2023/03/07

Mallo de las Foyas (2132m)

EGUNA: 2023/03/04

ABIAPUNTUA: Pont de Masousa (959m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Pont de Masousa - 2054 metroko bizkarra : 3 ordu
  • 2054 metroko bizkarra - Ibon de Acherito : 20 minutu
  • Ibon de Acherito - Mallo de las Foyas : 45 minutu
  • Mallo de las Foyas - Pont de Masousa : Ordu bat eta erdi
NOLA AILEGATU:
Masousako aparkalekua Lescun herritik goiti dago. Lescunera iristeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne-en-Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasatuta eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailaran sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere irits daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira iritsi baino pixkat lehenago, Masousako aparkalekura gidatuko gaituzten seinaleei segiko diegu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Lescunera eski denboraldian gutienez behin agertu beharra dago. Eski denboraldian behin, udazkenean, eta noiz ez? Lehen egunean bidean goiti zirku honetara ailegatzean sentitu nuen zirrara bera sentitzen dut bertara joaten garen aldiro. Kasu honetan asteburu bikaina eman dugu Lescundik mugitu gabe. Lehen egunerako duela bederatzi urte udan egin nuen zirkular polita errepikatu dugu: Ansabereko orratzak, Acheritoko lakua hormatua eta akitzeko Lazerquetik beheiti jaitsiera bikaina.

8:52 : Pont de Masousa (959m)
Kuadrilla anitza bildu ginen Masousako aparkalekuan: gipuzkoarrak, lapurtar bat, Paueko bat eta gu bi Erratzutik. Gauzak prestatu eta Lamaryko zubira doan pista elurtuan goiti abiatu ginen.


Zerua lainotuta zegoen azpiko zatian, baina iragarpenek goiti eguraldi ona izanen genuela zioten.


Lamaryko udako aparkalekuraino pare bat kilometro pasatxo egin genituen. Puntu honetatik aitzin, lainoa harrotzen hasi zen eta inguruko mendiak ikuskizuna eskaintzen hasi ziren. Argazkian Poure Lamary eta Leurt mendiak ageri dira.


Zubia zeharkatu eta basoaren lehen soilgunera atera ginen. Puntu honetan hetsiko genuen ibilbide zirkularra ordu batzuk geroago.


Iaz otsaila partean ibili ginen inguru honetan, baina orain baino elur gutiago harraoatu genuen orduan.


Pagaditxo bat zeharkatu eta Ansabereko orratzen presentzia indarra hartzen zihoan.


Ansabereko lautadatxo politera ailegatu ginen hala, ordubete inguruz. 


Zer erran leku honi buruz... Liluragarria da, basoz inguratua eta parean Sobarcal, Ansabereko orratzak eta Mouscate mendiak dituela.


Lautadatxoa zeharkatu eta ezkerretara hartu genuen. Momentuz gure aitzinetik zihoazenen arrastoari segitzen ari ginen. Bertze baso zati bat zeharkatuko genuen Ansabereko etxoletara ailegatu aitzinetik.


Ilunetik argira pasatu ginen zuhaitzak utzi eta Ansabereko etxolak bistaratu genituelarik.


10:25 : Cabanes de Ansabere (1569m)
Etxolaren ondoan geldialditxoa taldea biltzeko. Parean ikusten zen Ansoko leporako bidea utzi eta hegoalderantz biratuko ginen puntu honetan.


Metro batzuk galdu eta parean ikusten den Chouriqueko mendien arteko bizkarrerantz segitu genuen. Muinotxoz osatuta daude zeharkatuko genituen magalak eta elur-jausi arriskuarekin plakak sortzen ahal dira. Guk bizkarrak bilatu genituen goitiraino.


Etxoletaraino ez bezala, hemendik goiti arrastoa irekitzea tokatu zitzaigun.


Bizkarra hurbilago...


Azken malda gainditu aitzinetik geldialditxoa...


Gure gibelean Ansabereko orratzak eta Hiru Erregeen Mahaia...


12:00 : IGN 2054m punta (2054m)
Azken maldatik Chourique eta Lac de Chourique mendien arteko bizkarrera atera ginen. IGN mapan 1991 metroko altuerara dagoen izenik gabeko lepora ailegatu ginen eta bizkarretik segitu genuen 2054 metrora dagoen kotara. Erran behar da azken metro hauek eskiak bizkarrean genituela elur gogorragatik.

 
Gailurtxotik Acheritoko lakura 200 bat metroko jaitsiera polita eginen genuen. Hego-ekialdeko orientazioa izanda ere, oraindik hauts zegoen elurra zati honetan.


12:15 : Ibon de Acherito (1869m)
Udan jendez gainezka egoten den laku eder honetan arimarik ez genuen topatu. Zerbait jateko geldialdia egin genuen berriz foka-larruak paratu eta bigarren igoerari ekin aitzin.


Lakutik ekialderantz Laraille eta Mallode las Foyas mendien arteko ertzera aterako ginen. Azken metroetan tentetzen den malda da, baina baldintza arras onetan aurkitu genuen guk eta eskiak zangoetan genituela gainditu ahal izan genuen.


13:38 : Mallo de las Foyas (2132m)
Ertzera aterata, eskuinetara biratu eta metro gutira dagoen gailurra zapaldu genuen.


Gailurrean ez ginen sobera luzatu. Eskietara itzuli eta Larailleko lepora ailegatzeko argazkiko malda eskiatu genuen.


13:59 : Col de Laraille (2007m)
Lepo honetan azaroan ibili ginen azken aldiz. Bertatik Lazerqueko bailarara sartuko ginen.


Lazerquen beheiti egin genuen jaitsiera oroitzeko modukoa izan zen. Paraje ikusgarrian elur hauts arina harrapatu genuen eta gozatu ederra hartu genuen.


Larailleko lepotik beheitiago bailara bitan zatitzen da eta guk Lazerquekoa hartu ordez ezkerrekotik segitu genuen, Poure Lamary eta Leurt mendiaen azpikotik. Bertatik Lamaryko zelaitxora ailegatuko ginen eta garagardo batzuk edateko geldialdia egin genuen.


15:19 : Pont de Masousa (959m)
Pista ziztu bizian jaitsi eta aparkalekuan akitu genuen itzuli eder hau. Paraje eta elur kalitate horrekin egun borobila izan genuela erraten ahal da.

2 iruzkin:

  1. Aupa Estebe!! Buelta bikaina eta elur izugarriarekin gainera!
    Orain dela hilabete bat edo egin genuen guk ere eta inor ikusi barik.. Gu kontrako zentzuan egin genuen, baina uste det zuena jeisteko hobeagoa izan daitekeela.. probatu beharko da hurrengo baten.. ;-)
    Ondo segi!!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Duela urte batzuk ere mendiak-en jarri zenuen itzuli honen erreportajea. Orduan ikusi nuen eta oraingoan berriz begiratu dut. Kriston elurra harrapatu genuen. Eta kontrako zentzuan ere Mallo de las Foyas Erik Acheritoko Lakurako malda arras arras ongi zegoen, elur hauts bikaina. Pentsa, malda badu baina kutxilarik jarri gabe atera ginen goraino. Ze itzuli zoragarria den

      Ezabatu