2019/10/07

Pene Sarriere (1944m)

 EGUNA: 2019/10/05

ABIAPUNTUA: Gourette (1359m)

ZAILTASUNA: 4b/AD
Xabier Larretxearen Eskalatzen blogetik hartutako krokisa


DENBORAK:

  • Hurbiltzea: Ordubete
  • Bidea: Bi ordu
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste alder bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Larunsetik Aubisque mendate ezagunean goiti abiatuko gara Gourette eski estazioraino.

KRONIKA:
Eski estazioak mendian eragin dituen zaurien gainetik, Gourettek paraje ederrak eskaintzen ditu inguru mendi bertikalekin. Ger handia da inguruko erregea, baina Pene Medaa eta Pene Sarriere ere dotore zutitzen dira belardi berdeen gainetik. Preseski, azken honek eskaladarako bide ederrak ditu ekialdeko aurpegian eta guk egin dugun hegoaldeko ertz zorrotz eta ikusgarrian.

10:46 : Gourette (1359m)
Goizean egin genuen Gouretterainokoa, presa handiegirik gabe. Urrian goizak freskoak dira eta bezperako euriak bustitako arroka idortzen utzi nahi genion eguzkiari. Aparkalekutik beretik Medaa eta Sarriereko mendiak ikusgarri ageri ziren.


Gure helburua zena identifikatuta, haren eskuineko (mendebaldeko) aldetik igo behar genuela bagenekien eta horrela abiatu ginen eski pistetatik goiti.


Mendebaldeko pareta azpitik inguratuta, mendiaren hegoaldean dagoen lepotxora igo ginen. Hemendik ertza benetan mehatxati ageri zen. Lepotxoan materiala prestatu eta sokak lotuta genituela hurbildu ginen eskaladaren hasierako bilerara.



Hortik aitzin hasten da ertz zorrotza aldez alde zeharkatzen duen bide zirraragarria.


  • 1. luzea (3c, 35m):  Hau da bidearen luzerik ikusgarriena. Zatitxo bat igota ertzaren zatirik zorrotzena zeharkatu behar da. Arras estua da eta bi aldeetara amildegia du. Teknikoki ez da zaila, baina bai ikusgarria.

Lehen luzea hasten


Zatirik estuenean



  • 2. luzea (4a, 20m): Lehen metro erraz batzuen ondotik plaka bat igo behar da ezkerretara ertzetik akitzeko. Bigarren bilera segidan harrapatuko dugu.

Bigarren luzeko plakatxoan


  • 3. luzea (4a, 35m): Beherantz egiten den luzea. Metro batzuk eginda luzeari gradua ematen dion paretatxo jaitsi behar da. Errazagoa da lehenengo bezala, bigarren bezala baino. Guk ez genuen deskribapenetan aipatzen den soka aurkitu.

Hirugarren luzeko jaitsiera, 4a gradukoa



  • 4. luzea (4a, 15m): Bileraren gaineko zati desplomatua ekialdeko pareta ikusgarrira atera eta handik gainditzen da erraz. Hortik erlaitz batera atera eta ezkerretara pixka bat jaitsi behar da, segidan gora aterako gaituen tximinia erraz bat hartzeko. Erlaitzean behera jaitseko zatia hau ere bigarrenarendako zailagoa da.

4. luzearen hasierako bilgunean, gainean igo beharreko bigarren orratza duela



  • 5. luzea (II, 30m): Bigarren orratzaren gainetik hasi eta beherantz egiten den luze erraza. Oinez egiten ahal da.

  • 6. luzea (I, 80m): Oinez egiten den transizioko luzea.


Oinez egiten den zatia eta gibelean azken luzean igo beharreko orratza (4b)



  • 7. luzea (4b, 45m): Azken hau da bideari gradua ematen dio luzea. Metro erraz batzuk igota desplome txiki baten azpian dagoen erlaitzera aterako gara. Pausu hau gainditu eta diedro batek utziko gaitu bidearen bukaeran.

Azken orratzaren gainetik 6. bilera


14:23 : Pene Sarriere (1944m)
Ertzean lasai eta anitz gozatuz ibili eta gero, gailurrean ere tarte zabala hartu genuen. Ikusgarria da lekua, Latte de Bazen, Becottes, Pene Medaa eta Ger mendi ikusgarriak inguruan dituela.


Gailurra eta ertz ikusgarriaren azken zatia.


Egonaldi goxoaren ondotik mendiaren iparraldean dagoen bidexkatik jaitsiko ginen. Erraza da baina guk bustita aurkitu genuen eta harkaitz plaka batzuk arriskutsu samar zeuden.



15:44 : Gourette (1359m)
Eski estaziora bueltan, laino artean akitu genuen ertz polit honetara egindako ateraldi ikusgarria.


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina