EGUNA: 2023/02/25
ABIAPUNTUA: Lac d'Estaing (1162m)
ZAILTASUNA: S2
DENBORAK:
- Igoera: 4 ordu
- Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Hemen Aubisque mendate ezagunera igotzen den bidea hartuta Val d'Azunen barneratuko gara. Arras-en-Lavedan herritik Estaingeko lakura bideratzen gaituzten seinaleak abiatzen dira. Haiei segituko diegu Estaingeko bailara zeharkatu eta lakura ailegatu arte.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Urteak daramatzagu Pirinioetan ateraldiak egiten, baina beti dago txokoren bat edo bertze oraindik ezagutzen ez duguna. Estaingeko lakuan ttikitan ibilia nintzen, baina geroztik inguru eder hartara itzuli gabea nintzen. Eskirako aukera anitz ditu sektore eder honek eta horien artean izarra Grand Barbat ingurukoa da. Bertan izan gara asteburuan.
9:45 : Lac d'Estaing (1162m)
Tenperatura arras hotzarekin ernatu ginen laku inguruan, baina iragarpenek ziotena baino egun ederragoa zegoen. Ingurua bere arropa ederrenarekin jantzia ageri zen, zuri, disdiratsu.
Arrasto markatutik erraz egin genuen bidea eta Barbateko etxoletara ailegatu ginen. Zerua arinxeago zegoen ordurako eta Badescureko arrakala aldera segitzea erabaki genuen.
Etxolatik eskuinetara eginda Barbateko zirkuan barneratu ginen.
Maldak eztiak dira momentu oro, baina inguruko pareten bertikaltasunak errespetua ematen du; batez ere, elur-jausi arriskua dagoelarik.
Grand Barbat, Badescure, Pilat, Maleshores... Inguru dolomitiko ikusgarrian geunden. Guk ezkerrean ageri den Barbat mendiaren oineko maldetan eskiatuko genuen, baina badaude hainbat arrakala eta malda polit ezagutzeko.
Gure aitzinetik zihoan lau laguneko taldetxoa irekitako arrastotik segitu genuen. Elurtetik ez zen inor ere ibili sektorean eta jaitsieran dena guretako harrapatuko genuen.
Grand Barbateko ipar paretaren azpira ailegatu eta Badescureko lepora igaten den malda eztia hartuko genuen.
Malda horretatik eginen genuen leporaino. Barbat mendia hain hurbil izanda pena ematen zuen hara ez joateak, baina baldintza horietan seguruagoa zen Badescureko lepoa.
13:09 : Breche de Badescure (2523m)
Lepoan zegoen elur pilaketa bat saihesteko, 20 bat metrora egin nuen transizioa...
...eta igandako bide beretik elur hauts arinaz jaitsiera ederra burutu genuen. Kristoren baldintzak izan genituen!
14:50 : Lac d'Estaing (1162m)
Gauza handirik egiteko esperantza handirik gabe hasitako eguna aho zapore onarekin akitu genuen, sektore berri honetan elur eta paisaia bikainaz gozatuta.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina