- Pas d'Azuns - Refuge de l'Aberouat : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
L'Aberouateko aparkalekua Lescun herritik gora dago. Lescunera iristeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere irits daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira ailegatzean, aparkalekura eramanen gaituzten seinaleei segituko diegu.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Mendi ezaguna da Soum Couy mendi eskiatzaileendako. La Pierre-Saint martin eski estaziotik pistak segituz mendira igatea ohikoa da, batez ere denboraldi hasmentan edo akabailan. Dena den, igoera hori misterio handirik gabea dela erraten ahala da, aipatu bezala pistetatik igaten baita gehienean. Erreportaje honetan mendi horretara eskiz egindako bide originalagoa ageri da, Aberouat aterpetik hasi eta Camplong etxola aldera paraje ederretan eskiatzeko aukera ematen duena.
9:14 : Refuge de l'Aberouat (1450m)
Larunbatean Aberouateko aparkalekuan pasatu genuen gaua. Begiratoki bikaina da eta Lescungo zirkurako ikuspegi bikaina du. Egunsentia latza izan zen, eguzkiak gorriz margotu zituen Billare eta Auñamendi aldeak.
Ardineteko etxolatik Cap de la Baitchekora ere altuera guti irabazten da. Hortik ezkerretara biratuko ginen Countenderen ipar magaletan goiti egiteko.
Leku nahiko ezaguna da eta arrastoa irekia harrapatu genuen.
Lehen malda bat gaindituta eskuinetara ikusten den lepotxo iduriko horretatik pasatuko ginen. Hortik aitzin bidea berriz ere aunitz etzaten da.
Auñamendiren gailurra ikusten hasi ginen puntu horretatik goiti, baina guk bertara zuzentzen zen bidea utzi eta mendebalderantz eginen genuen.
11:22 : Col des Anies (2084m)
Paisaia karstikoan barneratu eta Anieseko lepo zabalera ailegatu ginen. Lepoaren bertze aldean La Pierre-Saint-Martin eski estazioa kokatua dagoen isurialdea dago.
Guk altuera galtzen hasi baino lehen, eskuinetara biratu eta Soum Couy mendiaren ipar magalean utziko gintuen malda tentea igateari ekin genion.
Azken metroetan 40 bat graduko malda izanen zuen malda horrek eta eskiak bizkarrean genituela akitu genuen badaezpada.
Argazki honetan ongi nabaritzen da maldaren inklinazioa.
Auñamendi beti presente...
Malda tenteena gaidituta Soum Couyren ipar magal ospelean barneratu ginen. Bertan elur hauts arina harrapatu genuen eta arrastoa egitearen plazera.
Baldintza bikainak lagun kaskoraino eskiak zangoetan genituela ailegatu ahal izan ginen. Hirugarren aldia zen niretako mendi honetan, eta bertara eskiz ailegatu gabea nintzen. Goitiko partea arras haizetua egon ohi da.
12:45 : Soum Couy (2315m)
Gailurreaan gutaz aparte laukote madrildar bat bertzerik ez genuen harrapatu eta tarte zabala hartu genuen han egoteko.
Eskuinetara ikusten den lepo aldera segitu genuen malda eztietatik. Lekua zoragarria da, ipuin batekoa iduri du.
Lepo aldera gozatzen...
Azken metroak Soum Couy mendiaren azpiko aldean dagoen lepora ailegatzeko...
14:27 : Pas d'Azuns (1873m)
Lehen jaitsiera tontorretik beretik abiatu genuen. Eski pisten goitiko parte aldera zuzendu ginen, baina hauetara ailegatu aitzin eskuin biratu eta Camplongeko etxola aldera eskiatzen segitu genuen. Pinu eta harkaitz gorrixkak zipriztindutako malda hauek bertze leku bateran egonen bagina bezala sentiarazi gintuzten. Rocky Mountains piriniarra!
14:00 : Rocher de l'Osqueren beheitiko aldea (1764m)
Berez Camplongeko etxolaraino jaisteko asmoa genuen, baina elurra azpiko partean ez zegoen hain ona eta goitixeago gelditu ginen. Berriz fokak paratu eta Rocher de l'Osque eta Tourelleseko harkaitzen arteko bailara ederrean sartu ginen.
Lepotik berriz ere Lesucngo isurialdera pasatu ginen. Jaitsieraren lehen zatia Ardineteko etxola aldera egin genuen, segidan berriz ere basoan sartzeko.
Leku eder honek berriz ere aho zapore gozoa utzi zigun...
15:48 : Refuge de l'Aberouat (1450m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina