2023/01/15

Entre Les Ports (2476m), Saint Andre (2608m)

EGUNA: 2023/01/14

ABIAPUNTUA: Gavarnie-Gedre eski estazioa (1840m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Gavarnieko eski estazioa - Pic Entre les Ports : 2 ordu
  • Pic Entre les Ports - Lac des Especieres : 20 minutu
  • Lac des Especieres - Pic de Saint Andre : Ordu eta laurden
  • Pic de Saint Andre - Gavarnieko eski estazioa : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino, hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gavarniera. Azken herri hau gurutzatu ondotik eski estaziora (Les Especieres) igoko gara. Bertatik hasiko da ibilaldia.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Eski estazioak alinoa egiten dutenendako ez ezik, mendi eskia egiten dugunondako ere irtenbide bilakatzen dira aunitzetan. Alde batetik, haietara ailegatzeko errepideak garbitu egiten dituzte eta bertzetik, elur guti dagoen garaietan pistetatik altuera irabazten laguntzen digute. Hori dela eta, estazioen inguruan aunitzetan mendi eskiko klasikoak diren  gailurrak egoten dira. Gavarnieko estazioko klasikoenak Entre les Ports eta Saint Andre dira, dudarik gabe. Bertako baldintzak onak baliatuz bi mendi hauek lotu ditugu asteburu honetan.

9:23 : Station de Gavarnie - Les Especieres (1840m)
Gaua aparkalekuan pasatu genuen eta presarik gabe paratu ginen martxan. Gosaltzen ari ginen bitartean aparkalekua eskiatzaile eta mendizalez betetzen hasi zen eta abiatu ginenerako dozenaka lagunek hartua zuten gurte norabide bera. Elur guti dago bazterretan eta Gavarnie Pirinioen ipar isurialdean elur gehienetakoa duen lekua da.


Estazioko eraikinak gibelean utzi eta Tentesera igaten den errepidetik abiatu ginen. Azpiko zatian elur guti duelako edo estazioak hetsia egoten segitzen du. Erran beharrik ez da egin genuen ateraldi hau estazioa hetsia dagoen garaietarako dela aproposagoa irekia dagoenetarako baino.


Gauetik aitzin haizea zakartzen hasi zen eta eguraldi ona izanda ere, haize pixka bat ibilki zen tarteka. Hego-mendebalderantz egin genuen pistetan barrena helburu jakinik gabe. Azkenean jende aunitz Saint Andrera zihoala ikusita argazkian eskuinetara ikusten den Especiereseko lepora zuzendu ginen.


Taillon eta Gabieto mendien ipar aurpegiak beti bezala ikusgarri ageri ziren inguru honetatik. Hamaika aldiz ikusiak ditugu, baina beti gelditzen gara zozotuta haiei begira.

Pistak utzi eta mendebaldertantz segitu genuen. Entre les Ports mendiaren ipar-ekialdeko aurpegiak itxura polita zuen, baina momentuz gure intentzioa Soum Blanc des Especieres aldera joatea zen. Hala ere, azkenean malda horretatik jaisten akituko genuen.


Especiereseko laku elurtua ezkerretara utzi eta argazkiko malda markatu iganen genuen arrasto erosotik.


10:50 : Col des Especieres / Puerto Viejo (2334m)
Especiereseko lepoan haize biziak eman zigun ongi etorria eta Soum Blanc mendiaren hego aurpegia elurrez justu samar ikusita planez aldatu genuen: Entre les Ports mendira zuzentzea erabaki genuen. Mendiaren ipar aurpegi ospela aldez aldez zeharkatu eta mendebaldeko ertzetik iganen ginen.


Urrunean Tendeñera eta Otal inguruak...


Soum Blanc des Especieres mendia eta bere hego aurpegia gibelean utziko genituen. Ikusten den bezala, aurpegia elurrez justu samar zegoen.


Ipar aurpegitik ekialdeko ertza harrapatu genuen eta elur gogorra zegoenez azken metroak oinez egitea erabaki genuen.



11:41 : Pic Entre les Ports (2476m)
Ez ginen aunitzik egon kaskoan. Haize zakarrak argazkiak ateratzea bera ere zailtzen zuen.


Mendiaren ipar-ekialdeko malda eskiatzeko sasigailurreraino joan behar genuen, beraz gandor erraz eta panoramikoa zeharkatzeari ekin genion.


Sasigailurra baino beheitixeago egin genuen transizioa, haize gerizan. Horren ondotik Especiereseko lakuraino 250 bat metroko desnibela duen malda eskiatu genuen. Elur aldakorra harrapatu genuen: haizeak landutako hauts sakona gehienbat.

12:49 : Lac des Especieres (2192m)
Laku bazterrean eguzkitan berriz ere foka-larruak paratu genituen eta Saint Andre aldera igatea erabaki genuen, gero handik estaziora itzultzeko.


Saint Andreren hegoaldeko malda zabaletatik goiti abiatu ginen. 


Goitiago estaziotik gailurrera igaten den bide arruntarekin elkartu ginen, malda konstanteetatik iganez.


Ordu horretarako Saint Andreko maldek eski estazio bateko pistak ematen zuten, goizean jende aunitz ibili baitzen bertan.


Honela, mantso-mantso Saint Andreko leporainoko 400 metroak gainditu genituen. 


Lepotik Soum Blanc des Especieres mendiaren bertze ikuspegi bat ikusten ahal da. Puntu honetatik gandorrez gandor mendi honetara joaten ahal da.


Eskiak lepoan utzi eta oinez eginen genuen gailurrerainokoa. 40 metro inguruko desnibela bertzerik ez da, ertz erraz batetik...


14:12 : Pic de Saint Andre (2608m)
Eguneko bigarren tontorrean...


Gavarnieko zirkurako ikuspegi bikaina eskaintzen du Saint Andre mendiak. Astazuetatik Gabieto mendietara 13 hirumilako biltzen ditu zirku bikain honek.


Astazuak, Marbore, Cascada gailurrak...


Taillon eta Gabieto mendiak...


Bertze aldean Vignemaleko mendigunea, bertze ezagun zahar bat...


Eguneko bigarren jaitsiera autorainokoa izanen zen, orientazioaren araberako elur aldakor baina eskiagarrian.

15:58 : Station de Gavarnie - Les Especieres (1840m)
Bidean eski bat galduta, bila ordubete inguru galdu ondotik uste baino mantsoago ailegatu ginen autora. Kontent egindako eski saioarekin eta heldu diren elurteen zain etxeko lanak eginda.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina