2017/05/23

Campbieil (3173m)

EGUNA: 2017/05/23

IRTEERA: Lac de Cap de Long (2161m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S3
DENBORAK:
  • Igoera: 4 ordu
  • Jaitsiera: 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Saint Lary Soulan herritik hegoalderantz doan errepidea hartu, Bielsako tunel alderantz. Haranean gora hainbat kilometro egin ondotik, Fabian herrixkan Neouvielleko Erreserba Naturalera igotzen den errepidea hartuko dugu. Oregon lakura heltzean, zuzen segituko dugu Cap de Longeko urtegira ailegatu arte. Errepide hau ez da udaberria aitzinera joan arte irekitzen.

KRONIKA:
Leku kuttuna dut Neouvielleko mendigunea eta aurten ere eski denboraldiari bertan eman diogu amaiera, duela hiru eta lau urte bezala. Orduko haietan Estaragne eta Neouvielle mendietan eskiatu ondotik, aurtengo helburu nagusia Campbieil zen. Bere malda zuriek aspalditik erakarrita ninduten eta bi aste lehenago Turon de Neouvielletik lakuko ura arras beheiti zegoela ikusita, momentu ona zela pentsatu nuen.

7:39 : Lac de Cap de Long (2161m)
Aparkalekuan bertan pasatu genuen gaua eta egia erran termometroak ez ziren gehiegi jaitsi. Ernatu bezain laster, Cap de Longeko urak arras maila apalean zeudela ziurtatu genuen. Izan ere, ura altu egonez gero, lakua inguratzea arras deserosoa eta arriskutsua bilakatzen da elur eta harkaitzetan, uretik hurbil, egin beharreko zeharkaldiengatik.



Honela bada, gauzak prestatu eta lakua bere ezkerraldetik inguratzeari ekin genion.


Parean zonaldeko hiru handi: Trois Conseillers, Neouvielle eta Ramougn, ezkerretik eskuin.


Erran bezala, uraren maila hain beheiti egoteak zeharkaldi arriskutsua paseo bihurtzen du. Are gehiago, elur lausoetan arrastoa ongi markatua egonik...


Beraz, uste baino lehen akitu genuen zeharkaldia eta hegoaldera biratuta elur malden bila igotzen hasi ginen, oraindik eskiak bizkarrean genituela.


Laster jarriko genituen oinetan dena den. Lakuaren zeharkaldia aitu eta kasik segidan, elur jarraia aurkitu genuen. Amildegiaren beheitiko partetik irudian argazkiaren erdian ikusten den kanal tentetik aterako ginen. Elurra gogor zegoen ordu horietan eta eskiak bizkarrean igo behar izan genuen kanala.


Hortik aitzin, malda etzan eta zabaletan goiti segituko genuen.


Eguneko helburua begibistan genuen ia une oro. Asmoa gailurraren eskuinetan (ipar-mendebaldera) gelditzen den maldatik igo eta ezkerretan (ipar-ekialdera) gelditzen denetik jaistea zen, gero Estaragne mendia egin eta izen bereko bailaratik zirkularra egiteko. Igoeran elur ona zegoela ikusita dena den, planak aldatu eta igo eta jaitsi bide beretik eginen ginen.


Lakua gero eta beheitiago...


Eguraldi ona iragarrita zegoen arren, hodeiak jostari zebiltzan eta mendi kaskoak inguratzen zituzten une oro. Argazkian, Maou, Badet, Pic Long (laino artean) eta Maubic, inguruko bertze koloso batzuk.


Hegoaldean berriz Campbieil, ia goiz osoan hodei artean erdi ezkutatuta.


2900 metrotik goiti, mandiaren ipar mendebaldeko maldan sartu ginen eta gero eta malda tenteagotik ertzera atera ginen.


Hemen, eskiak bizkarrera eta azken metroak oinez egin genituen. Hegoaldera alimaleko amildegia du ertzak, ia bertikalki Piau Engaly eski estazio aldera erortzen da. Hodeiek ez ziguten alde hori ikusten utzi ordea.


11:45 : Campbieil (3173m)
Ertzetik metro erraz batzuk egin eta gailurra zapaldu genuen.


Pic Long eta Badet kaskotik, hodeiek ikusten utzi ziguten momentu batean.


Piau Engaly gure oinetan...


Ia Neouvielleko Erreserbako 3000ko guziak ikusten dira tontorretik: Maou, Badet, Pic Long, Maubic, Turon de Neouvielle, Trois Conseillers, Neouvielle, Ramougn...


Arestian erran bezala, planak aldatu eta beheiti ere bide beretik jaitsi ginen. Zatitxoren batean izan ezik, elur bikaina harrapatu genuen.


Ia 1000 metroko jaitsiera izan zen gailurretik bertatik abiatuta. Bikaina benetan! Ondoren, eskiak bizkarrera...


..eta lakua berriz inguratzera... Itzuleran luzeagoa egin zitzaigun....



14:48 : Lac de Cap de Long (2161m)
Aparkaleku ondoko tabernatxoan garagardo fresko banarekin ospatu genuen egun ederra. Banuen Campbieil egiteko gogoa, bai horixe!


Berez arratsaldean bertan itzultzekoak ginen etxera, Campbieil egitea baitzen asmoa. Dena den, denboraldia akitzeko egun bat eghiago gelditu eta Neouvielle egitea erabaki genuen. Arratsaldean lasai ederrean Oredongo lakuaren ertzean pasatu genuen eta bertakoaterpean afaldu ondotik, Auberteko lakura igo ginen lo egitera.


Jarraituko du...


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina