Orriak

2025/11/29

Pic Wilson (2400m)

EGUNA: 2025/11/29

ABIAPUNTUA: Bois d'Aumede (1190m)

ZAILTASUNA: S3

IRAUPENA: 
  • Igoera: Lau ordu
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU: 
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Bertan Cauterets aldera bideratuko gaituzten seinaleei kasu eginen diegu. Pierrefite-Nestalas herritik goiti ailegatuko gara Cauteretsera. Herria zeharkatu, eta goitiko partean Pont d'Espagnera doan bide nagusia ezker utzita baserri arteko errepide estutik iganen gara Igau baserrira. Baserriaren ondoan aparkaleku ttipi bat dago. Elurrik ez badago, baserritik goiti segitzen duen bidea ere autoz igaten ahal da zati batean.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Wilson mendia Moun Ne ezagunaren itzalean gelditzen da. Eski aldetik, ordea, badu bere interesa, batik bat ipar eta hego orientazioak hautatzeko aukera ematen digulako baldintzen arabera. Horregatik jo genuen bertara azaroko azken asteburuan. Plana kaskora hegoaldetik igan eta jaitsiera baldintzen hoberenen bila egitea zen...

8:50 : Bois d'Aumede (1190m)
Pistaz 100 bat metro irabaztea lortu genuen eta bigarren bihurgune hetsiaren ondoan utzi genuen autoa. Elurra autotik beretik genuen eta eskiak zangoetan abiatu ahal izan ginen.


Pista akitu arte igan eta bide estuago bati pasatzen dio lekukoa. Bertatik eginen genuen goiti basotik atera arte.


1400 metro inguruan bidea belai baten atakara ailegatzen da. Belaia erdiz erdi pasatuko genuen goitiko parteko eskindegiraino.


Belai hau izanen zen jaitsiera eskiatuko genuen azken zatia.


Gaineko eskindegia alanbrearen gainetik zeharkatu eta goiti segitu genuen.


Cabaliros mendirantz doan bide nagusia eskuinetara utzi eta hego-mendebaldera eginez bertze baso zati bat zeharkatuko genuen. Bigarren baso zati hau igateko bai, baina jaisteko ez zegoen baldintzetan. Hala ere, azkenean zirkularra egin eta bertze alde batetik jaitsiko ginen.


1600 metro inguruan basoa behin-betiko gibelean utziko genuen eta Moun Ne ederra aitzinean agertu zitzaigun. Inguru honetatik eskiz bertara igateko aukera dago.


Malda zabaletatik goiti norantza berean iganez segitu genuen.


Zailtasunik gabeko igoera parte honetan...


Bourg Debat erreka gure eskuinetara genuela, elur gutixeago zuen zeharkaldia egin genuen...


Elur gogorrarekin esposizio pixka bat izaten ahal duen zeharkaldia da, baina guk baldintza onetan harrapatu genuen.


Hala, 1800 metro inguruan bizkar batera aterata, Wilson mendia eta bertara eramamen gintuzten hego orientazioko maldak ikusgai genituen.


Metro batzuk galdu, erreka ttipia gurutzatu eta eskuinetara altuera irabazten hasi ginen.


Oraingoan Bourg Dessus errekaren ondotik egin genuen goiti, hasmentan ezkerretara utzita...


Eskiatzeko malda ederrak daude inguru honetan eta elurraren kalitatea uste baino hobea zen gainera. Parean ikusten den arrasto horri segituz kaskoraino ailegatuko ginen; lehenik haren eskuinetara ikusten den lepotxo batera iganez eta bertatik iparraldeko maldetatik kaskora ailegatuz.


Paraje ederrak eskiatzeko eta leku aski bakoitzak bere sinadura uzteko!


Lepora atera aitzineko zatia tentetu eta 40 bat gradutaraino ailegatzen da. Elur-jausi arriskuarekin edo elur gogorrarekin kasu eman beharreko lekua da.


Guk elur guria genuen eta arazorik gabe atera ginen lepora.


Lepotik ezker biratu eta kaskoraino azken maldari ekin genion. Wilsonen benetako tontorra argazkian eskuinetara ikusten den harritsua da. Eskiz normalean ezkerretara gelditzen den tontor zurira ailegatzen da jendea, 25 metro beheitiago.


Ipar-ekialdeko orientazioa duen maldatik ailegatu ginen goiti.


11:39 : Pic Wilson (2375m)
Gailur nagusiaren hegoaldean gelditzen den gailurtxoan trantsizioa egin eta jaisteko prestatu ginen. Igoeran hego aurpegian elurra nahiko ongi zegoela ziurtatu genuen, baina iparraldekoek elur hautsa zutela ikusita bertatik jaitsi eta zirkularra egitea erabaki genuen.


Hala ipar-ekialdeko norabidea hartu genuen Touyeres deitzen den paraje aldera.


Mala bikainak ditu isurialde honek, baina zoritxarrez elur baldintzak ez ziren goitian pentsatu genuen bezain onak. Altuera galdu ahala, kostra geruza fin batek estaltzen zuen elur freskoa eskiatzea pixka bat deserosoago eginez.


Catarrabes errekaren eskuinetik Peyre basoraino eskiatuko genuen. Bertan Bourg Debat bailarara eramanen gintuen bidea hartu eta eskuinetara eginez igoeran zeharkatutako belaiaren gaineraino ailegatu ginen.


13:44 : Bois d'Aumede (1190m)
Belaian azken bihurguneak egin eta basoko bidea eskiak bizkarrean genituela jaitsiko genuen. Ezagutzen ez nuen itzulia eginda, kontent akitu genuen eguna Cauterets inguruan.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina