2020/01/07

Cap del Muntanyo d'Arreu (2627m)

EGUNA: 2020/01/05

ABIAPUNTUA: Port dera Bonaigua (2003m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko iparraldetik joanez gero, errazena A64 autopistatik joatea da. Bertatik Lleida/Bagneres de Luchon irteeraraino segitu eta irteera hau hartuta Lleidako norabideari jarraituko diogu une oro. Val d'Aranera ailegatuko gara horrela. Hemen Vielha zeharkatu eta Bonaiguako lepora igotzen den errepidea hartuko dugu. Lepoa pasatu eta beheiti abiatuta, eski estazioko azken aparkalekura ailegatu baino lehen gure eskuinetara bide bazterrean dagoen aparkalekutxo batean utziko dugu autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bigarren eguna Vielhan egindako egonaldiaren barne eta aldi honetan Baqueira-Beret estazio erraldoiaren ekialdeko ertzera jo dugu. Hego aurpegi bila, udaberriko elurraz gozatzeko malda ederrak eskaintzen ditu mendi honek eta Beret inguruko mendietan ez bezala, lasaitasuna ziurtatua dago.

10:01 : Port dera Bonaigua (2003m)
Bonaiguatik ekialdera jaisten den errepidean kilometro inguru jaitsi eta bide bazterrean autoa utzita goiti abiatu ginen.


Ibilbidearen lehen zatia maldatsua da eta goizeko ordu horietan oraindik elur gogorrarekin zegoen. Gauzak honela, metro gutxiren buruan eskiak motxilan jarri eta kranpoi eta pioletaren laguntzaz egin genuen goiti.


Lehen zatia gaindituta, maldak aunitz etzaten dira eta pinu, sakongune eta bailaratxo arteko zati polit eta errazean barneratu ginen.


Boscas lakutxoa goititik inguratu genuen zeharkaldi bat eginez. Aitzineko egunetako eski arrastoak nabariak izan arren, guk egunean ez genuen inor ere ikusi.


Poliki-poliki goiti eremu errazetatik...


...eta aitzinean gure eguneko helburua ikusten hasi ginen. Urrunen ikusten den mendia da, bere malda zuriarekin.


Altuera gutxi irabaziz segituko genuen magaleraino eta behin azpian kokatuta zuzenean igoko ginen goiti.


Gibelean utzi genuen inguruko mendi klasiko bat: Tuc de la Cigalera. Zonalde ederra da benetan...


Hala, mendiaren azpian kokatuta, hegoaldeko malda tenteagoetatik goiti segitu genuen.


Azken zatian elur gutxi zegoenez, eskiak motxilara eta oinez segitu genuen.


Gailurraren hego lepora atera ginen, handik ertz erraza segituz goiti ailegatzeko.


12:51 : Cap del Muntanyo d'Arreu (2627m)
Tontorrean egote ederra zegoen, haizerik ez, jenderik ere ez... Luze egon ginen...


Mont-Roig, Certascan eta Pica d'Estats inguruak gailurretik...


Ondoan, Lança ikusgarria. Gailurrean jendea zegoen. Hortik hegoaldera ere jaitsiera ona dago, baina bertara ailegatzeko eski pistetatik pasatu behar da.


Hegoaldera gure jaitsiera. Nork erran du ez dagoela elurrik?


Aneto-Maladeta mendigunea...


... Baciver eta Marimanhako hego aurpegiak. Lehena mendi-eski klasiko bat zen, baina bere gailurreraino teleaulki bat igotzen da orain eta xarma guzia galdu du. Ez naiz eski estazioen aurkako kanpaina bat egiten hasiko, baina norbaitek jarri beharko lizkioke mugak haien gose mugagabeari.


Gailurreko egonaldi luzearen ondotik, udaberriko elur goxoaz gozatu ahal izan genuen beheitirakoan.


14:36 : Port dera Bonaigua (2003m)
Aho zapore goxoarekin akitu genuen bigarren eski ateraldia, leku ederra deskubrituz eta elur onean eskiatuz.


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina