Orriak

2026/01/30

Pic Lasneres (2000m)

EGUNA: 2026/01/11

ABIAPUNTUA: Pont de Salars (797m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S2
IRAUPENA:
  • Igoera: 3 ordu eta erdi (goitiko aparkalekuraino ailegatuz gero gutiago)
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Aydius herria Aspe haranean kokatuta dago. Aspera Behe Nafarroako eta Zuberoako lurrak zeharkatuz ailegatuko gara, Arette herritik Issor herrian barrena. Behin Aspen gaudela Aydius herrira eramaten gaituen bide estua hartu eta herrira ailegatu aitzinetik erne egonen gara Les Salars auzora igotzen den pista hartzeko. Les Salarsetik pistak gorago segitzen du, Berangueileko etxoletaraino. Zaila da ordea bertara ailegatzea elurra dagoen egunetan. 

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Hamar urte pasatu dira mendi eta inguru eder honetan lehen aldiz izan nintzenetik, eta elur baldintzak ikusita berriz bueltatu gara oroitzapen polita utzi zidan lekura. Mendi etzana da Lasneres eta elur-jausi arriskua altua den egunetarako malda zabal eta politak eskaintzen ditu. Hori guti balitz, Aspe bailarak beti altxatzen duen magia hori ere badu. Ez da aitzakia gehiagorik behar bertaratzeko!

8:57 : Pont de Salars (797m)
Autoz zati hormatuak zituen errepidetik Salarseko zubiraino igan ahal izan ginen. Atsegin hartu nuen autoa bide bazterrean utzi eta goiti abiatzeko prestatu ginelarik, gaizki pasatzen baitut irristakor dauden bideetan. Errepidean berean eskiak paratu eta goiti abiatu ginen.



Errepideak ezkerretara egiten duen lehen bihurgune hetsian zuzen ateratzen den pista bat segituko genuen.


Pistak Berangueil erreka zeharkatu eta goiti egiten du urtegitxo ttipi batean desagertzen den arte.


Bertatik eskiak eskutan eraman behar izan genituen baso arteko malda deseroso batean pixka bat goitiago berriz paratu arte. Zati hau ez pasatzeko hobe da agian errepidetik goiti igatea pista hartu gabe.


Gu laburbidetik zuzenean Berangueileko etxoletara aterako ginen.


Berez autoz inguru honetaraino igaten ahal da elurrik ez badago, baina mendi hau eskiatzeko baldintzetan egoteko elur aunitz behar da eta beraz zaila da bertaraino autoz igatea. 


Berangueiletik udan Montagnoneko laku famaturaino jendetza eramaten duen bidea hartuko genuen. Neguan bertzelakoa izaten da egoera, eta leku lasaia da.


Pinu eta pagoz osatutako basoan goiti egin genuen horrela.


Basoa nahiko trinkoa da tarteka eta jaitsierarako bertatik ez pasatzea aholkatzen dut. Igoeran, dena den, gozatzeko lekua da.


1350 metro inguruan baso artetik atera eta Barca izeneko parajean goiti egin genuen. Puntu honetatik kaskoraino malda zabal eta garbiak ditu mendiak.


Zuzenean Taillandereko lepora igaten den bailaratxoa utzi eta ezkerretara igan ginen, Lasneres mendiaren iparraldeko bizkar zabalera.


Behin bizkarrean malda errazetatik kaskoraino eginen genuen.


Gure gibelean Marie Blanqueko lepo ezagunetik igaten diren Mailh  Massibe, Montagnon eta abarrak ageri ziren.


Eskuinetara berriz azken urteetan hain ezagun egin den Montagnon d'Iseye mendia. Kaskotik Montagnon lakurako argazkia sareetako izar bat da gaur egun.


Mendiaren gaineko zatia nahiko haizetua zegoen eta elur-plaka batzuk baziren. Baldintza delikatuak zeuden egun horretan, baina Lasneresen aparteko arriskurik ez genuen.


11:44 : Pic Lasneres (2000m)
Azken zatian izkindegia zeharkatu eta kasko zabalera ailegatu ginen. 


Arrioutorteko aterpea dagoen zelaittoa gainetik, baita Ossau bailarako herriak ere. Mendi hau Ossau eta Aspe bailaren artean dagoenez, bietatik igaten ahal gara bertara.


Gailurreko ikuspegia ederra da altuera apala badu ere. Sesques eta Midi d'Ossau nabarmentzen ziren hegoalderantz. 


Ekialderantz berriz Ger mendigunea, Petite eta Grande Arcizette mendi ikusgarriekin.


Gainerako eskiatzaileak gailurrera agertzen hasi zirenerako guk beheitirakoari ekin genion. Bizkar zabala osorik eskiatuko genuen iparralderantz eta 1450 metro inguruan basoa zeharkatzen duen pista hartuko genuen.


Pista horretatik arazorik gabe jaitsiko ginen nahiko trinkoa den basoan.

 
13:14 : Pont de Salars (797m)
Berangueileko etxoletara jaitsi ginen pistatik, eta bertatik autoraino eskiatu ahal izan genuen errepidetik. Kontent akitu genuen eski ateraldia beti zerbait berezia duen Aspen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina