2020/12/27

Barran (1982m), Mont (2009m)

EGUNA: 2020/12/26

ABIAPUNTUA: Hautacam (1530m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S2
DENBORAK:
  • Hautacam - Pic de Barran : Ordu eta erdi
  • Pic de Barran - Cabane de Picourlet : 20 minutu
  • Cabane de Picourlet - Pic du Mont : Ordu eta laurden
  • Pic du Mont - Causse de Naouit : 20 minutu
  • Causse de Naouit - Hautacam : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartu eta bertatik segituko dugu Tarbeseko irteeraraino. Irteera honetan Tarbesn sartu gabe Lourdeseko norabidea hartu behar da. Lourdes hiria inguratuko dugu Argeles-Gazost herrirantz eta hemen sartu gabe Luz-Saint-Sauveur aldera doan errepidea hartuta, segidan ezkerretara Hautacam eski estaziora igotzen den errepidea hartuko dugu.

KRONIKA:
Abenduaren 26a bezperan Olentzerok utzitako opariekin jolasteko eguna izaten zen txikiak ginelarik. Aurtengoan ere Olentzerok opari bikaina utzi digu Eguberri Egunean eta biharamunean berarekin jolastera joateko tentazioari ezin izan genion eutsi. Hala Pirinioetako piemontean kokatuta dagoen Hautacameko estaziora jo genuen bezperan botatako elur hauts zoragarria dastatzera.

9:38 : Hautacam (1530m)
Goizeko ordu txikietan atera ginen etxetik eta eguneko lehen eguzki izpiak mendi elurtuak gorritzen hasi orduko abiapuntuan ginen. Autoaren termometroak -9ºC-ko tenperatura markatzen zuen, baina haizerik gabe hotza jasangarria zen. Trasteak prestatu eta eski pistetatik goiti abiatu ginen metro gutxira dagoen Moulatako menditxoraino.


Eski estazioaren gaineko aldean dagoen Moulata menditxoa minutu gutxian harrapatu genuen. Bertara ailegatu gabe, pistari jarraituz ekialdeko norbaidea hartuko genuen.


Tarbes hiria Moulata ingurutik...


Naouit mendia hegoaldetik inguratuko genuen 20 bat zentimetrotako elur-hautsa geruzan marraztutako arrastoari segituz. Gure gibelean Moun Ne eta Gabizos bezalako kolosoak eder ageri ziren elur azpian.


10:31 : Clot du Serpent (1707m)
Lepotxo honetatik begien bistan genituen igoko genituen mendi borobilak. Izen handirik gabeak biak ala biak, baina egun honetan edozein menditzarretan adina gozatuko genuen beren magaletan.


Ipar isurialdetik metro batzuk eginnen genituen lehen gailurrerako bidean. Eguzkitan tenperatura atsegina zegoen, baina itzaletan sartu orduko hotzaren gordina nabaria zen.


Estibereko zirkutxoa egun osoan zehar izanen genuen parean. Lehen jaitsiera bere oinean dagoen Isabyko laku aldera eginen genuen.


Ipar isurialdetik atera eta bizkarretik eginen genituen metro batzuk, ikuspegiaz gozatuz.


Barran mendia, eguneko lehena izanen zena, hurbil genuen.


Bertara ailegatzeko hego aurpegia zeharkatu eta hegoaldeko bizkarrera ateratzea da onena, bertatik eskiak oinetan genituela inolako arazorik gabe ailegatuko ginen.


11:18 : Pic de Barran (1982m)
Eguneko lehen gailurrean... Gibelean hurbilen ikusten dena Mont mendia da, beranduago igoko genuena. 


Iparraldea itzaletan. Bertatik eginen genuen lehen jaitsiera...


...baina lehendabizi hego-mendebaldeko malda ederrekin hitzordua genuen. Tenperatura hotzak eta aitzineko egunetan inguruan ibilitako haize ahulak elurrari kalitate bikaina eusten lagundu zioten. Isabyko laku izozturako lehen jaitsiera zoragarria izan zen!


11:54 : Cabane de Picourlet (1630m)
Lakura ailegatu gabe, pixka bat goitiago dagoen etxolatxo honetan eman genuen akitutzat lehen jaitsiera. Berriz foka-larruak paratu eta goiti!


Eguneko bigarren igoera eguzkitan egin genuen, pixka bat lehenago jaitsitako malda ederretan goiti.


Joko-zelai polita da Hautacam inguruan aurkitu genuena, elur-jausi arriskua dagoen egunetarako aukera batzuk dituena.


Ouascouaou lepoa baino pixka bat goitirago berriz ere Barran mendiaren hegoaldeko bizkarrera atera ginen. Bertatik ekialdeko isurialdean dagoen Ourreceko laku inguruak ageri dira. Nire Pirinioetako lehen ibilaldia laku horretara izanen zen, 1993ko udan.


Chirouleteko bailara, Montaigu eta Midi de Bigorre artean dagoen txoko polit ezkutua.


Bizkarretik metro batzuk eginen genituen Barran aldera, baina oraingoan bere gailurrera igo ordez azpitik inguratu eta agazkiaren erdian ikusten den Mont menditxora zuzenduko ginen.


Barran azpitik egin genuen zeharkaldian...


Mont mendira ailegatzeko azken malda erraz bat igotzea bertzerik ez zitzaigun falta.


13:32 : Pic du Mont (2009m)
Eguneko bigarren tontorrera ailegatzen...


Eta igoeraren ondotik behar bezalako saria ipar magal zabaletan. Elur-hauts idorra, Pirnioetan aurkitzea gero eta zailagoa dena, eta hori gutxi balitz, oso-osorik guretako!


14:05 : La Causse de Naouit (1490m)
Lehen jaitsiera bikaina izan bazen, bigarrena ez zen gutxiagorako izan. Zelai zabal honetan akitu genuen, azkeneko aldiz foka-larruak jarri eta estaziora itzultzeko.


Horretarako zeharkaldi luzea genuen baso polit batetik, goranzko joerarekin, baina malda handirik igo gabe.


Argazkiaren eskuinetara ikusten den Tramasselgo lepora ailegatuko ginen, bertatik Hautacamera azken jaitsiera motza egiteko eski pistetatik.


15:29 : Hautacam (1530m)
 Hala eman genuen akitutzat zeropeko tenperaturek lagundutako eski ateraldi bikaina. Esker mila Olentzero opariagatik!


BIDEOA:

3 iruzkin: