EGUNA: 2019/11/16
IRTEERA: Col des Borderes (1156m)
ZAILTASUNA: S2
DENBORAK:
- Igoera: Bi ordu
- Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Hemen Aubisque mendate ezagunera igotzen den bidea hartuta Val d'Azunen barneratuko gara. Arrens herrira ailegatzean Col des Borderes mendatera igotzen den bidea hartuko dugu. Hemen utzi behar da autoa.
KRONIKA:
Bortz hilabete pasatxo eskiak gorde genituela eta udazken elurtsuak jadanik berriz ateratzeko aukera eman digu. Goiz hasi da negu kolorea hartzen eta gelditzeko etorri dela ematen du, baina ikusi behar.
Azaroko elurteek Pirinioetara bidean jarri gaituzte. Eguraldi ezegonkorra eta iragarpen aldakorrak ikusita, Hautacam inguruan zerbait egitea zen intentzioa, baina gauez ez genuen errepide izoztuan bertaraino ailegatzerik lortu eta Bordereseko leporantz jo genuen bertze zerbait egiteko.
8:31 : Col des Borderes (1156m)
Gau hotza furgonetaren babesean goxo pasata, goiz ernatu gara. Izan ere, goiz erdirako eguraldi txarra eta elurteak iragarrita zeuden. Gosaldu eta lepo ondoko pistatik goiti abiatu gara Gabizos mendien begiradapean.
Lehen zatia pista batetik egiten da, baserri, belagi eta zuhaitz artean. Bertatik gure eguneko helburua zen mendia parez pare genuen.
Eskuineko aldean berriz Gabizos mendiak, liluratuta utzi gaituzte egun guzian zehar.
Pista, zuhaitzak, belagiak eta baserriak gibelean utzi malda tenteagoetatik irudian erdian ikusten den leporainokoa egin dugu. Hortik gibeleko mendira igoko ginen.
Lepotxoan geldialdia inguruaz gozatzeko. Goiza aitzinera joan ahala hodeiak nagusitzen ari ziren zeruan, baina oraindik ikuspen ona genuen. Argazkiaren eskuinean eski-jaitsiera ederrak fitxatzeko aukera izan dugu, Cabaliros eta Picarre mendietan.
Azken metroak lepotxora Val d'Azun inguruak gibelean genituela. Ipar-eskia egiteko estazioa dago gain horietan.
Lehen lepotxotik bertze malda pare bat gelditzen zitzaizkigun ezkerretan ikusten den Courade det Mail mendi dotoreraino.
10:22 : Courade det Mail (1760m)
Berez gailurra altuera bertsuko hiru puntaz dago osatua. Xumea da altueraz, ezezaguna izenez, baina zoragarria iruditu zaigu, berezia. Eta gainera bakartia.
Punta batetik bertzera ibili gara jolasean...
Inguruaz gozatzen...
Eta gehien gozatu duguna jaitsieran izan da, doike. Elur-hauts arina harrapatu dugu argazkian ezkerretara ikusten diren maldetan beheiti. Lastima ona laster akitzen dela...
Pistatik beheiti abiatu gara abiapuntura, lehen elur malutekin batera...
11:39 : Col des Borderes (1156m)
Goiz akitu dugu ateraldia, baina ezin genuen gehiago luzatu eguraldiagatik. Iragarpenek errandakoa baino gehixeago luzatu da borraska eta eskerrak. Estreinaldi polita egin dugu!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina