2020/01/12

Escalabor (2054m), Pene de Bassots (2012m)

EGUNA: 2020/01/11

ABIAPUNTUA: Bederet - Luz Ardiden (1680m)

ZAILTASUNA: S2

NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Luz-Ardiden eski estaziora igotzen den errepidea hartu behar da eta estazioko aparkaleku nagusira ailegatu baino pixka bat lehenago eskuinetara Bedereteko sektorera igotzen den bidea hartuko dugu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Aspaldiko partez elur pixka bat egin eta Baionako manifestazioan arratsaldean hitzordua izan arren, eskapadatxo labur bat egin nahi izan dugu elur-hautsaren zaporea nolakoa den oroitzeko. Elur baldintzak ikusita ongi hautatzea ez zen erraza. Alde batetik, egindako elurra gutxi izanda, lehendik elurtuta zeuden magalak bilatu behar, 1800 metrotik goiti beraz. Bertzetik, elur gehien Pirinioen ipar partean egin duenez, ahalik eta iparralderen joan nahi genuen. Gourette, Grand Tourmalet eta Luz Ardideneko eski estazioetan jarri genuen begia, inguru haietako mendiak bisitatzeko. Azkenean, ateraldia laburra izan behar zenez, Luzek irabazi zuen eta estazioaren iparraldeko mendietako sektorea ezagutu ahal izan genuen.

7:52 : Bederet (1680m)
Goizeko seietarako jarri genuen iratzargailua Luz-Saint Sauveurren utzi ziguten etxean. Arratsaldeko 15:00etan Baionan egon beharrak, goizean goiz mugitzera behartzen gintuen eta gainera, elur maldak zapaltzen lehenak izan nahi genuen. Hala, aparkaleku hutsean autoa utzi eta erdi ilunetan abiatu ginen Conqueseko etxolara eta Riouko lepora igotzen den pistatik.


Gure oinetan Luz-Saint-Sauveur inguruak oraindik iratzartzear...


Pistak altuera gutxi irabazten du Conqueseko etxola kokatua dagoen ingururaino, hortaz igotzeko aproposa izan arren, hobe da guk egin genuen lekutik jaistea. Etxola ingurutik hasmentako helburu ziren Arribans eta Pene Nere mendietan ia elurrik ez zegoela ikusita, planez aldatu eta Escalabor mendiaren ipar ekialdeko maldak hautatu genituen.


Pista utzi eta elur freskozko maldetan goiti igotzen ari ginela eguzkiak egun onak eman zizkigun.


Pereza ematen du goiz altxatzeak, baina inguru hauetan inor gabe ibiltzeak ematen duen plazerrak laster atzenduarazi zigun hori.


Gailurrera hurbiltzen...


Gandorrera aterata, mendebaldean Cauteretseko bailara eta Moun Ne handia agertu zitzaizkigun. Metro gutxi batzuk bertzerik ez ziren falta gailurrera ailegatzeko.


9:27 : Escalabor (2054m)
Autotik atera eta ordu eta erdi eskasean kaskoan ginen lehen aldiz. Bertatik ikuspegi aparta genuen Picos del Infierno, Balaitus edo duela gutxi igotako Gran Facha mendietara.


Eta nola ez Moun Nera. Pirinioetako malda ederrenetakoa bere hego-ekialdeko maldatzar hori da. Zoragarria! Ea noizbait bertara hurbiltzen garen eskiz...


Gauzak prestatu eta Escalabor mendiaren ipar-ekialdeko maldetan lehen jaitsiera bat egin genuen. Elurra primerakoa!


Berriz foka-larruak jarri eta goiti, Pene Nere mendiaren oinean...


Magal osoa guretako zen. Igoera eta jaitsierako arrasto bakarrak gureak...


Berriz gailurrera ailegatzen...


Escalaborren 2054 metrora dagoen kota utzi eta sasigailurrera segitu genuen bigarren jaitsiera bertatik egiteko.


10:29 : Escalabor (2048m)
Bigarren jaitsierarako prestatzen...


Bigarrena ere ederra izan zen. Elur gogorraren gainean zegoen 10 bat zentimetroko elur hauts geruza plazer hutsa zen eskiatzeko.


Azken igoera Pene de Bassots deitzen den tontorrera eginen genuen bertatik eski estaziora itzultzeko.


Pena ematen zigun jaitsiera gehiagp ez egiteak baina ez zegoen gehiagorako astirik. Irudian, ezkerretara Pene de Bassots eta eskuinetara Escalabor eta gure jaitsierako arrastoak.


Pene de Bassots metro batzuetara...


11:27 : Pene de Bassots (2012m)
Eguneko hirugarren igoera eta bigarren gailurra. Bertatik eginen genuen azken jaitsiera, hego magaletik eski pistetara sartuz eta handik autora.


Neouvielle eta Pic Long inguruak, eta beheitian Luz.


Troumouseko zirkua ere parez pare ikusten genuen, Munia eta gainerako 3000koekin.


11:50 : Bederet (1680m)
Azken jaitsiera autora eta presaka Baionara, euskal presoen eskubideak aldarrikatzera.

BIDEOA:

2 iruzkin:

  1. Vaya descenso! Que envidia veros bajar !!!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Hola David!

      La verdad es que tuvimos muy buena nieve y se dejaba esquiar muy bien. 5-10 centímetros de polvo ligera encima de nieve dura. Un regalo.

      Ezabatu