EGUNA: 2026/09/20
ABIAPUNTUA: Parking d'Espelunguere (1333m)
ZAILTASUNA: Erraza
IRAUPENA (oinez):
- Espelunguere - Ibon d'Estanes : Bi ordu
- Puerto d'Estanes - Aguas Tuertas : Ordu bat eta erdi
- Aguas Tuertas - Pic d'Aillary : Bi ordu
- Pic d'Aillary - Espelunguere : Bi ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira.
Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata,
Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous
herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette
herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik
Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen,
Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu Somporteko
tunelera iritsi arte. Somporteko tuneleko iparraldeko sarrera baino
metro batzuk lehenago, eskuinetara Forges d'Abelera doan errepidetxoa
hartu behar da. Forges d'Abel gibelean utzi eta asfaltatutako pista
batetik igoko gara Estaenseko zentral hidroelektrikoraino. Bertan utziko
dugu autoa neguan. Udan, pixka bat goitiago igo daiteke, Espelungereko
aparkalekuraino.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Aspe bailara ez da laku aunitz dituen harana. Guzira hiru edo lau etortzen zaizkit burura denetara, eta segur aski horien artean ezagunenak Estanes eta Arletekoak izanen dira. Preseski bi laku horiek lotzeko egindako ibilbidea duzue honakoa. Laku horiez gain, paraje ederrak lotzen ditu eta lasterka egiteko ere aproposa da, gehienbat azken jaitsiera. Iraileko igande batean bakarrik egin nuen nik.
8:17 : Parking d'Espelunguere (1333m)
Jadanik betetzen hasia zen aparkalekuan utzi nuen autoa eta seinale honek erakusten duen bidexkan goiti abiatu nintzen.
Pare bat minututan Espelunguereko ur-jauzi ahuldua ezkerretara utzi nuen. Uda luze eta beroak izan duen eragina begien bistakoa da.
Ur-jauzitik goiti baso zati motza igan eta Espelunguereko zelaira ateratzen da bidexka.
Zubi honen ondoan Sansaneteko aparkaleku aldera doan bidea hartuko nuen nik. Ekialderantz jotzen du bide horrek.
Segidan Estaneseko lakura zuzen igaten den bidea utziko nuen eskuinetara. Harkaitz horren ondotik goiti igaten da. Aukera ona da itzulia pixka bat laburtzeko bertatik igatea, baina nik ezagutzen ez nuen bidexkatik egin nahi izan nuen, Escuretseko etxolan barrena pasatuz.
Igoera motz bat egin eta argazkiko lepora atera nintzen. 1460 metro inguruko altueran kokatua dago mapa batzuetan Maspetres bezala izendatua dagoen lepo hau.
Gurutzatu, zelai bat zeharkatu eta bertze aldera eguneko lehen jaitsierari ekinen nion. Baso zati politetatik pasatzen da bidexka.
Argazkiko puntuan Sansanet aldera jaisten segitzen ordez, pixka bat eskuinetara egin eta Escuretseko etxolarantz zuzendu nintzen.
Basoaren soilgune batean dago Escurets. Haren ondotik pasatu eta Sansanetetik Estanes aldera igaten den bide arrunta hartu nuen.
Jadanik bide arruntean, "autopistatik" eginen nuen lakurainokoa. Bide ezaguna da eta arraroa da bertan bakardadea harrapatzea.
Hala ere, Aspe, Llena de la Garganta, Ruabe del Bozo eta inguruko mendien ipar-aurpegi ikusgarrietara ikuspegi bikaina du.
Argazkian Aspe eta Llena de la Garganta, sektore bi gailurrik altuenak. Tartean Aspeko lepoa dago.
Altuera pixka bat hartuta, baso zatiak desagertuz joaten dira eta larre leunetatik egiten da bidea. Parean Liouviella eta Cupula de Secus mendiak ikusten hasiko nintzen.
9:26 : Puerto d'Estanes (1792m)
Laku aldera metro batzuk jaitsi eta hau hegoaldetik inguratzen duen bidexka hartuko nuen. GR-aren marka zuri-gorriak harrapatuko nituen zati honetan.
Laster bertze bidegurutze batean Sarrios bailarara ezkerretara igaten den bidea utzi eta zuzen mendebalderantz segituko nuen Aguas Tuertas aldera.
Kosta egiten da Estanes lakua osorik inguratzea, bide harritsua eta gorabehera handikoa baita.
Gorabeherak izenik gabeko lepo batean akitzen dira, 1900 metro inguruan. Hortik hasten da Aguas Tuertas aldera eramanen ninduen jaitsiera. Puntu horretatik geroago iganen nuen Aillary mendia ere ikusten hasi nintzen. Argazkiaren erdian dagoena da.
Jaitsiera azkar bat eginez, Escaleko portuan barrena Aguas Tuertaseko zabalean barneratuko nintzen.
Ezkerretara Cupula de Secusetik abiatzen den harresi ikusgarria utziz...
10:23 : Aguas Tuertas (1615m)
Beti ikusgarri suertatzen den zelai zabalaren artean sigi-saga dabilen meandroa urez nahiko larri zegoen.
Hala ere, beti ederra eta berezia den parajea da.
Iparralderantz Aguas Tuertas osoa zeharkatuko nuen, zelaiaren eskuineko muturretik doan bidexkari segituz.
Nire ezkerretara paraje honetara Echoko bailaratik sarrera naturala dena utziko nuen eta iparraldera igaten hasten den bidexka bat hartuko nuen. Berez Contendeko lepora igaten den bidexka bat hartu behar da puntu horretan, ekialderako norantza duena; gero bidegurutze batean iparralderantz bertze bat hartzeko. Ni igaten hasi nintzena goitixeago akitzen zen, baina larre garbiak direnez arazorik gabe igan ahal izan nintzen.
Bidexka horretatik altuera fite hartzen hasiko nintzen Arlet eta Aillary mendien hegoaldeko magalean.
Goitiago Arleteko leporako bidea hartu nuen. Nire eskuinetara gelditu ziren arestian aipatutako Contendeko lepoa eta Acue mendia.
11:17 : Col d'Arlet (2095m)
Arleteko lepotik izen bereko laku eta aterpea bistaratu nituen bertze aldean. Alde hartara jaitsiko nintzen geroxeago, baina lehendabizi nire ezkerretara gelditzen zen Aillary mendira joan-etorria egin nuen.
Ertz gorrixka gaindituta minutu gutian kaskoan izanen nintzen.
11:27 : Pic d'Aillary (2215m)
Bigarren aldia zen tontor hau igaten nuena. Aitzinekoa duela 12 urte izan zen, 2014an. Pasatu den denbora ordutik.
Zerbait jan eta gailur xume honek eskaintzen duen bista ederraz gozatzeko tartea hartu nuen.
Hegoaldera orduren bat lehenago gurutzatutako Aiguas Tuertaseko parajea ageri zen.
11:46 : Refuge d'Arlet (1986m)
Gailurra utzi, lepora itzuli eta di-da batean aterpera jaitsi nintzen. Leku zoragarrian dagoen aterpe honek denboraldiko azken eguna zuen. Freskagarri bat eskatu eta terrazan eguzkitan egonaldi luzea egin nuen.
Egonaldiaren ondotik inguru eder hau utzi eta azken jaitsierari ekin nion. Bide zabaletik Espelunguereko aparkalekuraino lasterka egiteko zati arras ona dago.
Aterpetik ekialderantz lepo gisako batera igan eta parean zeharkatu beharreko zelai handi hau ireki zitzaidan. Zelaiaren bertze aldean ikusten den lepora zuzenduko nintzen.
Baralet eta Souperet mendiak nire ezkerretara utzi nituen.
12:37 : Col de Lapachouaou (1891m)
Zelai zabala akitzean, lepo hau zeharkatu eta bidea hegoalderantz biratzen da.
Zeharkaldi motz bat eginda, Espelunguereko zelai aldera jaisten hasten da bidea. Jaitsiera azkarra eta erosoa da.
Grosseko etxolaren ondotik pasatuko nintzen. Duela zenbait urte eskiatzera etorri eta bertan pasatu genuen gau bat.
Etxolatik beheiti pistaz egiten dira metro batzuk, baina segidan argazkian ikusten den bidexka hartu behar da eskuinetara.
Eta baso artetik ziztu bizian jaitsi nintzen Espelunguereko zelaira.
13:17 : Parking d'Espelunguere (1333m)
Azken metroak goizeko bidexkatik egin eta autora ailegatu nintzen, bortz orduko itzuli ederra eginda, bi laku ezagun hauek lotuz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina