EGUNA: 2023/01/03
ABIAPUNTUA: Erratzu (285m)
ZAILTASUNA: Erraza
DENBORAK:
- Igoera (Mazatik): 3 ordu
- Jaitsiera (Ezpadako lepotik): Ordu eta erdi
ARRASTOA:
KRONIKA:
Mendi berezia da Auza erratzuarrendako, herriko mendirik altuena, zaindaria, hainbat istorio eta kondaira biltzen dituena. Gehienok bertara itzuli bat edo bertze ematen ditugu urtero, horietako batzuek joan-etorri aunitz, badira astero joaten direnak ere... Kaskora ailegatzeko biderik ohikoenak Izpegitik abiatzen dena eta Erratzutik zuzenean ipar-mendebaldeko bizkarretik igaten dena dira. Hego aurpegiak ere baditu, ordea, Iñarbegitik abiatzen (edo pasatzen) diren bi bide polit. Antxolan eta Sakanan barrena igaten dena behin baino gehiagotan atera da blog honetan, baina oraingoan atzo Mazatik goiti igandakoa deskribatuko dut.
14:22 : Erratzu (285m)
Goizean mandatu batzuk egin behar eta neguko eguraldi bikaina aprobetxatu ezin nuenez, goiz bazkaldu eta arratsaldeko lehen orduan abiatu nintzen goiti. Helburua Auzara Mazatik igatea eta ur-despositutik beheiti jaistea, eguzkia gehien ikusten den bidea, negurako aproposa.
Izpegiko errepidetik herritik atera eta Xorroxingo bide berria hartu nuen, ongi seinaleztatua dagoena.
Bide polita da, jenderik ez dagoelarik...
Gorostapolo.
Xorroxinera doan bidea bidegurutze honetan utziko nuen. Ezkerretara ateratzen den pista hartuko nuen, Iñarbegira igaten den PRa segituz.
Pistatik metro batzuk egiten dira, baina nahiko fite eskuinetara ateratzen den bidexka bat hartu behar da.
Zulareta inguruak zeharkatzen dira bide horretatik, tarteka Auzarako ikuspegia izanik. Harat goiti nindoan...
Janako erreka gurutzatu...
Kaltzada zaharrean goiti...
Bidexenda Iñarbegiko errepidean akitzen da. Metro batzuetan errepide hori hartu eta punturik altuenera ailegatzean ezkerretara ateratzen den pista hau hartu nuen.
Bizkar batera ateratzen da pista eta bertan dagoen belagi batean bazterretik abiatzen den bidexka hartu behar da. Irudian ageri den Mazako bizkarrera igaten da bidea, basotxo bat zeharkatuz.
Tarteka mugarri batzuk izanda ere, ez da aise segitzen den bidea Mazara doana. Momenturen batean galdu ere egin nuen, baina mendia garbi egoten da mendian eta berriz harrapatzen nuen. Udan bertze kontu bat izanen da...
Bidexkatik Mazako bizkarrera atera nintzen, Maxilko Harria deitzen puntara. Bertatik Auzako kaskoa ikusten da, baina bertara ailegatzeko bizkar osoa zeharkatu behar da.
Bizkar honetara antzina losak ateratzeko erabiltzen zen pista zahar bat igaten da. Gaur egun pista hura bidexka da pista baino gehiago...
Leku ederra da oinez ibiltzeko, eta bakartia gainera. Ez da jende aunitz pasatzen bertatik. Ikuspegi zoragarria du bi aldeetara...
Bizkarra osorik zeharkatuta, argazkian ageri den Erregarriko tontortxoa mendebaldetik inguratzen du bidexkak azken igoerari ekin baino lehen.
Azken zatia nahiko alpinoa da. Irudiko irtengunea eskuineko aldeko tximinia batetik gainditzen da.
Tximinia zabala gainetik... Eskuak ez dira kasik erabili behar, baina tentea da.
Tximinia gaindituta bizkarrez bizkar segitzen du bideak Auzaren sasigailurreraino...
Mendebaldeko sasigailur berezia...
Metro lau batzuk eta gailurra!
16:09 : Auza (1306m)Ordu eta hiru laurden inguru pasatu nituen gailurrera ailegatzeko. Haizerik gabe tarte luzea eman nuen kaskoan, inguruan inor gabe...
Bakarrik...
Igoeraren gisa, jaitsiera ere ezohiko bide batetik egitea erabaki nuen. Ipar-mendebaldeko bizkarra aproposa da negurako eguzkitsua delako, baina ni hain ezaguna ez den ipar-ekialdekotik abiatu nintzen. Belardi eta harri arteko bidexka ahul bat abiatzen da bertatik beheiti...
Harrigorriko punta eskuinetara utzi nuen. Handik pasatzen da biderik ezagunena.
Erratzu ipar-ekialdeko bizkarretik...
Zati bat jaitsita bizkarra utzi eta eskuinetara biratu nintzen malda bat gaindituta basoan sartzeko.
Auzaren ekialdeko magaleko basoan pista zahar bat dago eta bertatik jaitsiko nintzen Elorta ingururaino.
Han gainetik heldu nintzen...
Elortako pistara ailegatu eta handik egin nuen Iñarbil auzorainokoa, ilunabar ederra lagun.
17:56 : Erratzu (285m)Egunaren azken argiekin ailegatu nintzen herrira, itzuli ederra eginda arratsalde apalean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina