2019/09/20

Aiako Harriak - Basurdeen Begiratokia (4c, 160m)

EGUNA: 2019/09/19

ABIAPUNTUA: Arritxulo aterpea (420m)

ZAILTASUNA: 4c
Eskalatzen blogetik hartutako irudia




DENBORAK:
  • Hurbiltzea: 10 minutu
  • Bidea: Ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 20 minutu
NOLA AILEGATU:
Nire kasuan, Baztan aldetik joanda Lesakara joan eta handik Oiartzungo bidea (NA-4000) hartu behar da, Aritxulegiko leporaino. Lepoko tunela zeharkatu eta ezkerretara Arritxulo aterperako bidea hartu behar da bertan autoa uzteko. Oiartzun aldetik berriz, Lesaka aldera abiatu eta leku berera ailegatuko gara.


DESKRIBAPENA:
Aiako Harrietan, Aritxulegi ondoan, kokatuta dagoen eskalada bide erraza. Luzeak egiten ikasi edo praktikatzeko arras aproposa, gradu baxuarekin eta ongi ekipatua.

Hurbiltzea:
Arritxulo aterpearen ondoan autoa utzi eta Oiartzun aldera doan errepidetik jaitsi behar da metro batzuz. Ezkerretarako 90 graduko lehen bihurgunean eskuinetara igotzen den bidexka txiki bat hartu behar da. Hortik 5 minututan bidearen azpiko aldean egonen gara.


Bidea:
  • 1. luzea (4b): Paretatxo bat dago bi kimikorekin pareta nagusiaren aitzinetik. Guk hau ezkerretik saihestu genuen eta pareta nagusian hasi ginen eskalatzen. Nahiko etzan hasten da eta laster gehiago etzaten da. Azken zatian bertikalagoa izan arren, helduleku handienak dituen zatia da.
Lehen luzean
  • 2. luzea (3c): Arras erraza. Bileratik atera eta ezkerretara jo behar da erlaitz belartsu bateraino. Hortik zuzen goiti zati errazetik.
Bigarren luzea akitzen
  • 3. luzea (4c): Bidea gradua ematen dion luzea honakoa da eta luzeari gradua lehen paretak ematen dio. Bertikala da, baina arras ongi babestua dago. Zatitxo hori pasata heldulekuak ugariagoak dira eta pareta pixka bat etzaten da.
4c graduko paretatxoaren azpian
Hirugarren luzearen hondarreko metroetan
  • 4. luzea (4a): Misterio handirik gabeko luzea. Lehen paretatxo bat bere eskuinetik saihestu genuen pareta nagusiaren azpian jartzeko. Hala ere, pareta hau ere etzana da. Eskuinetarako zeharkaldi batek ematen dio gradua luzeari. Pausu hau gaindituta anitz etzaten da pareta eta oinez ibiltzeko tarteak ere baditu. Luzea eta bihurritua da luze hau eta soka biltzea kosta egiten da.
Laugarrena akitzen plaka etzanetatik
Laugarren bileran

  • 5. luzea (3a): Luzerik errazena. Sokarik ere ez da behar egiteko egia erran.

Azken luzean, errazenean


Jaitsiera:
Behin bidea akituta, azken bileratik iparraldera bidexka txiki bat hartu behar da Erroilbidera doan bidera ateratzeko. Bide honetatik laster batean jaisten da Arritxuloraino.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina