2019/12/04

Pico de Astun Occidental (2278m), Malacara (2269m)

EGUNA: 2019/12/03

ABIAPUNTUA: Astun (1730m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Astun - Col des Moines : Ordu eta erdi
  • Col des Moines - Cabane de la Glere : 45 minutu
  • Cabane de la Glere - Malacara : 2 ordu
  • Malacara - Astun : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara doan autobidea hartuko dugu. Behin Jacara iritsita Candanchu eta Astungo eski estazioetara igotzen den bidea hartuko dugu. Somporteko lepoan Astunera eskuin hartuko dugu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Aste tarteko besta egunean iragarritako eguraldi ederra lagun, Astungo eski estaziora jo genuen bertako hego aurpegiren batean elur goxoa harrapatzeko intentzioarekin. Behin han eta oraindik asteburuko elur berriaren arrastoak ikusita plan aldaketa eta aspalditik buruan nuen ibilbidea egitea erabaki genuen.

10:05 : Astun (1730m)
Estazioko kalapita gibelean utzi eta Escalarreko amildegian goiti abiatu ginen.


Izen bereko lakura ailegatu baino lehen amildegiaren ezker aldetik igotzea komeni da. Bortz bat zentimetroko elur hauts geruzatxoak anitz errazten zuen igotzea, azpian elur gogorra izan arren.


11:01 : Ibon del Escalar (2078m)
Behin amildegia akituta, laku izoztua gainetik gurutzatu genuen Moineseko lepoaren bila.


Gure gibelean ezkerretara duela urte batzuk eskiatu genuen Belonseiche edo Escalar mendia utziko genuen. Paraje ederra da hau, estaziotik hurbil, baina zalapartatik babestua.


Azken metro errazak leporaino.


11:15 : Col des Moines (2168m)
Lepora ailegatuta Bioseko isuarialde zoragarria bistaratu genuen, Midi d'Ossau handiaren itzalean. Errekaraino eginen genuen ipar-ekialdeko orientazioko jaitsiera egiteko gure eskuinetara genuen  tontortxora igotzea hobe zela erabaki genuen. Honela, sasi-ordekak saihestuko genituen.


11:30 : Pico de Astun Occidental (2278m)
Astun mendiaren gandorrean dagoen kasko hau izanen zen gure lehen jaitsieraren abiapuntua. Gauzak prestatu eta beheiti!


Elur bikaina harrapatu genuen lehen jaitsiera honetan, azpiko geruza gogorraren gainean 5-10 zentimetroko elur-hauts arina.


Lehen elur malda jaitsita Paradis eta Caillabet de Rebec mendien arteko bailaratxoaren hego isurialdetik zeharkaldi luzea egin genuen.


Zeharkaldia akituta, bizkar batetik lehen jaitsiera akituko genuen Glereko etxolaren inguruak eta gero igo beharko genuen bailaratxoa bistaratu genituen.


12:20 : Cabane de la Glere (1721m)
Zelaitxo honetan egin genuen transizioa. Errekatxoa gurutzatu eta goiti abiatu ginen, Astungo lepoaren bila.


Gure gibelean Moines, Paradis, Casterau eta Ayous mendiak utzi genituen.


Amildegiaren ezkerretik poliki-poliki metroak irabazten...


Metro batzuk galdu eta Baigt de Houer izeneko parajean barneratu genuen. Astungo lepoa parez pare genuen.


Mantso-mantso egin genuen goiti malda etzanetatik. Isuarialde honek ere eskirako aukera bikaina eskaintzen du.


Lepoaren azpiko maldan...


14:02 : Collado de Astun (2189m)
Lepoan haize zitalak eman zigun ongi etorria. Hala ere ezkerretara igotzea erabaki genuen Malacarako gailurreraino.


Ertz erraza izan arren azken metroetan elur gogorra zegoen eta bi aldiz pentsatu gabe eskiak motxilak sartu genituen malda hau gainditzeko.


14:28 : Malacara (2269m)
Eguneko bigarren igoera akituta abiapuntura itzultzeko prest ginen.


Haize izoztutik ihesi gailurraren hegoaldera metro batzuk egin genituen transizioa lasaiagoa izateko. Ondotik elur gogor baina eskiagarritik itzuliko ginen eski pistetaraino handik estaziora jaisteko.


15:05 : Astun (1730m)
Hala akitu genuen ibilbide zirkular polita, negu eta udaberriaren zati handi batean egiten ahal dena 1700 metroko altueratik goiti egiten baita momentu oro.

BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina