Orriak

2026/01/31

Dome de Gouetsoule (2065m)

EGUNA: 2026/01/18

ABIAPUNTUA: Route Forestiere de Gouetsoule (1131m)

ZAILTASUNA: S2

IRAUPENA:
  • Igoera: Hiru ordu
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara ailegatuko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu Urdos herria zeharkatu eta laster ezkerretara ateratzen den pista bat hartzeko. Gouetsouleko bidea da, kartel batez seinaleztatua dagoena. Bertatik iganen gara bortzgarren bihurgune hetsian autoa utzi arte, edo elurra dagoen kasuetan beheitiago.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Elur-jausi arriskua altu zegoela eta zuhaitzen babes bila jo genuen Larryko zirku ederrera. Duela hiru urte egon nintzen lehen aldiz paraje hauetan eskiatzen, eta orduan Hourquette mendiaren kanal ederra igan eta jaitsi ahal izan genuen. Oraingoan baldintzek ez zuten hara joateko adinako segurtasunik eskaintzen. Gouetsouleko lepotik goiti ekialdera luzatzen den ertzean badira izenik gabeko tontor batzuk, kasik goitiraino arbolaz inguratuak daudenak. Horietako bat da ateraldi honetako mendia.

8:35 : Route Forestiere de Gouetsoule (1131m)
Inguruan kasik elur izpirik ikusten ez zela abiatu ginen Larryko aterpera igaten den bidetik. Eskiak bizkarrean, doike!


Eskuinetarako lehen bihurgune hetsian utziko genuen Larryrako udako bidea. Jaitsieran bertatik pasatuko ginen, baina igoera basoan goiti igaten den pista ahalik eta gehien baliatuz eginen genuen.


1370 metrotan pistaren laburbide batean paratu genituen eskiak zangoetan.


Pista zati batean moztu eta bertara aterako ginen berriz ere.


1550 metro inguruan segitzen genuen pista akitu eta pinudi trinko batetik segitu genuen goiti. Altuera honetatik goiti bezperan botatako elurteak utzitako 40-50 zentimetroko geruza freskoa harrapatuko genuen.


Baso artean bide garbirik gabe hego-ekialdera egin eta 1750 metro inguruan pinuak bakantzen hasiko ziren.


Gouetsoule lepoa eskuinetara utzi eta hego-ekialdera zeharkaldia egiten segituko genuen.


Pinuz zipriztindutako paisaia ederra...


Elur baldintza arriskutsuak direnerako edo eguraldi ezegonkorra dagoenetarako inguru aproposa da. Guk elur-jausien arrikusa dagoenean elurrak egiten duen soinu berezia hainbatetan aditu genuen.


Gure gibelean Lescun inguruko mendiak hasi ziren agertzen urrunean.


Hegoalderantz Gouetsouleko ertzera ateratzeko azken maldak igaten hasi ginen, pixka bat tenteagoak baina errazak


Eskuinetara ikusten den bizkarrera joanen ginen. IGN mapetan 2065 metrotara kokatutako izenik gabeko gailurra da.


Ezkerretara ertz berean dagoen 2259 metroko izenik gabeko tontorra utzi genuen. Berez asmoa bertaraino igatea zen, baina zati tenteago bat gainditu behar da hara joateko eta baldintzak ikusita ez zigun konfidantzarik ematen malda horrek.


Gandor errazetik eskuinetara biratu eta tontortxora zuzendu ginen.


Ikusten den bezala, pinuak tontorraren ondoraino ailegatzen dira. Ikuspegi gutiko egunetarako erreferentzia ederra izaten ahal dira.


12:04 : Dome de Gouetsoule (2065m)
Izenik gabeko kaskoan akitu genuen hiru ordu eta erdiko igoera. Berez azkarrago igaten ahal da, baina elur sakonean arrastoa ireki behar izanak denbora luzatu zuen.


Hegoaldean Escalar, Moines eta Astungo bertze mendiak ikusten genituen. Aspe bailara aldera mendi horiek duten isurialdea eskiatzeko bikaina da.


Foka-larruak kendu eta lehen jaitsiera ederraz gozatu genuen. Kristoren elur geruza genuen eta tarteka ez genituen eskiak ikusi ere egiten.


1885 metroraino jaitsi ginen eta elurraren kalitatea ikusita berriz igatea erabaki genuen. Gure arrastotik fiteago iganen ginen bigarren aldi honetan.


Bizkar polita eta gure jaitsierako markak...


12:59 : Dome de Gouetsoule (2065m)
Bigarrenez kaskoan... Ordurako pixka lainotzen hasiak ziren bazterrak.


Eta bigarren jaitsiera!


13:16 : Refuge de Larry (1752m)
Zuzen jaitsi ginen iparralderantz Larryko aterperaino. Bertatik Larryko erreka nagusiaren ondotik doan udako bidea segituko genuen auto aldera.


Zirku magiko hau agurtuz...


1370 metro arte eskiatu ahal izan genuen, uste genuena baino beheitiago. Eskiak bizkarrera eta bide arruntetik erorita aurkitu genuen Coustey zubitik autoraino itzuliko ginen.


14:10 : Route Forestiere de Gouetsoule (1131m)
Eski saio polita burututa eman genion amaiera egunari. Hasmentan eguraldi iragarpen eskasarekin eta elur baldintza delikatuekin esperantza handirik gabe hasitakoa ederki borobildu genuen.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina