EGUNA: 2019/12/06
ABIAPUNTUA: Tournaboup (1450m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- Tournaboup - Bederaren iparraldeko lepoa : 3 ordu
- Bederaren iparraldeko lepoa - Lac Verteko harana : 20 minutu
- Lac Verteko harana - Bederaren mendebaldeko lepoa : 45 minutu
- Bederaren mendebaleko lepoa - Pic Bedera : 45 minutu
- Pic Bedera - Tournaboup : Ordubete
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara ailegatuko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate mitikorako bidea hartu behar da eta Tournaboupeko aparkalekura igo.
ARRASTOA:
KRONIKA:
Mendi-eskirako ehundaka aukera eskaintzen dituen Luz-Saint-Sauveur inguruan ibili gara asteburuan, udazkenean udaberri bila. Eta bila ibili garena bete-betean harrapatu dugu hegoaldeko isurialde eguzkitsuetan. Lehena Bedera inguruan, Tourmalet aldean...
9:26 : Tournaboup (1450m)
Eski estazioko aparkaleku handia baino pixka bat goitixeago ailegatu ahal izan ginen autoz, bi bihurgune goitiago hain zuzen ere. Gauzak prestatu eta eski-pista moduan jarrita dagoen Tourmaleteko errepidean goiti abiatu ginen IGNeren mapetan 1629 metrora dagoen bihurgunean bidea utzi eta Aoubeko bailaran barneratu ginen arte.
Laster itzala gibelean utzi eta eguzkiaren goxotasunera atera ginen. Egun ederra genuen zain.
Lehen malda zabal bat igota ezkerrean Aoubeko etxola utzi genuen. Parez pare genuen igoko genuen Bedera mendiaren hego-ekialdeko aurpegi malkartsua ere.
Etxolatik goiti arrastoz betetako malda zabaletatik segitu genuen. Gure lehen helburua parean, harkaitzen eskuinetara, ikusten den lepoa zen.
Noeuvielle inguruak gibelean.
...eta Cremat eta Pene Blanque aitzinean.
Aoubeko bailaratxo ezaguna utzi eta gure ezkerretara malda pikoago bat igotzen hasi ginen. Azken metroak eskiak bizkarrean genituela eginen genituen 40 gradutik goitiko maldatik.
12:22 : Bederaren iparraldeko lepoa (2400m)
Berez izen ofizialik ez duen lepo honetan eguneko lehen jaitsierarako prestatu ginen. Hemendik zuzenean Bederaren gailurrera igo daiteke iparraldeko ezproitik, baina guk mendia inguratu eta mendebaldetik igoko genuen.
Foka-larruak kenduta, iparraldera jaitsi ginen Lac Bleu aldera. Bederaren ipar-aurpegiaren azpitik zeharkaldi bat egin genuen ahalik eta altuera gutxien galduz.
2230 metro inguruan berriz fokak jarri eta hegoalderantz igotzen hasi ginen.
Laster bistaratu genuen Bederaren mendebaldeko lepoa. Handik ezkerretara ertz erraza igoz harrapatuko genuen gailurra.
Gibelean utzi genituen Lac Bleu eta Bizourtere mendia. Paraje lasaia, jende uholdeetatik hurbil, baina urrun aldi berean,
13:42 : Bederaren mendebaldeko lepoa (2365m)
Mendiaren iparraldeko aurpegi osoa inguratuta hego eta ipar isurialdeak lotzen dituen lepo honetara atera ginen.
Lepotik malda tente eta elur gutxidun ertzetik igo ginen kaskora.
14:16 : Pic Bedera (2513m)
Autotik atera eta ia bortz ordura harrapatu genuen gailurra. Ez da bertara ailegatzeko biderik motzena, baina ibilbide ederra egiteko aukera ematen du. Merezi du.
Neouvielle eta Monte Perdidoko mendiguneak gailurretik.
Zerbait jan bitartean gure gorputz nekatuei atseden pixka bat eman ondotik beheitirakoa egiteko momentua ailegatu zen. Eta a zer momentua! Hegoaldera malda paregabeak ditu Bederak, eskirako perfektuak eta gainera eguzkiak transformatutako elur goxoa harrapatu genuen.
Irudian lehen jaitsiera egin genuen ia 400 metroko elur malda zoragarria. Lehen zatia jaitsita, Lahudeko laku inguruak pixka bat igo eta Barbe menditik jaisten den bidea hartu genuen jaitsierarekin segitzeko. Bederara baino aise jende gehiago igotzen da Barbera, baina biak ezagututa erran behar dut niri Bederako jaitsiera hobea iruditu zaidala.
15:45 : Tournaboup (1450m)
Elurrak zuzenean autoa genuen lekuraino jaisteko aukera eman zigun. Duela bi urte Barben egon ginelarik pistatik jaitsi behar izan genituen metro hauek, baina oraingoan gailurretik autora 1000 metroko jaitsieraz zuzenaz gozatu genuen. Bikaina asteburuko lehen borrokaldia!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina