EGUNA: 2020/01/06
ABIAPUNTUA: Boi-Taull eski estazioa (2040m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- Igoera: Bi ordu
- Jaitsiera: Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko iparraldetik joanez gero, errazena A64 autopistatik joatea da. Bertatik Lleida/Bagneres de Luchon irteeraraino segitu eta irteera hau hartuta Lleidako norabideari jarraituko diogu une oro. Val d'Aranera ailegatuko gara horrela. Hemen Vielha zeharkatu eta tunela pasata N230 errepidetik segituko dugu gure ezkerretara Vall de Boi bailarara sartzen den errepidea hartu arte. Hemendik igoko gara, Barruera herria zeharkatu eta eskuinetara Boi-Taull eski estaziora igotzen den errepidea hartzeko.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Gure oporraldiko azken saiorako, Val d'Aran utzi eta ordubete eskasean Vall de Boin kokatu ginen. Hasmentako intentzioa Cavallerseko urtegitik goiti Monges mendiko hego magaletan eskiatzea zen, baina abiapuntura igo eta elurra arras goiti zegoela ikusita planez aldatu behar izan genuen. Cavallerseko aparkaleku inguruan bi iruindarrek Boi-Taull inguruan aukerak bazeudela aipatu eta bertara zuzendu ginen bi aldiz pentsatu gabe.
11:07 : Estacio d'esqui de Boi-Taull (2140m)
Mantso hasi ginen ibiltzen. Uste dut inoiz ez naizela hain mantso hasi, baina mendiaren hego-mendebaldeko maldek astia beharko zuten transformatzeko eta beraz denbora sobera genuen.
Eski estaziotik iparraldera ateratzen den itxitako pista batetik egin genuen igoeraren zati handi bat. Vista Aran Collbirros da pistaren izena eta aparkalekuaren ezkerrean gelditzen dena da.
Collbirroseko amildegian barneratu eta itzaletatik aterata Bony de la Redona mendiaren magal eguzkitsuetan goiti segitu genuen, jadanik pistatik kanpo.
Hego-mendebaldeko malda zabaletatik igotzen ginen bitartean gibelean Vall de Boi guzia genuen ikusgai.
Azken metroak bizkarretik...
13:26 : Bony de la Redona (2628m)
Gailurrean, egote ederra izaki, egonaldi luzea egin genuen, zerbait jan eta elurrari transformatzeko astia emanez.
Iparraldera Contraix eta Colomers inguruak...
Mendebalderago Besiberri mendigunea, deskubritzeko falta zaidan azken 3000ko multzoa.
Eta Aneto erregea ere oraindik agendan dago...
Argazkiaren ezkerrean bertze zonalde ezezagun bat: Cotiellako mendigunea. Urrunean Monte Perdido, Cilindro eta abarrak ere ageri ziren.
Egonaldi luzearen ondotik hego-mendebaldera jaitsiera zuzena egin genuen irudian ikusten den maldatik. Di-da jaitsi genituen 600 metroak...
14:34 : Estacio d'esqui de Boi-Taull (2140m)
Mendi borobil honetan akitu genuen urteko lehen astean egindako mendi-eski egonaldia, inguru berriak ezagutuz eta mendi politak eskiatuz.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina