Orriak

2026/11/26

Hargibel - Le Petit Ramoneur (90m, V)

EGUNA: 2026/11/02

ABIAPUNTUA: Col de Lafatigue (552m)

ZAILTASUNA: 5b, 90m

IRAUPENA:
  • Hurbiltzea: 20 minutu
  • Eskalada: Ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu eta laurden (rapelez+oinez)
NOLA AILEGATU: 
Lafatigueko lepoa Zuberoa eta Baretous artean dago. Gure kasuan bertara joateko Izpegiko lepotik pasatu eta Baigorri eta Donibane Garazitik pasatuta, Larzabale herriko biribilgunean eskuinetara hartu et Oskaxeko lepotik Zuberoan sartuko gara. Atharratze zeharkatu eta Montori herriraino ailegatu behar dugu. Herri honetan dagoen biribilgune ttipian errepide nagusia utzi eta eskuinetara baserrietara igaten den bigarren mailako errepidea hartuko dugu. Herritik atera eta hirugarren bidegurutzean ezkerretara hartuta ailegatuko gara lepora.

KRONIKA:
Zuberoak Hargibel mendiko paretetan eskaladaz gozatzeko dozenaka bide daude. Gehienak luze bakarrekoak dira, kirol-eskalada egitekoak. Hala ere, Tichodromes deitzen den sektorean badira luzeagoak diren bide batzuk, hiru luzekoak. Horietatik errazena da Petit Ramoneur. Eta erraza izanagatik, bigarren eta hirugarren luzeak aho-zapore onarekin uzteko modukoak dira.

Hurbiltzea:
Lepoko aparkalekutik balengo bat zeharkatu eta eskalada bideetara zuzenduko gara. Sektore guziak arras ongi adieraziak daude seinaleen bidez. Gurea, Tichodromes izenekoa, pareta parez ikusita ezkerrenen gelditzen direnetakoa da. Pareta zati bat azpitik inguratuko dugu bertze sektoreetatik pasatu eta bertara ailegatzeko.

 
Behin sektorean hiru bide aurkituko ditugu eta plakatxo batzuek bakoitza zein den adierazten dute.

 

Eskalada:
Eskalada hiru luzetan banatzen da:
  
  • 1. luzea (30m, V-): Pitzadura bat baliatuz eskalatzen diren lehen metro bertikalagoek ematen diote luzeari gradua. Ondotik pareta etzan egiten da eta erraz ailegatzen da bilgunera. Metro etzan hauek nahiko zikinak dira.

  • 2. luzea (30m, V): Bilgunetik eskuinetara egin behar da, eskuinenen dagoen bidea hartzeko. Erne gure parean logikoagoak diren bertze bi bideak ez baitira gureak. Behin bide zuzena hartuta, plaka bertikal eta eder bat eskalatzen da bilguneraino.

  • 3. luzea (35m, V): Bilgunetik irtengune batzuk eskalatu eta diedro batean sartuko gara. Diedro eskalatuta zulo batean akitzen den tximinian barneratuko gara. Zulo horretatik ateratzeak puntu originala ematen dio bideari. Hor dago pausurik zailena eta motxilak traba dezente egiten du.
 
Jaitsiera:
Bidearen amaieratik oinez jaisteko aukera badago, baina aproposagoa da rapelatuz jaistea. Horretarako, gure azken bilgunetik ezkerretara bizpahiru metrora dagoen Les Pilier des Buis bidearen azken bilgunea erabiliko dugu eta bide honetatik jaitsiko gara.

 
 
Behin bidearen azpiko aldean, ailegatutako bide beretik itzuliko gara autora (15 minutu).



 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina