IRTEERA: Lac d'Aubert (2150m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S3
DENBORAK:
- Igoera: 3 ordu
- Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Saint Lary Soulan herritik hegoalderantz errepidea hartu, Bielsako tunel alderantz. Haranean gora hainbat kilometro egin ostean, Fabian herrixkan Neouvielleko Erreserba Naturalera igotzen den errepidea hartuko dugu. Oredon lakura heltzean, eskuinetara biratuko gara Aubert lakuko aparkalekura igotzeko. Bide zati hau udan itxita egoten da bederatzi eta erdietatik arratsaldeko seirak arte.
KRONIKA:
Bezperan Campbieil mendian ibili ondotik, gure egonaldia luzatu eta Neouvielle ere igotzea erabaki genuen. Nire mendi kuttunetariko bat da Neouvielle, eta inguru osoa oro har. Momentuz, berau da Pirinioetan gehien igo dudan mendia, hirugarren aldiz igo baitut. Eskiatzeko leku aproposa, malda zabalak eta elurrak berandu artio irauten duena, sasoiaren akabailako klasiko bat da.
7:34 : Lac d'Aubert (2150m)
Laku ondoko aparkalekuan gau erosoa pasatu eta gero, ez zen ongi hasi eguna. Javiri botek min ematen zioten eta ia ezin zen ibili ere egin. Hortaz, autoan gelditu behar izan zuen. Nik, momentu batez zalantza egin eta gero, bezperan ezagutu genituen bi zangotzarrekin joatea erabaki nuen.
Urtegiko harresia zeharkatu eta segidan jantzi genituen eskiak. Dena den, ikusten zen gero kendu behar izanen genituela. Hiru urte lehenago ekainean askoz ere elur gehiago aurkitu genuen Neouviellen.
2267 metrotara dagoen lakutxoaren inguruan aakitzen zen elurra. Hortaz, eskiak berriz ere kendu behar izan genituen.
150 bat metroan garraiatu genituen eskiak bizkarrean. Nahiz eta Neouviellen hau egitea ez ohikoa izan garai honetan, ezer gutxi izan zen.
8:49 : Breche de Barris (2439m)
Barriseko lepotxoko harkaitzak zeharkatu eta Ramoungn eta Neouvielleren iparraldeko zirkuan sartzearekin batera eskiak oinetan jarriko genituen definitiboki.
Hemendik aitzin parean ikusten den Chausenqueko artekaraino diagonal luzea marraztuko genuen.
Aubert eta Aumarreko lakuak gibelean.
Argazkian eskuinetan ikusten den Chausenqueko artekaren azpian ezkerretara biratu eta aitzinako Neouvielleko glaziarra zegoen bailaratxoa igotzeari ekin genion.
Hasieran igoera etzana da baina azken metroetan dexente tentetzen da.
Harkaitz batzun gainetik, maldarik tenteena diagonal luze bat eginez gainditu genuen. Aitzineko asteburuan jende anitz ibilia zen inguruan eta arrasto ederra genuen eginda.
Gailurra baino 50 bat metro beheitiago utziko genituen eskiak.
Azken metroak ertz ikusgarri baina erraz batetik egiten dira.
10:53 : Neouvielle (3091m)
Eta hirugarrenez gailur eder honen puntan nengoen. Argazkian, bezperan igotako Campbieil ingurua,
Jaitsieran ordea, elurra ez genuen bezperan bezain ona aurkitu. Eguzkiak gogor jotzen zuen eta arras biguna aurkitu genuen.
Uda neguari lekuan hartuz doa...
12:32 : Lac d'Aubert (2150m)
Ailegatu da eskiko materiala gordetzeko garaia...
...eta udako paisaia, belardi eta harkaitzetan gozatzeko garaia!
Neouvielleko mendiguneak ez du inoiz hutsik egiten.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina