2023/01/31

Harrigorri (1115m)

EGUNA: 2023/01/28

ABIAPUNTUA: Elortako bidea (738m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: Ordu eta laurden
  • Jaitsiera: Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Erratzu herritik Izpegi aldera doan errepidea hartu behar da, baina kilometro bat inguru ibili ondoren eskuinetara ateratzen den zementuzko bide bat hartuko dugu. Bide hau zementuzkoa izatetik asfaltatua izatera pasatzen da segidan. Asfaltoa azken baserrian bukatzen da, beheitiko bidegurutzetik 2 kilometro ingurura. Bertan utzi behar da autoa (Arginen Borda, 495m.). 4x4 ibilgailua izanez gero eta elurrak utziz gero, Arginen Bordatik goiti segitzen duen pistatik segitu ahal dugu Kuarteleko Kaskoraino (627m.) eta pista okerrago batetik Elorta arte. Pista horrek erreka bat gurutzatzen duen puntua utziko dugu ibilgailua.

KRONIKA:
Elurrak astebete darama etxe bazterrean eta irudimen pixka batekin egun lainotuei zukua ateratzen saiatzen ari gara. Auzaren ekialdeko aurpegi ederra basoak estaltzen du 1100 metro ingururaino. Baso trinkoa da puntu batzuetan, baina badu pasabide ireki bat, eskiatzeko aproposa dena. Erratzuko Barlagne izenez bataiatua gelditu da. 

10:02 : Elortako bidea (738m)
Erreka zeharkatu gabe eskuinetara ateratzen den pista nabarmena hartu dugu. Elurra jarraia da hasmentatik, zaharra ongi gogortu baitute azken egunetako hotzek, eta gainetik 5 bat zentimetroko geruza freskoa du.



Metro batzuk iganda pago arteko pista argazkiko belai zaharraren ondora ateratzen da. Hemen basoa irekitzen da. Belaia eskuineko aldetik inguratu dugu.



Eroritako borda bat ezkerretara utzi dugu belaiaren gaineko larreak igaten genituen bitartean.



Lehen tarte irekia igan eta gero, bertze baso zati bat zeharkatu eta berriz ere zuhaitz arteko soilgune batera aterako ginen.



Pista zahar bat igaten da zati honetatik guzitik. Erreferentzia gisa erabili dugu, baina elur kantitate aproposa zegoen edozein lekutatik pasatzeko.



Hirugarren soilgunean lainoak inguratu gaitu. Hala ere, beti dago arbolen erreferentzia inguruan, bisibilitate gutiko egunetarako.



Azken soilgune honek Auzaren ekialdeko malda irekia uzten gaitu.



Lainoagatik gailurra alde batera utzi eta arbolen mugatik Harrigorri aldera zuzendu gara zeharkaldi luzea osatuz...



11:02 : Harrigorri (1115m)

Gailurrean lainopean, baina haizerik gabe nahiko ongi egoten zen.


 

12:05 : Elortako bidea (738m)

Jaitsiera igandako bide beretik egin genuen, basoaren soilguneak aprobetxatuz. Ea noizbait jaitsiera hau Auzako kaskotik beheitiraino egiten ahal dugun... 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina