2023/02/06

Hourquette (2384m), Soum de la Hourquette de Larry (2208m), Soum de Lagaube (1985m)

EGUNA: 2023/02/03-04

ABIAPUNTUA: Route Forestiere de Gouetsoule (1009m)

ZAILTASUNA: S3. S4 Hourquettetik jaitsi ginen maldatik eskiatuz gero.

DENBORAK:
  • Route Forestiere de Gouetsoule - Refuge de Larry : 2 ordu
  • Refuge de Larry - Pic Hourquette : 2 ordu
  • Pic Hourquette - Refuge de Larry : Ordubete
  • Refuge de Larry - Soum de la Hourquette de Larry : Ordu eta erdi
  • Soum de la Hourquette de Larry - Vallee de la Baigt de St-Cours : 45 minutu
  • Valle de la Baigt de St-Cours - Soum de Lagaube : Ordubete
  • Soum de Lagaube - Route Forestiere de Gouetsoule : Ordubete
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara ailegatuko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu Urdos herria zeharkatu eta laster ezkerretara ateratzen den pista bat hartzeko. Gouetsouleko bidea da, kartel batez seinaleztatua dagoena. Bertatik iganen gara bortzgarren bihurgune hetsian autoa utzi arte, edo elurra dagoen kasuetan beheitiago.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Aspe bailara, etxola bat eta elurra, osagai bikainak dira asteburu ederra pasatzeko. Urtebete pasatu da Acue aldean etxola batean azken gaua pasatu genuenetik eta gustura hartu dugu azken eski ateraldia. Oraindik ezagutu gabe genuen Larryko zirkuan egon gara, bertan kokatua dagoen aterpetxo zoragarrian gaua pasatu, eta inguruko hainbat gailur igan eta jaisten.

9:28 : Route Forestiere de Gouetsoule (1009m)
Elurrak aparkalekua baino kilometro eta piko beheitiago moztu zigun bidea eta handik eman genion hasmenta ateraldiari. Lehen zatian normalean autoz egiten den bidetik iganen ginen. Parean genuen biharamunean jaitsiko genuen Soum de Lagaubeko malda ederra.


Azpiko zatitik elur hauts goxoa genuen ipar isurialdea duten malda hauetan.


Berezko aparkalekua den bihurgune hetsian pista zabalena utzi eta bide estuago batetik segitu genuen Larryko aterpera bideratuko gintuzten seinaleei kasu eginez.


Asteburu osoan atentzioa deituko zigun Labigouerreko ekialdeko maldak.


Larryko aterpera igateko bi aukera daude: izen bereko erreka Cousteyko zubitik zeharkatu eta errekaren ezkerretatik igatea, edo zeharkatu gabe basotik goiti segitzea. Guk bigarren aukera hautatu genuen.


Pista bat igaten da baso horretan goiti, tarteka arrasto bati segituz moztu genuena.


Berriz ere pistara ateratzen...


Metroak irabazi ahala oraindik elurrak apaindutako pinuak hasi ziren agertzen pagoei lekua hartuz.


Soilgune batera atera ginen eta bertatik zirkuaren goitiko partea ikusten ahal zen. Itxura ederra zuen.


Soilgunea zeharkatu eta berriz ere bertze baso zati batetik pasatu beharko ginen.


Azken pinudi trinkoa zeharkatu eta paraje irekira atera ginen.


Etxola hurbil genuen jadanik...


11:36 : Refuge de Larry (1747m)
Bi orduko igoeraren ondotik gaua pasatuko genuen etxola xarmangarri honetara ailegatu ginen. Bagenuen gogoa motxila pisuak pixka batean bizkarretik kentzeko...


Beharrezkoak ez genituen gauzak etxolan utzi, lo egiteko oheak hautatu, zerbait jan eta goiti segitu genuen. Eguneko helburua Hourquette mendia igatea zen.


Etxolaren pareko malda hori iganen genuen lehendabizi. Elurra hauts egoeran mantentzen zen ipar isurialde guzian eta aitzineko egunetan eskiatzaileek irekitako arrastoak aunitz lagunduko zigun.


Gure gibelean Lescun inguruko mendiak...


Lehen zatia iganda, 1900 metro inguruan malda etzaten da. Larryko zirkuaren bihotzean ginen. Hourquette mendia oraindik altxatuta zegoen eskuinetara ageri diren punta horien gibelean, baita bertara igaten den kanal ikusgarria ere.


Paraje zoragarria...


Poliki-poliki metroak irabazi eta gure mendiaren oinera zuzendu ginen.


Iparraldeko pareten azpitik zeharkaldi luzea egine genuen kanalaren oinera ailegatzeko...



...eta bat-batean gure eskuinetara gordetako kanal zabala ireki zen. Harkaitzen arteko ahulgunea da, Hourquette mendira nahiko modu erosoan igateko aukera ematen duena eta eskiatzeko aukera zoragarria eskaintzen duena.


Aitzinetik igandako eskiatzailearen arrasto erosotik iganen genuen kanala. Elur aldakorra harrapatu genuen bertan, hautsa eta haizetua tartekatuz.


Argazkiko lepora atera eta ezkerretara biratuta harrapatuko genuen gailurra, eskiak zangoetan genituela goitiraino...
 
 
Azken zatian elur guti zegoen eta Migel eta Jabik beheitixeago utzi zituzten eskiak.

 
14:04 : Pic Hourquette (2384m) 
Gailurretik Aspe eta Ossauko mendietara ikuspegi paregabea genuen. Iparraldean Sesques mendia, aspalditik gure agendetan dago hego malda hori.


Midi d'Ossau parez pare...


Aspe bailara hetsiz Lecherin, Aspe, Llena de Garganta eta Llena del Bozo...

 
...eta gu, bakar-bakarrik gailur eder horretan...


Gure aitzinetik jaitsi zen eskitzailearen aholkuei kasu eginez, gailurreko ipar lepotxotik zuzen jaisten den malda eskiatu genuen. Hauts goxoa harrapatu genuen zati horretan.


Zirkuaren azpiko lautada ziztu bizian zeharkatu genuen. Elur bizi zegoen eta horrek eskiatzea errazten zuen.


15:22 : Refuge de Larry (1747m)
Berriz aterpera bueltan, arratsalde osoa genuen eguzkitan atseden hartu eta denborari pasatzen uzteko. Aktibitatearen ondorengo etxola arratsaldeak mundialak dira.


Eta etxolari berari buruz zer erran! Kristorena da! Estufa, literak, koltxoiak, iturria atarian, baita komuna ere!


Egur pixka bat egin eta zazpietarako afaltzen ari ginen. Ondotik su bazterreko solasaldi luzea lotara sartu baino lehen.


2023/02/04
8:45 : Refuge de Larry (1747m)
Bederatzi orduko etzanaldiak indarberrituta utzi gintuen. Egunsentia eder zegoen kanpoko aldean...


Gosaldu, etxola garbitu eta dena bizkarrean genuela abiatu ginen. Izan ere, ez ginen bertatik pasatuko jaitsieran.


Metro batzuk galdu, erreka gurutzatu eta Hourquette de Larryko leporantz abiatu ginen.


Lehen malda tenteago bat gainditu eta magal etzanetatik eginen genuen lepo ingururainokoa.


Eguneko plana Pet de Labigne mendiaren itzulia egitea zen. Hasteko, Soum de la Hourquette de Larry igan, Baigt de St-Cours bailarara eskiatu eta handik Soum de Lagaubera zeharkaldi luzea eginen genuen. Bigarren gailur honetatik jaitsiera zuzena Urdos aldera.


Lepora arteko malda aise igan genituen, baina azken zatian elur gogorrak kutxilak paratzera behartu gintuen.


Lepotik ezker malda aunitz tentetzen da 40 bat graduraino ailegatu arte. Batzuek kutxilekin eta bertzeek eskiak bizkarrean gainditu genuen zati hau.


Behin zatirik tenteena pasatuta bideak atseden hartzen utzi zigun eta bezperako gailur eta kanala begiratzeko baliatu genuen.


Bizkar zabaletik egin genuen zati bat...


...eta ertza estutzen den lekuan eskiak utzita oinez iganen ginen Soum de la Hourquette de Larryko kaskora.


10:43 : Soum de la Hourquette de Larry (2209m)
Asteburuko bigarren kaskotik bezperakora bista polita genuen. Eskiatu genuena paretik ikusteak inpresioa eragiten zuen.


Lescun aldea kaskotik...


Aspe eta kuadrilla...


Eskietara itzuli eta mendiaren ipar magaletik beheiti eskiatu genuen Baigt de St-Courseko bailarara. Goitiko zatian elur haizetua izan genuen, baina beheitiago kalitatea hobetuz joan zen.


11:44 : Vallee de Baigt de Saint Cours (1750m)
Bailararen sakonera eskiatu eta gero berriz ere foka-larruak paratuko genituen. Berez beheitiago jaisten ahal ginen,


Bailaratxo bakarti honetatik ekialdeko maldetan zeharkaldi luzea eginez atera ginen. Elur-jausi arriskua dagoen egunetan hobe da beheitiago eskiatzen eta gero zuzenean ateratzea bertatik.


Behin harantxoa gibelean utzita orografia aunitz etzaten da. Parean gure begirada erakarriz Sesques...


Pet de Labigne mendiaren ipar magal eztiak inguratu genituen mendebalderantz eginez.


Sesquesen hegoa, tentagarria aste hauetarako...


Bizkar bat gainditu eta malda etzanetatik ailegatuko ginen Soum de Lagaube mendira. Ipar aurpegi gozo hauetan elur-jausi arriskua dagoelarik ere eskiatzen ahal da.


Gailurraren ingurura aterata, bertze aldean Aspe bailararen ikuspegi bikaina ireki zitzaigun.


Azken metroak...


Aspe berriz ere, zoragarria, gure bailara kuttuna zalantzarik gabe.


13:06 : Soum de Lagaube (1985m)
Zapaldu genuen zeharkaldi honetako hirugarren tontorra. Altueraz apala, izenez ezezaguna, baina bertako ikuspegiak aho zabalik utzi gintuena...


Eta hori guti balitz, hego-mendebaldeko malda bikainak ditu mendiak, malda konstantearekin 800 metro inguruko jaitsiera dutenak. 


Bailararen azpiko aldean ere elurra oraindik, mendi eskirako baldintza paregabeak izan genituen!


15:06 : Route Forestiere de Gouetsoule (1009m)
Jaitsiera zuzena Claverie Saou baserrian akitu genuen. Bertatik pistaz itzuliko ginen abiapuntura, nekatuta, baina aldez aldeko irribarearekin. Denbora aunitz Larry ingurua ezagutzeko gogoz, eta zinez ez zuen hutsik egin!
 


BIDEOA:

2 iruzkin:

  1. Que buen recorrido!! Y esa noche en la cabaña de Larry con la Luna saliendo al amanecer, vaya chulada!!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Sí! Tuvimos unas condiciones muy buenas por suerte! Y el recorrido precioso, muy recomendable!

      Ezabatu