EGUNA: 2023/02/11
ABIAPUNTUA: Gavarnie (1362m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- Igoera: 4 ordu
- Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino, hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gavarniera. Herriko aparkalekuan berean utziko dugu ibilgailua.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Batzuetan mendi eskiak menditik izaten du eskitik baino gehiago. Egun horiek ere ez diote inbidia handirik izaten eski saio onei, are gutiago mendi egun zoragarriari eski baldintza onak gehitzen bazaizkio. Horrelako zerbait izan zen joan den larunbatekoa: mendi egun zoragarria eta eski baldintza onak. Etxeko lanak ongi egin izanaren sentsazioarekin akitu genuen eguna, Pimeneren bi gailurren arteko jaitsiera ederra burututa. Izan ere, ez da beti baldintzetan egoten den lekua, baina hala izanez gero aise atzentzen ez den jaitsiera du.
8:27 : Gavarnie (1362m)
Egun osoa bezala, ederra izan zen Gavarnie elurtuan gaua pasatu eta herritik beretik eskiak bizkarrean abiatzea. Pirinieismoaren historiaz betetako herrixkaren karrikak zeharkatze soila zirraragarria egin zitzaidan egun horretan.
Kilometro pasatxoan zirkura doan bidea segitu genuen, ezkerretara Espuguetteseko aterpera igaten den bidexka ikusi arte. Zirkua neguko kolorez jantzita ikusgarri zegoen eta horma-eskaladan aritzeko baldintza onekin, dirudienez.
Abiatu eta ordu eta erdian aterpe ondoan ginen. Erritmo onean gindoazen. Neguan hetsia egoten den aterpe hau Pirnioetako politenetakoa da lekuari dagokionez. Paradisu ttipi bat!
Aterpea utzi eta malda etzanagoetatik segitu genuen, Alanseko lepo aldera.
Alanseko lepora ailegatzen den azken malda igan gabe, seinale batek Pimeneko bidea erakusten du eta horri segituko genion.
2300 metro inguruan eskiak berriz ere motxilan paratu genituen. Pimeneren hego-mendebaldeko maldak tenteak dira eta esposizio pixka bat dute. Gainera, elur sobera ez zegoenez, oinez erosoago iganen ginela pentsatu genuen.
11:17 : Col de Pimene (2482m)
Hala mendiaren hegoaldeko ertz zabalera atera ginen. Hortik goiti malda pixka bat etzaten da, baina ez zegoen elurrik eta oinez segitu genuen.
Estaubeko zirkua gibelean...
Azken metroak Monte Perdido gibelean genuela...
11:47 : Petit Pimene (2667m)
Uste baino fiteago harrapatu genuen gailurra, eta hori eskiak tarte aunitzetan bizkarrean eraman genituela.
Jaitsiera Pimeneren bi gailurren arteko lepotik mendebaldera eginen genuen. Elur bikaina harrapatu genuen zati honetan...
Plateau d'Alans ingurura ailegatu ginen eta hortik beheiti elurra eskasten hasi zen. Inguru honetan bi aukera daude: iparraldera zeharkaldia egitea igoerako bidearen bila edo Gavarniera zuzenean jaisten dena hartzea. Guk bigarrena eginen genuen zirkular ederra osatuz.
Plateau d'Alans zoragarria gurutzatu genuen...
...eta eskiatuz jaitsi ginen ahal genuen zati guzia. 1700 metrotan edo kendu genituen eskiak eta hortik herrira jaisten den bidexka elurtua hartu genuen.
14:20 : Gavarnie (1362m)
Ziztu bizian egin genuen hortik herrirainoko jaitsiera. Bidea elurrez leundua zegoen eta arras erosoa zen oinez ibiltzeko. Hala zoriontsu akitu genuen eguna, paraje politetan ibili eta jaitsiera bikaina deskubritzeak ematen duen pozarekin.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina