EGUNA: 2020/11/28-29
ABIAPUNTUA: San Martingo Harria (1760m)
ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (F+). Bi gailurretara igotzeko azken zatiek eskuekin lagundu beharreko pausu errazak dituzte (I).
DENBORAK:
- San Martingo Harria - Countende : 3 ordu eta erdi
- Countende - Cabane de Lacure : 2 ordu
- Cabane de Lacure - Añelarra : 4 ordu
- Añelarra - San Martingo Harria : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Erronkari ibarrera joateko Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu eta Irunberrira joan behar da. Hemendik Zaraitzuko bailarara doan errepidea hartu behar da Nabaskoize herrian utzi eta eta Burgi aldera jo arte. Coronaseko lepoa zeharkatu, Erronkarin sartu eta bailara igotzeari ekinen diogu. Izabatik goiti, Belaguan barneratuko gara eta San Martingo Harrira igotzen den errepideari segituko diogu.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Garai arraro hauetan egin ezin dugunaz kexatzen ibili ordez, egiten ahal dugunari ahalik eta zukurik handiena ateratzen saiatzen gara. Horrela, azken hilabetean hirugarren aldiz izan naiz Belagua inguruan. Azken ateraldi honetan Auñamendiren inguruan bi eguneko zeharkaldi zoragarria egin dugu, tontor ezagun honen ondoan dauden bertze bi igoz eta Lescun eta Larrako kontrastez betetako parajeak zeharkatuz. Eta guzia borobiltzeko, aspaldiko partez gaua etxola polit batean!
2020/11/28
9:34 : San Martingo Harria
Hodei aunitzekin eta tenperatura freskoarekin eman zigun ongi etorria egunak autotik atera ginenean. Egia errateko larunbaterako ez zegoen eguraldi onegia iragarria, baina gogotsu abiatu ginen 262. mugarriaren ondotik.
Arlas mendia gibelean utzita, Arette-La Pierre Saint Martin eski estaziotik igotzen den bidearekin elkartu ginen.
Larra-Belaguako ipar-eski pistak kokatuta dauden zonaldea lehen elurraren zain dago. Urrunago duela gutxi igotako Kartxela eta Keleta, baira Orhi ere.
Momenturen batean eguzkia ere agertu zitzaigun, denbora gutxi iraunen bazuen ere. Hala ere, haizerik ez zegoen eta ibiltzeko tenperatura bikaina genuen.
10:20 : Col de Boticotch (1939m)
Puntu honetaraino altuera gutxi hartzen du bideak. Hemendik aitzin, Murlong mendia eskuinetara utzi eta bere magaletatik pixka bat tentetzen da bidexka.
Belar horizko larre erosoak gibelean utzi genituen...
...paraje karstiko latzean sartzeko. Puntu honetatik aitzin bideak goitibeheiti handiak egiten ditu inguru karstikoan hain ohikoak diren simak inguratzeko.
Arlas gero eta urrunago...
2238 metrora dagoen Pourteteko kotatxoaren ezkerretik pasatzen den pasabide ezagun honetara ailegatu orduko Auñamendiko lainoak lekutzen hasiak ziren.
Pasabide klasikoa da honakoa, Auñamendira bidean. Tartetxo bat hartu genuen aitzinean genuen piramide ederraro argazki batzuk egiteko.
Pixka bat aitzinagotik ezkerretara egun horretan igoko genuen Countende mendia ere ageri zen.
Ezezaguna da Countende, Auñamendiren itzalean gelditzen da eta aise mendizale gutxiago biltzen ditu. Gu egon ginen egunean ere bakar-bakarrik izan ginen bertan, Auñamendin hamarnaka mendizale pilatzen ziren bitartean.
Oraindik ere Auñamendira bidean metro batzuk galdu genituen, baina bertara ailegatzeko azken malda igotzen hasten den puntuan, iparraldeko norabidea hartu genuen bidexka ahul batetik bere ipar aurpegiaren azpiti zeharkaldia egiteko.
Zeharkaldia Frantziako IGN mapetan 2225 metroko altuerara ageri den izenik gabeko kotatxoaren ondoko lepo honetan akitu genuen.
Bertatik parez pare genuen eguneko mendia. Zuzenean harri-mukuruei segituz azken maldaren azpian kokatuko ginen.
Behin mendiaren oinean kokatuta, harri-laxozko malda tentetik gainditu beharreko tximiniaren azpiraino ailegatu ginen. Irudian ikusten den tximinia, I. graduko eskaladatxo erraz bat eginez gainditzen da. Parajea ikusgarria da. Bakartia.
Tximiniaren ondotik irudian ikusten den orratza pausu estu samar batetik inguratu eta harrikara honetatik goiti aterako ginen gailur politera.
12:56 : Countende (2338m)
Gailurrera ailegatzeko azken zatia aunitz gustatu bazitzaigun, zer erranik ez gailurra bera! Countendeko bertze gailurretara doan gandorrak itxura beldurgarria zuen laino artean.
Tarte zabala hartu genuen gailurrean eta bertan ginela lainoak lekutu eta Hiru Erregeen Mahaia eta Auñamendi parez pare agertu zitzaizkigun.
Argazki bat berriz ere laino artean estali aitzinetik...
Billare ere ikusgarri beti bezala. Bere azpian biharamunean zeharkatuko genuen Anayeko bailara.
Ipar-ekialdean Orgues de Camplongeko harresi ederra. Duela bi urte eta erdi izan ginen bertan eskiekin.
Lescun, nire txoko kuttuna!
Erran bezala tarte zabala hartu genuen gailurrean egoteko, baina lainoa berriz ere sartzen hasi zen eta beheitirakoari ekin genion.
Beheitirakoan orratza inguratzen. Pasabide estua da, baina erraza...
Tximinia jaitsi eta iparraldeko norabidea hartu genuen Soum Couy parean genuela. Duela hilabete eskas bertan ginen eskiatzen...
Anieseko lepotik Aberouat aldera doan bidera atera eta bertatik segitu genuen Orgues de Camplong ikusgarria lagun.
Altuera galdu ahala Soum Couyko paretak ere gero eta ikusgarriagoak dira. Lescun aldetik mendi guziak bertikalagoak dira.
Bailararen sakonera ailegatu ahala Cap de la Baitcheko etxola ikusten hasi ginen. Bertan eginen genuen geldialdia zerbait jateko.
Harkaitz artean kamuflatuta dago.
Txoko zoragarria...
14:37 : Cabane de Cap de la Baitch (1689m)
Duela bi urte Auñamendira eskiz egin genuen igoeran etxola hau bisitatzeko geldialditxoa egin genuen. Oraingoan atarian zerbait jateko geldialdi luzeagoa egin genuen eta barrukoa ere ongi ikusteko baliatu.
Toki zoragarrian egoteaz gain, barrenean lo egiteko solairua, mahaiak, aulkiak eta lurreko sua ditu. Egoera arras onean dago.
Bertan gelditzeko tentazioari aurre egin eta Aberouateko aterpera jaisten den GR10 alde batera utzi, eskuinetara ia horizontala den bidexka hartu genuen. Bertatik ailegatuko ginen gaua pasatuko genuen lekuraino.
Bidetik bailararen bertze aldean Ardineteko etxola bistaratu genuen. Bertan pasatu genuen gaua duela bi urte Auñamendira igo baino lehen.
Bidexkak pagadi batean sartu-atera bat egiten du. Tarte hori gero sua egiteko erabiliko genuen egurra bilatzeko probestu genuen.
15:23 : Cabane de Lacure (1653m)
Hala ailegatu ginen Auñamendi mendiaren inguruan eginen genuen itzuliko lehen etaparen akabailara.
Behin ilunduta su bazterreko egonaldia ipuinetako etxola honetan. Jende gutxi izanen zen gu bezain zoriontsu momentu horretan.
Kanpoan egunean zehar zerua estaltzen zuten hodei apurrak desagertu eta primerako gaua gelditu zen.
Lescungo lautada eta Midi d'Ossau ilargiaren argitan...
Eta eguna akitzeko zingar freskoa parrilan...
2020/11/29
Pirinioetako altxor ezkutu txiki bat da Lacure. 2010ean erabat berritu zuten eta detailez beteta dago: estufa, literak koltxoi eta mantekin, mahai eta aulkiak, zerra, liburuak...
Ilundu arte gelditzen zitzaigun denbora egurra eta ingurua ezagutzeko baliatu genuen.
Azken eguzki izpiak Bergon eta Marere mendietan...
8:57 : Cabane de Lacure (1653m)
Eguraldi zoragarriarekin ernatu zen gure zeharkalditxoko bigarren eguna.
Gosaldu, gauzak bildu, egurra sartu, etxola garbitu eta leku liluragarri hura uzteko momentua ailegatu zen.
Countende mendiaren ekialdeko magalak zeharkatuz hasi genuen eguna, goizeko eguzki goxotan.
Billare handia, Lescungo dama.
Larre politetatik lehen pausuak ematen genituen bitartean bezperan igotako Countende eta Auñamendi bistaratu genituen.
Lescun zoragarri urte osoan...
Bideak poliki-poliki beheiti egiten du eta eskuin biratuta Anayeko bailaran sartzen da.
9:52 : Cabane d'Anaye (1534m)
Billareren iparraldeko pareten azpian dago Anayeko etxola, barrenean mahai, aulki eta koltxoiak dituela. Gaua pasatzeko bertze leku polita bat...
Etxolako iturrian gure botilak bete eta Anayeko bailara igotzeari ekin genion malda eztietatik.
Bailararen goitiko partean igoera lasaitzen da eta zirku eder honetara ailegatzen da.
Peneblanque, Ourtets eta Castetne mendiek inguratzen duten izeiz apaindutako inguru hau eta Marmitou izenez ezagutzen da. Inguru honetan bereizten da gu jarraitzen ari ginen GRa Hiru Erregeen Mahaira doan bidetik.
Erran bezala, guk Hiru Erregeen Mahaira Ourtetseko lepoan barrena doan bidea utzi eta irudian eskuinetara ageri den Anaye edo Insoleko lepora segitu genuen.
Lepora ailegatzen...
11:26 : Insoleko lepoa / Col d'Anaye (2052m)
Lepotik aurrez aurre genuen jarraian igoko genuen Añelarra mendiaren hego-pareta bertikala.
Inguru honetan ibilia nintzen astebete lehenagp Belaguako aterpetik Hiru Erregeen Mahaira igo ginelarik.
Azpitik zirrara eragiten duten pareta bertikalek, baina harri-mukuruei segituz maisuki gainditzen ditu bidexkak harresiak jarritako oztopoak.
Gehienean bidexka sigi-sagatsutik...
...eta tarteka eskuak erabili beharreko pausuak gaindituz.
Pare bat metroko tximinia hau (II) izan zen zatirik teknikoena.
Tximinia gaindituta inguruaz gozatzen...
Pareko Peneblanque, Hiru Erregeen Mahaia eta enparauetara ikuspegi paregabea genuen. Beheitian bertara ailegatzeko astebete lehenago egindako bidearen zati bat ere ikusten ahal zen.
Ordurako goizeko zeru oskarbiak eta tenperatura goxoak laino eta haize finari utzia zieten lekua eta gehiegi luzatu gabe goiti segitu genuen, harkaitz plaka errazak gaindituz.
Azken zatia oinez eginen genuen, zailtasun teknikorik gabe.
Ttipi-ttapa malda goiti...
Añelarraren ekialdeko sorbaldatik Auñamendi eta Castetne aldera ikuspegi ederra genuen.
Ezkerretik eskuinera Auñamendi, Castetne, Billare, Peneblanque eta Hiru Erregeen Mahaia.
Azken metroak gandor zabaletik...
12:41 : Añelarra (2357m)
Oraingoan ordea, Belaguako aterpera doan GR12aren markak utzi eta harri arteko arrastoari segika Añelarraren paretetara zuzendu ginen.
Gailurrean genuen arropa guzia jantzi eta zerbait jateko geldialdia egin genuen, beheiti abiatu aitzinetik.
Ondoren, sobera luzatu gabe, mendebaldeko gailurrera eramanen gintuen gandorra segitu genuen.
Arlas Añelarraren mendebaldeko gailurretik...
Astebete lehenago ibilitako Hiru Erregeen Mahaia, Budogia eta Ukerdi arteko gandorra...
Añelarraren sasigailurra utzi eta mendebaldera segitu genuen...
Auñamendi eta Añelarra gibelean utziz...
Añelarrako mendizerran beheiti larre erosoetatik... Eskiatzeko ere malda ederrak iruditu zitzaizkigun.
Azpiko zatian...
Añelarraren magalak utzi eta zonalde karstikoan barneratu ginen. Aipatu jaitsiera zati hau guzia ez dela batere erraza segitzeko eta lainoarekin arras arriskutsua izaten ahal dela.
Zati karstikoa zeharkatzeko marka horiei segitu genien Auñamendi zelatan genuela.
Larrako labirintoetan...
Goiti eta beheiti ibili ondotik, inguru karstikotik atera eta jadanik larre erosoetatik segitu genuen Arlas mendia erreferntzia gisa hartuta. Laster elkartuko ginen bezperan ibilitako bidearekin.
Boticotcheko lepo inguruan hartu genuen bezperako bidea eta handik San Martingo Harrira itzuliko ginen.
14:56 : Col de Pescamou (1918m)
Arlas hego-aurpegitik inguratuko genuen berriz ere...
Vaya buena forma de aprovechar este tiempo... desconocía ese precioso refugio.. habrá que ir a visitarlo!!
ErantzunEzabatuHola David!
EzabatuPues la verdad es que esta vez hicimos un poco de trampa, puesto que andando salimos de Navarra. Ha sido un fin de semana precioso. Recorrer estos lugares sin absolutamente nadie alrededor es una gozada. Y la cabaña una preciosidad...