2019/10/14

Jentilbaratza (465m)

EGUNA: 2019/10/13

ABIAPUNTUA: Ataun (240m)

ZAILTASUNA: (4c, 260m)
Bidearen krokisa, Eskalatzen blogetik hartua


DENBORAK:

  • Hurbiltzea: 10 minutu
  • Bidea: 2 ordu
  • Jaitsiera: 30 minutu
NOLA AILEGATU:
Donostia eta Gasteiz lotzen dituen N1 errepidetik joanen gara Beasain Ataungo irteera aurkitu arte. Seinaleei segituko diegu Ataungo San Martin auzoraino eta auzoa zeharkatuko dugu bukaeran ezkerretara errepidetxo bat hartzeko. Bertatik segituko dugu metro batzutan, Jentilbaratza bistan dugula, errepide bazterreko leku bakanetan autoa utzi arte.

KRONIKA:
Jentilbaratzako eskalada eskolak bide anitz izateaz gain, luze batzuetako eskaladarekin ertz polit eta erraza eskalatzeko aukera eskaintzen du. Haize gogorra iragarrita zegoenez, altuera gutxi hartzen duen eremu honetara jo genuen egun pasa egin bidenabar.


10:12 : Ataun (240m)
Autoa bide bazterrean utzi eta eskalatu beharreko ertza begibistan genuela errepidetik goiti metro batzuk egin genituen.



Eskalada beheitiko zuaitz horien ondoan hasten da eta irudiko pareta igotzen du goitiko puntaraino. Errepidea utzi, errekatxoa gurutzatu eta I+ graduko plaka etzan batzuk gaindituta bidearen azpiko aldean kokatu ginen.



  • 1. luzea (4c, 40m): Bide osoko luzerik zailena da eta V. gradua ere ematen diote hainbat deskribapenetan. Lehen zati bertikalago baina erraz batzuk gaindituta, plaka etzanetatik igotzen da teilatutxo baten azpiraino. Hori igotzean dago zailtasunik handiena.



  • 2. luzea (4a, 40m): Bileratik ezkerretara atera eta pareta gehiago etzaten da. Hortik aitzin pausu errazak egiten dira.



  • 3. luzea (3c, 45m): Metro batzuk oinez eginda 3. luzeari ekin genion. Kanaletxo batetik ekiten zaio eta gero plaka bat igotzen da, belarrezko terrazetatik 3. bilerara ailegatzeko.

  • 4. luzea (4b, 40m): Hasiera plaka etzanak zehartuz egiten da eta akitzeko diedro bertikal bat igo behar da. Bidearen bigarren pausurik zailena da honakoa.



  • 5. luzea (II, 50m): Azken luzea nahiko horizontala da. Paretatxo pare bat gainditu behar dira, baina ez dauka zailtasunik.





11:50 : Jentilbaratza (465m)
Bidea ordu eta erdi eskasean eskalatu genuen hego haizearen bolada gogorretatik behingoz urrudu nahian. Halako haizeak ez zigun eskaladaz nahi bertze gozatzen utzi, arras deserosoa suertatu baitzen. Gailurrean argazki batzuk eta ahal bezain fite beheiti abiatu ginen.


Agaotz mendi inguruak...


Ataun herria gailurretik...


Hegoalderantz baserriak...


Jaitsierarako ekialderantz soka finko batzuen laguntzaz lepotxo bateraino joan eta hortik eskuinetara irudiko kanale bertikala jaitsi genuen. Paretatxo batean soka finko bat du laguntzeko eta zuhaitz batean rapel bat ere muntatu daiteke.


12:30 : Ataun (240m)
Zuhaitz arteko bidexkatik errepidera itzuliko ginen, bertatik autoraino jaisteko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina