Orriak

2025/11/30

Col d'Oncet (2544m) zirkularra eginez

EGUNA: 2025/11/30

ABIAPUNTUA: Tournaboup (1450m)

ZAILTASUNA: S3

IRAUPENA:
  • Igoera (Oncet bailaratik) : Hiru ordu eta erdi
  • Jaitsiera (Aoube bailaratik) : Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Baionatik autopistaz joanen gara Tarbesen atera arte eta hemendik Lourdesera joko dugu. Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles Gazost eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara, hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate mitikorako bidea hartu behar da eta Tournaboupeko aparkalekura igan; Grand Tourmalet eski estazioko aparkalekura, hain zuzen ere.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Berriz ere Tourmalet inguruko ateraldi bat eskiz. Bateko eta bertzeko, martxan paratzea kostatzen zaien neguetan inguru honetan harrapatzen dugu gure babeslekua, behin eta berriz itzultzen gara bertara. Urrun joan gabe azken pare bat urteetan Pene Blanque, Touatere, Ayreko basoa, Barbe, Pegue, Bonida eta Pene det Pourin ibili gara. Oraingoan Oncetekko lepoaren itzuli klasikoa egin dugu, dudarik gabe bailarako mendi-eski ibilbide ezagunenetariko bat.

9:28 : Tournaboup (1450m)
Elurretan hasi genuen eguna Tournaboupeko aparkalekuan. Eguraldi iragarpenak arintzera eginen zuela erraten zuen eta horri lotu gintzaizkion bete-betean.


Aparkalekutik ekialderantz egiten duen eski pista hartu genuen.


Errtimo bizian egin genuen lehen zatia eta fite ailegatu ginen Super Baregeseko sektorera.


Bertan ezkerretara biratu eta Toueko teleskiaren ondoko malda politetik goiti segitu genuen. Horiek izanen zinen pistetatik eginen genituen azken metroak.


1900 metro inguruan pistak gibelean utzi eta Onceteko bailaran sartzeko gainditu beharreko kanala igan genuen.


Behin kanala iganda, malda etzanetatik segitzen da Onceteko laku aldera. 


Tarteka pixka bat argitzen bazuen ere, lainotua zegoen eguna  eta tarteka ikuspen guti genuen.


Onceteko lakura ailegatzean ezkerretara biratu eta izen bereko lepora eramanen gintuzten malda tenteagoei ekin genien.


Mantso-mantso erliebea sobera ikusten ez genuela leporainoko 300 metroak gainditu genituen.


13:13 : Col d'Oncet (2544m)
Hala ailegatu ginen lepo ezagun honetara. Haren azpiko harkaitz handi batean eta lepoan berean argitzeko esperoan denbora dezente pasatu genuen. Errenditu eta gure igoerako arrastoari segituz mantso-mantso jaitsi beharko genuela pentsatzen hasiak ginen, baina...


...bat-batean mendebaldetik argia ikusten hasi ginen eta sobera pentsatu gabe alde hartara jaistea erabaki genuen.


Hala Aoubeko bailarara jaisteko malda ederra elur bikainarekin eskiatu genuen. Bezperan eta goiz horretan zehar botatako 10 bat zentimotroko geruza baldintza arras onetan zegoen.


Malda nahiko tentea da, baina halako baldintzekin nahi gabe jaisten da...


Behin bailarara jaitsi hegoaldera biratu eta malda zabal eta errazetatik beheiti segitu genuen.


Azken zatian Aoubeko etxolaraino zuzen segitu ordez, zeharkaldi bat egin eta Monhaillateko bizkarretik beheiti sartu ginen berriz ere Grand Tourmaleteko pistetan.

 
14:28 : Tournaboup (1450m)
Aldez aldeko irribarrearekin akitu genuen eguna. Gure temazukeriak bere fruituak eman zituen eta igoera guzia lainopean egin ondotik jaitsiera ederra izan genuen opari. Inguru honetan aunitzetan ibilita ere, lehen aldia nuen itzuli ezagun hau egiten eta horregatik ere arras kontent gelditu nintzen.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina