EGUNA: 2019/12/28-30
ABIAPUNTUA: Balneario de Panticosa (1636m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S3
- Alpinismo zailtasuna: PD. Gran Facha mendiaren hego-mendebaldeko ertzak harkaitz eta elur artean eskaladatxo batzuk (I+) egitea eskatzen du.
DENBORAK:
- Balneario de Panticosa - Refugio de los Ibones de Bachimaña : 2 ordu
- Refugio de los Ibones de Bachimaña - Gran Facha : 4 ordu
- Gran Facha - Refugio de los Ibones de bachimaña : 2 ordu
- Refugio de los Ibones de Bachimaña - Ibon de Arnales : Ordu bat
- Ibon de Arnales - Balneario de Bachimaña : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jakako bidea hartu behar da Pirinioetako Autobidean barrena. Jaka zeharkatuta Sabiñanigo aldera jo behar da eta bertara ailegatu aitzinetik Formigal eski estaziora doan errepidea ikusiko dugu. Errepide horretan goiti segiko dugu, Tenako bailaran zehar, eskuinetara Panticosa herrira doan errepidea ikusi arte. Errepide horretatik igoko gara, herria gibelean utzi eta Balneario de Panticosara segituz.
ARRASTOA:
(Momentu batean Gran Fachako igoeran nahastu eta okerreko bidea hartu genuen, beraz kasu arrastoarekin)
(Momentu batean Gran Fachako igoeran nahastu eta okerreko bidea hartu genuen, beraz kasu arrastoarekin)
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Urteari akabaila ederra eman diogu mendiari dagokionez, ibilbide ikusgarria eginda Pirinioetan zifra magikoa de 3000 metrotik goitiko tontor bat igoz. Ibilbide bakartia abenduko eguzki ahularen argitan eta ertz polit batekin akitua, dudarik gabe mendi-eskiz egin dudan onenetako bat.
2019/12/28
14:51 : Balneario de Panticosa (1636m)
Goiz erdian jarria genuen hitzordua herrian, eguneko "eginbehar" bakarra aterpera igotzea baitzen. Panticosarainokoak egin, gauzak prestatu eta eskiak bizkarrean abiatu ginen GR10 bidetik.
Neguko tonalitate bereziak izanen genituen lagun ondoko egunetan. Udaberrian ibilia nintzen paraje hauetan elurretan, baina neguko giroa magikoa da zinez.
1800 metrotik aitzin elur jarraia harrapatu genuen, baina eskiak bizkarrean eramatea erabaki genuen Cuesta del Fraile deitzen den maldaren azpiko alderaino.
Ibilbide gora beheratsuak eta oinezkoen arrastoen ez dute zati honetan eskiekin igotzea errazegi egiten.
Gibelean inguru honetako mendi-eskirako gailur klasikoak hasi ziren agertzen, Tablato eta Foratula, bertzeak bertze.
Erran bezala, Cuesta del Fraile deitzen den maldaren azpian eskiak oinetara eta aterpera ailegatzeko azken zatiari ekin genion.
Malda akitu, zeharkalditxo bat (kasu hemen elur gogorra badago) eta Bachimañako azpiko urtegia zeharkatuta ailegatuko ginen aterpera.
16:34 : Refugio de los Ibones de Bachimaña (2191m)
Bigarren aldia nuen aterpean eta kasu honetan bi gau pasatuko genituen, Gran Facha egin eta ondoko egunean jaisteko. Alimaleko eraikina da, 80 lagunendako lekua duena eta afaria aski ona iruditu zitzaidun. Gosaria aldiz, eskasa.
2019/12/29
9:00 : Refugio de los Ibones de Bachimaña (2191m)
Biharamunean haize finak eman zizkigun egun onak aterpeko epeletik atera bezain laster. Maldatxo bat jaitsi eta Bachimañako gaineko urtegirantz abiatu ginen.
Aterpea gibelean, eguneko lehen argitan...
9:12 : Embalse de Bachimaña Alto (2207m)
Minutu gutxitan bigarren urtegia erdiz erdi zeharkatzen ari ginen. Zirrara eragiten du horrelako urtegi handi bat gainetik zeharkatzeak!
Ezkerretara Infierno lepora igotzen den bailara utzi genuen, Picos del Infierno, Piedrafita eta Marmoleras, Gaurier eta Punta Zarra mendiekin.
Urtegiaren ondoko etxolatxoa gibelean utzi eta hegoalderantz segitu genuen izoztutako lurraldean barneratuz.
Hodi batetik zuzen igo daiteke Pezicoko lakuetara, baina elurra gogorregia izanen genuelakoan ezkerretara igo ginen argazkian ageri den maldatik. Elur gogorra zegoen hor ere eta kutxilak jarrita gainditu behar izan genuen.
Malda pasatuta aterpean gurekin egon zen Oreretako Jonekin elkartu ginen. Bera ere Gran Facharako asmotan zihoan eta elkarrekin segitu genuen.
Puntu honetan etorri zen gure egunko akatstxoa, Laburbide bat izanen zelakoan gida batekin zihoan talde bati segitu genion irudian ageri den bailaratxotik eta 100 bat metro goitiago gainditzen ezinezkoa zen amildegi bat harrapatu genuen. Foka-larruak kendu eta egindako bidea jaitsi behar izan genuen ordubete inguru galduz.
Bide onera etorrita Pezico lakuek osatzen duten zirkuan sartu ginen.
11:25 : Embalse de Pezico (2474m)
Ia bi ordu eta erdi generamatzan eta oraindik urrun ikusten zen Gran Facha ikusgarria. Poliki-poliki irudiaren ezkerretara ageri den lepora igotzea erabaki genuen eta gero gerokoak.
Laku hau ere erdiz erdi zeharkatu genuen goitiko lakuetarantz. Zirkuaren bukaeraraino segitu behar da, zoko misteriotsu honetan barneratuz.
Eta goitiko lakuetatik parez pare genuen Forqueta de bachimaña deitzen den lepora ailegatzeko igo beharreko azken malda.
Poliki-poliki bezperan igo zirenek egindako arrastotik metroak irabazten hasi ginen...
12:29 : Forqueta de Bachimala / Collado de Pezico (2781m)
Uste baino lehenago ailegatu ginen lepora. Parez pare Balaitus handiak eman zigun ongi etorria.
Lepotik eskuinetara biratu eta metro gutxi batzuk galduta zeharkaldi bat egin behar da Gran Facha aldera joateko. Guk segidan utzi genituen eskiak, bertze aldea ez baita arras eskiagarria eta berriz lepo berera itzultzeko intentzioa baikenuen.
Ordu bata inguru ziren lehen aldiz Gran Fachara igo beharreko azken zatia bistaratu genuelarik. Nahiko mantso beraz. Bilkuratxoa egin genuen segitu edo ez erabakitzeko eta saiatzea erabaki genuen. Ordu biak jarri genituen tope moduan, ordu horretarako kaskoan egon ezean buelta erdia hartuko genuen. Aipatu igoera argazkiaren ezkerretara ageri den ertzetik egin genuela, gero gandorra eskuinetara zeharkatu eta gailurrera ailegatzeko. Erdiko elu-maldatik ere igo daiteke, baina elur guria harrapatuko genuelakoan, ertza hautatu genuen.
Metro batzuk galdu, berriz irabazki eta maldaren azpian kokatu ginen...
...eta hego-mendebaleko ertz zabal eta maldatsutik goiti hasi ginen.
Hego mendebaldeko ertz akitzen. Oraindik zati bat falta zitzaigun, entretenigarriena.
Lehen bizkarretik goiti afera interesgarri jartzen da eta elur zatiak eskaladatxoekin tartekatzen dira.
Gozatzen...
Ez da zaila, baina ezkerretara (iparraldera) patio handia dago eta batzuetan eskuinetara ere bai!
Azken metroetan Balaitus gibelean genuela...
13:57 : Gran Facha (3005m)
Ederki kostata harrapatu genuen tontorra eta poza ere halakoa izan zen. Bide zuzena hartuz gero lau orduz egiten ahal da, baina guk bortz pasatu genituen.
Picos del Infierno inguruak gailurretik.
Ipar-ekialdean Wallongo aterpea kokatua dagoen bailara, toki polita hori ere.
Gailurreko argazkia, zerbait jan eta beheiti, ilundu baino lehen ailegatu nahi baikenuen.
Arestian erran bezala beheitirakoa elur maldaren erditik egin genuen, hori bai lehendabizi ertz zati bat jaitsi behar da. Hego mendebala izanik elurra baldintza onetan topatu genuen, baina gogorra badago kasu eman beharreko zatia da, 40 gradu inguruko maldak baititu momenturen batean.
Berriz eskietara bueltan gibelean igotako mendia genuela.
15:24 : Forqueta de Bachimaña / Collado de Pezico (2781m)
Lepora itzuli, gauzak prestatu eta eskiatzeko momentua zen...
Elurra gogortzen hasia zen ordu horretarako malda gehienak berriz itzaletan baitzeuden. Motzak dira abenduko egunak eta ongi kudeatu behar da denbora. Guk ia egun guzia behar izan genuen.
Pezicoko zirku bakarti eta ordu horretan hotza agurtu genuen. Toki zoragarria!
Eta jaitsiera zuzena egin genuen Bachimañako lakura arestian aipatutako hoditik.
Eguzkia jadanik Infierno mendien gibelean sartzen hasia zen.
16:27 : Embalse de Bachimaña Alto (2207m)
Urtegia berriz gainetik zeharkatu genuen aterpea hurbil izateak ematen duen lasaitasunarekin.
16:38 : Refugio de los Ibones de Bachimaña (2191m)
Eta egunaren azken argitan ailegatu ginen aterpera. Nekatuta baina kontent, igoera garagardo batzuekin ospatzeko gogoz.
2019/12/30
9:30 : Refugio de los Ibones de Bachimaña (2191m)
Hirugarren eta azken eguna itzulerakoa zen. Igotako bidetik jaitsi ordez Pondiellos aldera igotzea erabaki genuen. Horretarako Cuesta del Fraileren gainetik goizeko elur gogorretan egin beharreko zeharkaldia aurreikusiz, kranpoiak oinetan atera ginen aterpetik.
Azkenean zeharkaldia uste baino errazago egin genuen, baina kasu eman beharrekoa da elurra gogor baldin badago.
Hortik aitzin bideak ez du inolak zailtasunik, baina aunitzik igo gabe segitzen du.
Eskiak bizkarrean genituela segitu genuen pixka batean baina laster jarriko genituen.
Eta hala segitu genuen Arnaleseko laku aldera, paraje zoragarrian...
10:53 : Ibones de Arnales (2336m)
Arnaleseko lakuen gaineko muinotik Argualas eta Garmo Negro aldera ikuspegi ederra agertu zitzagun. Oraindik zeharkaldi gehiago egin behar genuen Pondielloseko lepora igotzen den maldara sartzeko.
Metro batzuk galdu genituen gero berriz ere igotzeko...
...eta 2400 metro inguruan Balneario de Panticosara jaisten den hego-ekialdeko malda ederraren gainean kokatuta gehiago ez igo eta zuzenean beheiti jaistea erabaki genuen.
Eskiak prestatzen jaitsiera ederraz disfrutatzeko...
12:48 : Mallata Baja (1900m)
Puntu honetan akitu genuen eguneko jaitsiera. Eskiak bizkarrera eta Balneariora...
13:09 : Balneario de Panticosa (1636m)
20 minutu eskasean berriz autoan ginen. Etxera itzuli aitzinetik ordea Casa de Piedran ederki bazkalduta ospatu genuen ateraldi ederra!
BIDEOA:
Ole! que buena! La Facha desde Panticosa! Menudo rutón! Es largo y solitario, solo para valientes! Lo hice hace muchos años también por estas fechas. Hay que andar ligero para que no se haga de noche! Le tengo un gran recuerdo!
ErantzunEzabatuhttps://www.youtube.com/watch?v=uGRDFhVilgs el vídeo
https://davidmalabarista.blogspot.com/2012/12/gran-facha-con-esquis-desde-el.html
Hola David!
EzabatuHabía leído tu reportaje los días antes de la salida. Vosotros tuvisteis más mérito ya que partisteis desde el Balneario. Nos encantó la ruta, de las mejores que he hecho con esquís. Solitaria y con ambiente especial ahora con las luces de invierno.
Vosotros también buena travesía habéis hecho por las Maladetas eh! Eso sí, como bien decís mejor para primavera que para ahora...
Que vaya bien!