EGUNA: 2026/01/05
ABIAPUNTUA: Erratzu (285m)
ZAILTASUNA: Erraza
IRAUPENA (oinez):
- Igoera (Basagarretik) : Lau ordu
- Jaitsiera (Mazatik) : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Ateraldi honen abiapuntua Erratzu herrian berean dago. Herri sarrerako aparkalekuan uzten ahal da autoa.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Erratzuko mendirik garrantzitsuena da Auza, eta Baztangoa ere bai Saioaren baimenarekin. Herritarrondako beti da berezia gure mendi maitatura igatea. Ateraldi honetan mendiaren hegoaldeko aurpegitik igan eta jaistsiko nintzen, urtarrileko egun hotzari eguzkiaren goxotasuna eman nahian edo. Bide luzea da, baina kaskorako joan-etorria egiteko politenetarikoa eta originala.
10:35 : Erratzu (285m)
Goiz hormatuan ekin nion bideari. Herritik Xorroxingo ur-jauzi ezagun aldera doan bidea hartuko nuen lehen zatian.
Galbiderik ez duen bidea da, normalean turistaz betea egoten dena. Urtarrilaren 5ean ez zebilen inor ere...
Errekaren bertze aldean Gorostapolo auzoa gelditzen da.
Zubi honetan utziko nuen Xorroxingo bide arrunta. Zubia zeharkatu eta segidan eskuinetara ateratzen den bidexka hartuko nuen.
Bidexkak bide zabalago batera eramaten du. Bide honetan eskuin hartuko nuen hasmentan eta elkarrengandik hurbil dauden ondoko hiru bidegurutzeetan ezkerretara. Bide horri segituz Zubipuntako bordara ailegatuko nintzen.
Zubipuntako bordara ailegatu baino lehen, ezkerretarako bihurgune hetsi batean bide nagusia utzi eta zuzen segituko nuen Mineiko zokotik goiti pista batera ailegatu arte. Pista zeharkatu eta hegoalderantz pagadi batetik iganen nintzen belai batzuen ondoraino.
Belaia nire eskuinetara utzita, haren kontratik doan bidexkatik hasmentan eta bertze bi belairen artetik doan bidetik geroago Soralar mendiaren ekialdeko magalera atera nintzen. Bertan eskuinetara biratu eta gailur aldera eginen nuen.
Soralar kaskoa baino pixka bat hegoalderago atera nintzen. Bidexka honetatik hegoalderantz Soralar eta Burga arteko lepora jaitsi eta bertatik ezkerretara Basagarreraino eramanen ninduen pista hartu nuen.
11:56 : Basagar (684m)
Lepoan pista utzi eta Berderiz aldera doan GRa hartuko nuen metro batzuetan.
Lepo zabal honetan utziko nuen Berderizerako bidea eta ezkerretara iratze-leku batetik Arlegiko kaskora iganen nintzen.
Inguru honetatik Auza oraindik urrun ikusten da.
Bizkarrez bizkar ekialderantz egiten duen bidea segituko nuen.
Baso politetatik Pagozelaiko lepo aldera...
Pagozelaiko lepotik hegoalderantz GR-aren saihesbide bati segituko nion Auzako mendiaren azken metroetaraino.
Zatirik handienean baso artetik doan bide gorabeheratsua da.
Hotzak paisaia bereziak utziak zituen pago artean. Ez zen elurra, arboletatik eroritako bisutsa baizik.
Burdingurutxeko bizkarretik pasatuko nintzen...
...eta Ixtauzko lepo inguruan basotik aterako nintzen. Hemendik aitzin ipar haize zitalak hotz sentsazioa areagotuko zuen.
Eskerrak eguzkitan egonen nintzen hotz sentsazioa pixka bat arintzeko.
Bideak Antxola mendia inguratzen du eta Sakana deitzen den parajean barrena Auza aldera igaten da.
Aunitz gustatzen zaidan parajea da! Eskiz ere igan izan gara nahiko leuna den bizkar honetatik.
Puntu honetan eskuinetara egiten duen GRa utzi eta zuzen segituko nuen kaskoraino.
Eskuinetara Harrigorriko harkaitz ederrak gelditzen dira.
Eta gibelean Sakanako bizkarra...
13:12 : Auza (1306m)
Gailurrean zerbait jan, argazki batzuk eta beheiti abiatuko nintzen.
Mendebalderantz egin, Auzako zati harritsu ezaguna zeharkatu eta ezkerretara biratuko nintzen Maza aldera.
Zuri-zuri zegoen bizkartxo honetatik ezkerretara malda tenteak jaisten hasiko nintzen Mazarako bide arrunta hartzeko. Zuzen segituz gero, amildegi ttipi batera ailegatuko ginateke.
Behin zati hau jaitsita ateratako argazki honetan ikusten da zuri-zuri zegoen bizkarra (erdian) eta zuzen segituz gero harrapatuko genuen harkaitzezko amildegia. Zailtasunik gabe inguratzen ekialdetik, baina malda tenteak jaitsiz!
Segidan parean nuen Erregarriko puntatxoa eskuineko aldetik doan bidetik inguratuko nuen.
Eta Mazako bizkar zabaletik zuzen segituko nuen hegoalderantz.
Mazako bizkarraren hegoaldeko muturrean ametzezko baso bat hasten da. Baso horren sarreran, borda erori baten ondotik Iñarbegira jaisten den bidexka bat abiatzen da.
Ez da bidexka nabarmena, baina neguan harri mukuruak segituta aise segitzen da.
Sorgin Etxolako trikuharria dagoen bizkarrean akitzen da bidexka, Iñarbegiko errepidean. Errepidea hartu eta iparraldera jaitsiko nintzen zati batean ezkerretara Erratzura doan PR bidea hartu arte.
Bidexka honetatik galbiderik gabe goizean ibilitako Xorroxingo bidera aterako nintzen eta gero bertatik herrira.
Kaltzada zaharretik...
14:29 : Erratzu (285m)
Lau orduko ibilaldi eta lasterkaldiaren ondotik berriz ere etxean nintzen. Bide arras gomendagarria Auzaren alderdi ezezagunagoak ezagutzeko




































iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina