2023/02/23

Puntal de Secus (2514m)

 EGUNA: 2023/02/18

ABIAPUNTUA: Sansanet (1329m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:

  • Igoera: 4 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 2 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara ailegatuko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu. Somporteko tunela alde batera utzi eta lepora ailegatzeko bide zaharra hartu behar da. Ezkerretara hartzen den lehendabizik bihurgune hetsian dago Sansaneteko aparkalekua. 

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Neguko antizikloiak luzatzen direnerako ateraldi aproposa izaten ahal da honakoa. Luzea eta etzana da zatirik handienean, baina eskiatzeko egokia da. Gainera, pasaia aldetik Estaneseko lakua eta Sarrios bailara bezalako inguru ikusgarriak zeharkatzen ditu. Aho zapore arras ona uzteko moduko eski-saioa, dudarik gabe!

8:31 : Sansanet (1329m)
Uda partean autoz beteta egoten den aparkaleku ezagun honetatik abiatu ginen, ordu horretan oraindik mugimendu guti zegoela. Hasmentako puntutik beretik garbi zegoen paisaia zoragarriaz gozatuko genuela egun osoan zehar.


Metro batzuk galdu eta zubia gurutzatuta goiti abiatuko ginen, Estanes lakura bideratzen duten seinale eta markei kasu eginez.

Lehen zatia pista zabal batetik edo hau mozten duen bidexendatik egiten ahal da. Elurraren araberakoa izanen da hori. Guk bidexka elurtua harrapatu genuen eta bertatik igan ginen; jaitsiera, berriz, pistatik eginen genuen.


Laburbidea pistara ateratzen da goitiko zatian...


Metroak irabazi ahala, basoa irekitzen hasten da eta inguruko mendiak agertzen. Argazkian Aspe eta Zapatilla inguruak. Eski egun ederra pasatu genuen iaz inguru horretan.


Pista Escuretseko etxola inguruan akitzen da. Dena dela, hortik goiti zuhaitzak bakanak dira eta elur aski izanez gero, zailtasunik gabe igaten ahal da eskiak zangoetan.


Irudiko Ruabe de Bernera eta Labatako ipar aurpegi ederrak leku honetako bertze aukera interesgarria dira, elur-hautsa dagoen egunetarako...


Jadanik oihanetik kanpo, Aspeko zirkua ezkerretara utzi genuen. Inguru arras ederra...


Lehen zati maldatsuagoaren ondotik, Estaneseko leporako azken zatian magalak etzaten dira. Gozatzeko lekua da, zailtasunik gabea bai goitirakoan, bai beheitirakoan. Argazkian ezkerretara antzematen den lepoa da Estanesekoa.


Aspe eta inguruko mendiak gibelean utzita, Liouviella eta Cupula de Secus mendiak hasi ziren protagonismoa hartzen. Bernerako mendizerra luzearen parte diren mendiak dira.


Lepotik hurbil...


9:46 : Puerto de Estanes (1792m)
Lepoa baino beheitiagotik eskuinetara laku aldera joaten diren arrastoak utzi behar dira, eta behin lepoa zeharkatuta altuerarik galdu gabe hegoaldera biratuko ginen.


Lakuraino bereraino ailegatu gabe iparraldeko malda ospelak igaten hasiko ginen. Zati hau maldatsuagoa da eta elur gogorra harrapatzen ahal da. Guk hauts trinkoa aurkitu genuen eta arazorik gabe gaindituko genuen malda.


Lehen malda bat gaindituta, metro batzuk galdu behar dira; berriz ere bertze malda batetik Sarrios bailaran sartzeko. Argazkian ikusten den hodi formako pasabide horretatik sartuko ginen bailaratxoan.


Malda berriz ere tentetu egiten da hodian. Aunitz gozatuko genuen inguru honetan jaitsieran.


Hodia goitiraino igan eta Valle de los Sarrios ezagunean barneratu ginen. Duela urte batzuk udan hemendik pasatu nintzen, eta orduan bezala oraingoan ere leku magikoa iruditu zitzaidan. 


2000 metro baino pixka bat gutiagoko altueran kokatua dago eta kasik laua da azpiko partean.


Irteerarik ez duela ematen du, baina osorik zeharkatuta eskuineko aldean lepo bat irekitzen da.


11:03 : Puerto de Bernera (2115m)
Lepoa zeharkatu eta itzaletik argira aterako ginen. Egunean lehen aldiz gure helburua zen Puntal de Secuseko piramide zuria begien bistan genuen. Bertara ailegatzeko eskuineko aldean ikusten den terraza zabal eta erraza osorik ibiliko genuen. Jaitsiera, aldiz, mendiaren ezkerreko aldetik eginen genuen, hego-ekialdeko maldak bilatuz.


Aipatutako terrazan sartzeko, lepotik altuerarik galdu gabe zeharkaldi motz bat egin behar da eta eskuinetara dagoen bertze lepotxo batetik pasatuz. Han, Cupula de Secus mendiaren zangoan, hasten da terraza.


Terraza zeharkatzeak ez du zailtasun handirik, baina luzea da. Gainera, hasmentako zatian altuera pixka bat galtzen da, geroago berriz irabazi beharko dena.


Eguzkiak gogor jotzen zuela, poliki-poliki egin genuen aitzinera. Brecha de Secuseko lepoa gibelean utzi genuen, Estanes aldera pasatzeko bertze lepo bat.


Terrazatik Bozoko leporaino joaten ahal da eta gero Puntal iparraldeko maldatik igan. Hala ere, guk egin genuen gisa, errazagoa da mendiaren ekialdeko ertz borobildua igatea. Lehen ordutik eguzkitan egonda, elur guria harrapatuko genuen bertan eta goitiraino eskiz ailegatuko ginen zailtasunik gabe.


Zeta andana bat eginda ailegatu ginen kaskora...


12:54 : Puntal de Secus (2514m)
Lau ordu baino gehiagoz ibili ondotik, gailurtxo politera ailegatu ginen. Bisaurinen iparraldean kokatua dago eta bere iparreko kanaletara ikuspegi bikaina eskaintzen du. Hantxe egon ginen igaten ari ziren alpinistei begira eguzkitan...


Agüerri mendia kaskotik hurbil ikusten da...


14:02 : Plana Mistresa (1984m)
Gailurreko egonaldi luzea eta gero, mendiaren hego aurpegi polita eskiatu eta Plana Mistresaraino jaitsi ginen. Bernerako zirkuaren azpiko aldean kokatua dagoen zelai zabal honetan berriz ere foka-larruak paratu beharko genituen Bernerako lepora igateko.


Han gibeleko maldak eskiatu genituen, Secuseko lepotik jaisten den bailaratxo polita...


Bernerako lepora itzultzeko igoerak 130 bat metroko desnibela du eta arras etzana da. Arratsaldeko argi bereziak lagun, lasai hartu genuen...


Berriz ere Sarrioseko bailarara sartuko ginen lepotik...


14:43 : Puerto de Bernera (2115m)
Eguneko azken transizioa lepo honetan eginen genuen eta autoraino igoerako bidetik jaitsiko ginen.


16:16 : Sansanet (1329m)
Nekatuta, baina kontent akitu genuen egun luzea, 21,5 kilometro eta 1440 metroko desnibela eginda Pirinioetako bertze paradisu batean.

BIDEOA:



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina