2023/01/31

Zagua (1153m)

EGUNA: 2023/01/29

ABIAPUNTUA: Pitzamar (800m)

ZAILTASUNA: S1

DENBORAK:
  • Igoera: Ordu eta laurden
  • Jaitsiera: 30 minutu
NOLA AILEGATU:
Abiapuntura ailegatzeko Iruritatik Eugi doan NA-1740 errepidea hartu behar da. Lepora ailegatu baino 2,5 kilometro beheitiago, 13. puntu kilometrikoaren ondoan utzi behar da autoa.


ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Saioa ingurua jendez beteta edo lainoz inguratuta dagoen egunetan Erdiz ingurura joatea soluzio ona izaten da. Eskiatzeko maldak hain onak ez izanda ere, nahiko aproposak dira eta lasaitasuna ziurtatua dago. Hori guzia guti balitz, inguruaren edertasunak inbidia guti dio auzokidearenari. 


13:30 : Pitzamar (800m)
Goiz bazkaldu eta Artesiagara bidean jarri nintzen. Bide bazterrean autoa utzi eta Konfesionarioko lepora igaten den pistatik goiti abiatu nintzen.


Arrasto batzuk izanda ere, pistan elur kalitate ona harrapatu nuen. Bide osoko onena egia erran...


Baso zati bat zeharkatu eta paraje irekira ateratzen da pista. Bertatik Konfesionarioko lepoa ikusten da, eta haraino pista marratzen duen malda ere bai. Ni pista utzi eta eskuinetara ikusten den elur maldatik Gurutxemeakako lepora aterako nintzen.


13:58 : Gurutxemeakako lepoa (1026m)
Lepotik parez pare ikusten da Okoro mendia. Bertara joateko Erdizagako errekara jaitsi behar da hego isurialdeko maldetatik eta nire eguneko esperantza malda horietan haizeak eramandako elurra pilatuta egotea zen. Ez zen halakorik han ordea. Elur guti eta kalitate txarrekoa...


Hala bada, eskuinetara biratu eta Zagua aldera segitu nuen kaskoz kasko joaten den pistatik.


Parean nuen Zagua eta bertara joaten den pista. Metro batzuk galdu behar dira azken malda igan aitzinetik.


13:27 : Zagua (1153m)
Ordubete eskasean gailur zabalean nintzen. Pista utzi eta malda etzan batetik egiten dira azken metroak. Bazen elurra bazterretan, baina haizeak lan handia egina zuen eta hautsaren arrasto handirik ez zen. Hori ikusita, bide beretik autora itzultzea erabaki nuen.



Lehen jaitsiera pistaren azpiko puntura egin nuen. Okoro eder ageri zen parez pare...


Berriz fokak paratuko nituen 50 bat metro igateko. Hortik azken jaitsiera autoraino...



 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina