2023/01/27

Xuriain (1410m)

EGUNA: 2023/01/27

ABIAPUNTUA: NA-1740 errepidea / Km 18 (814m)

ZAILTASUNA: S2 (malda eztiak, baina baso artean)

DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Abiapuntura ailegatzeko Iruritatik Eugi doan NA-1740 errepidea hartu behar da. Iruñetik pasatuz gero, Eugira joan eta Urkiagako errepidetik ailegatuko gara bide honetara. Artesiaga mendatearen hegoaldeko isurialdera bi kilometro jaitsita utziko dugu autoa, bide bazterrean ahal den lekuan. Elur aunitz dagoelarik (edo auto aunitz), zaila izaten ahal da aparkatzea.

KRONIKA:
Euskal Herrian elurra kota baxuetan botatzen duelarik, aunitzetan kosta egiten zaio eguraldiari garbitzea. Lainoa, haizea eta hotza dugun egunetan, elurraz gozatu nahi badugu basoen keriza bilatu behar izaten dugu. Xuriain mendiak horretarako aukera ematen digu, kasik gailurreraino arbolaz babestutako igateko modua eskaintzen baitu. Basoa irekia izanik, nahiko eskiagarria da.


13:30 : NA-1740 errepidea / Km 18 (814m)
Lanetik eguerdian atera eta denborarik galdu gabe azken elurtetxoa dastatzera zuzendu gara. Artesiaga mendatea gurutzatu eta kilometro pare bat jaitsita bide bazterrean eskuinetara ateratzen den pista izanen genuen abiapuntu. Pistaren sarreran berean utzi dugu autoa eta gauzak prestatuta goiti abiatu gara.


Zatitxo bat pistatik iganda, etxola baten parean laburbidea hartzeko aukera dago. Bertatik egin dugu goiti, elur eta lainoak ikutu misteriotsua maten zioten pagaditik.


Laburbideak pistaren bihurgune luze bat mozten du. Berriz ere pistatik ibili gara zati batean...


...eta oistak eskuinetara egiten duen bihurgune hetsi batean hura utzi eta basoan barneratu gara.


Zetume izeneko basoan goiti egin dugu, momentu oro mendebaldeko norabidea segituz, zuhaitz bakanen artetik.


Lainoak inguratzen gaitunerako inguru aproposa da. Igateko erraza eta jaiisteko zuhaitzen artean lekua duena...


Basoak tarteka soilgune batzuk ditu, jaitsieran eskertzen direnak.


Berriz ere basora sartzen...


Zati trinkoago bat zeharkatu eta goitiko partean arbolak bakantzen hasten dira berriz ere.


Elur geruza lodia harrapatu dugu, gehienbat goitiko partean.


Basotik atera eta azken zatian larre irekietatik egin behar da. Ez da luzea, baina gaurkoa bezalako egunetan aski luze egiten ahal da. Haizek gogor jotzen zuen, tenperatura hotza zegoen eta laino nahiko hetsia. 


15:05 : Xuriain (1410m)
Iberpixeko mapetan 1369 metrora ageri den bizkarrera atera gara eta handik gainez gain abiatu gara hurbil genuen kaskora. Lautada zabala du gailurrak gainean eta haize eta lainoak desorientazioa sortzen ziguten. Gailurretik metro guti batzuetara haize gogorrak buelta hartzera derrigortu gaitu. 20 bat metro falta genituen.


Gaineko lautadatxoko infernutik ahal bezain fite eskapatu gara, foka-larruak kendu gabe. Pagoen babesera bueltatu eta han egin dugu transizioa, basoaren "epelean".


Handik beheiti baso artetik jaitsiera politaz disfrutatu ahal izan dugu, elur goxoa lagun.


Gozatzen...


16:05 : NA-1740 errepidea / Km 18 (814m)
Ezin izan ditugu Xurianen mendebaldeko magalak bisitatu, baina ikusitakoak ikusita kontent egin dugunarekin. Inguruko basoak esploratzera itzuli behar gara... 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina