2020/01/07

Cap des Closos (2417m), Tuc deth Miei (2258m)

EGUNA: 2020/01/04

ABIAPUNTUA: Pla de Beret (1844m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Pla de Beret - Cap de Closos : 2 ordu
  • Cap de Closos - Tuc deth Miei : 40 minutu
  • Tuc deth Miei - Pla de Beret : 20 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko iparraldetik joanez gero, errazena A64 autopistatik joatea da. Bertatik Lleida/Bagneres de Luchon irteeraraino segitu eta irteera hau hartuta Lleidako norabideari jarraituko diogu une oro. Val d'Aranera ailegatuko gara horrela. Hemen Vielha zeharkatu eta Baqueira-Beret eski estaziora igotzen den errepidea hartuko dut. Baqueira herria, Bereteko zelaiko aparkaleku handira doan bidea segitu behar da. 

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Urtea ongi hasteko elur bila ibili gara Pirinioetan eta aldatzeko Val d'Aran aldera jo dugu. Inguru honetan behin baino gehiagotan ibili arren, inoiz ez nuen mendi-eskirik egin bertan eta egia erran aukera zabala eskaintzen du. Oraingo baldintzetan ere, eski estazioak dituen aparkaleku altuei esker, elur ausarki eta ona harrapatu dugu.

10:34 : Pla de Beret (1844m)
Arango trigoliatxoa hiru irteeretatik errazenarekin hasi genuen. Lehen egun honetan eguraldi hotz baina freskoa zegoen iragarria eta altuera gutxieneko aukera hartu genuen, Cap de Closos aldea alegia.


Estazioko aparkaleku handian autoa utzi eta iparraldera abiatu ginen, pistak eta jendea gibelean utziz.


Aparkalekutik bertatik ezkerretara ikusten genuen menditxoa inguratu genuen bere iparraldean dagoen Balonguetako errekan barneratuz. Bertatik parez pare ikusten genituen Cap de Closos mendiaren malda zabal eta etzanak.


Pinu basotxo bat zeharkatu eta aipatutako maldetan goiti segitu genuen.


Erran bezala malda zabal eta eztiak dira mendiaren hego-ekialdekoak, eskirako eta erraketekin ibiltzeko bikainak. Arriskurik gabe, hasiberriendako ere leku aproposa da.


Pedescauc eta Cap de Clososen arteko bizkar zabalera atera ginen eta jadanik beheitiago nabaria zen haize hotzak gogorrago jotzen zuen bertan.


Bizkar horretatik egin genituen gailurrerainokoak.


12:24 : Cap des Closos (2417m)
Kaskoan argazki pare bat, foka larruak jantzi eta beheiti abiatzeko prestatu ginen. Ipar-haize finak ez zuen egonaldi luzetarako aukerarik ematen.


Aneto-Maladeta mendigunea gailurretik...


Urrunean Neouvielle ingurua ere ikusten zen... Gainerakoak ez nituen ezagutzen...


Haize finak eta tenperatura freskoak ez zioten elurrari behar bezala transformatzen utzi eta beraz elur gogor samarrean egin genuen lehen jaitsiera. Hala ere, nahiko ona izan zen. 2200 metro inguruan berriz fokak jarriko genituen Miei menditxora igotzeko.


Irudian ikusten den muino zabala da Miei, aparkalekutik gure ezkerretara ikusten genuen gailurtxo leuna. Bertara igo eta hego-ekialdeko malda eguzkitsuetatik zuzenean aparkalekura itzuliko ginen.


Cap des Clososen antzera, inolako zailtasunik ez duen gailurra da Miei.


13:08 : Tuc deth Miei (2258m)
Gailurretik Cap des Clososeko hego-ekialdeko malda zuriak parez pare genituen. Udaberriko elurra bilatzeko egindako norabidea aproposa da. Elur hautsarekin ere zonalde hau bikaina izanen da eta elur-jausi arrisku gutxikoa.


13:44 : Pla de Beret (1844m)
Bigarren jaitsiera ez zen lehena bezain ona izan elur gogorra eta aitzineko egunetako arrastoen kulpaz. Hala ere, hiru ateraldietatik lehendabizikoa balekoa izan zen!

BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina