2012/03/25

Madamete (2657m)

EGUNA: 2012/03/25

IRTEERA: Tournaboup aparkalekua (Bareges)

ZAILTASUNA: Nahiko errexa (PD). Nahiz eta elurrarekin izan, inolako zailtsunik ez duen ibilaldia da.

EGURALDIA: Eguzkitsua.

DENBORAK: 3 ordu eta 15 minutu (Igoera) / 1 ordu eta 30 minutu (Jaitsiera)

NOLA IRITSI: Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara iritsiko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate mitikorako bidea hartu behar da eta Tournaboupeko aparkalekura igo.

SARRERA:
Baregeseko eski estaziotik Neouvielleko erreserba naturalerako sarrera den Madameteko  mendia toki aparta da mendi eskia praktikatzeko. Harantxo etzanak eta mendietako malda elurtuak klasiko batean bihurtu dute zonalde hau, nahiz eta ez bertze batzuk bezain ezaguna izan.

DESKRIBAPENA:
Azken elurteak aprobetxatzeko plan bila hasi ginen eta bertze behin Luz Saint Sauveur ingurura abiatu ginen. Izan ere, Aragoi eta Nafarroako Pirinioak elurrez eskas xamar dabiltza negu honetan eta Benasque ingurua urrun gelditzen zitzaigun. Honela autoa hartu eta larunbat arratsaldean Bareges eski estazioko Tournaboup aparkalekura igo ginen. Afaldu bitartean, biharamuneko ateraldia prestatu genuen mapa aintzinean genuela. Hego magalak dituzten mendien artean Barbe edota Midi de Bigorre ziren hautagaiak, baina azken egunetako tenperaturek justu utzi zituzten bertako malda, beraz hasieratik lehenengo aukera zen Madamete ingurura joanen ginen. Gorantz joan ahala erabakiko genuen zein mendi igo, nahiz eta ideia Madametera igotzea zen.
Ibilbidearen krokisa.


0h 00min: Tournaboupeko aparkalekua (1451m)
Goizeko zortzietan ernatu ginen, gosaldu, prestaketak egin eta bederatziak lauden gutxitan atera ginen aparkalekutik hegoalderuntz eski pistetan barrena.


Pista gibelean utzi eta Tourmalet mendatera igotzen den errepidea zeharkatuta, bailaratxoan gora egin genuen. Goiza ez zen oso hotza eta egun bikaina zetorren.


Igotzen ari ginen pista bailaran gora.


Azken egunetako tenperaturek elur mailari kalte nabaria egin diote eta harri asko zegoen bistan nahiz eta ipar magalak izan. Hemendik aurrera kota altuagoetara joan beharko da eskiatzera.


Hau bai dela freeride!!


0h 46min: Pountou (1741m)
Honela pare bat aldiz eskiak kenduta harriguneak zeharkatzeko eta bertzeren batean harri gainetik pasata zabalunetxo batera iritsi ginen. Hegoaldean edo aurrean Lac dets Coubousera igotzen den malda tentea genuen. Hortik jaitsiko ginen beherakoan. Igoerarako berriz, ezkerretara edo ekialdera irekitzen den Aigües-Cluseseko bailaratxoa hartu genuen. Horrela ibilbide zirkular ederra lotuko genuen.


Aygües-Cluseseko bailara ederra da benetan eta argazki pila atera genuen zati honetan.


Harri tartean bidexka bilatzen..


Bidea nahiko etzana une oro, altuera oso poliki irabazten genuen.



Eguzkiak poliki-poliki gure bidean gurutzatu zen eta tenperaturak nabarmen egin zuen gora, elurra hala ere baldintza onetan zegoen igotzeko.


Bailara ixten joaten da aurrera egin ahala.


Urtegitxo baten ondotik pasatuz...


...eta bapatean pinu artetik aterata paradisu eder honetara atera ginen.


Txomin bailararen zati estuenetik ateratzen.


Zabalunera aterata eskuinalderantz biratu eta hego norabidea hartu genuen, igoko ginen mendiaren erreferentziaren bila.


Bide zoragarria igotzen joateko.



Pic d'Estibere mendiaren punta agertzen hasi zen urrunean.


Inguruaz disfrutatuz...


Ekialdean Aygües-Cluseseko lepoa eta mendia, jaitsiera ederra zuten horiek ere.


Atzean berriz Cabane de la Pegue deitzen den etxolatxoa eta lautada. Udako bidea bertatik pasatzen da (GR10).


Guk baina, erran bezala, bidea laburtu eta zuzenago bat hartu genuen.


2h 23min: Lacs de Madamete (2299m)
Horrela lakuetako zabalune batera iritsi ginen eta Madameteko gailurra lehendabizikoz ikusi genuen. Gure zorionerako elurra zegoen goraino.


Zerbait jateko geldialdi motza egin ondotik gure helburuaren bila abiatu ginen lakuen gainetik.


Aygües-Cluses eta Quatre Termes mendiak atzean uzten. Horien bertze aldean La Mongieko eski estazioa dago.


Gailurraren aurreko lepotxora hurbiltzean malda pixka bat tentetzen da.


Azken metroak lepora ailegatzeko zig-zagean egin genituen.


Eta behin lepora ailegatuta azken maldari ekin genion. Bertan oraindik elur hautsa aurkitu genuen.


Azken maldatik lepora begirada...


Bapatean honako ezagun zahar hau agertu zen gure begien aintzinean: Neouvielle. Gailurrean geunden jadanik, Neouvielleko erreserbaren edertasuna aurrean genuela.


3h 15min: Pic de la Madamete (2657m)
Gailurreko panorama izugarria! Eguraldiak ere laguntzen zuen eta oso ongi egoten zen bertan. Jateko eta edateko tarte lasaia hartu genuen eta baita argazki batzuk ateratzeko ere.


Igotako bidea eta jaitsiko genuena. Pareko ertzaren eskuinetik igo ginen eta ezkerretik jaitsiko ginen. Denaren gainetik, iparraldean Midi de bigorre mendia ageri zen.


Baiona eta Azkainekoak ziren bi mendizalek atera ziguten gailurreko argazkia!!! Gora gu ta gutarrak!


Cambieileko malda tenteak zuri-zuri (Arkaitz hau zuretako!).


Eta Balaitous urrunean beti bezala ikusgarri!


Gailurrean bizitzera gelditzeko goga ematen bazen ere, jaisten hasi beharra zegoen elur ona aprobetxatuko bagenuen. Horrela ba, ordu erdi edo egon ondoren beherakoari ekin genion. Elurra era guztietakoa zegoen: lehen malda hautsa, gero udaberriko elurra, gogorxeagoa... orientazioaren arabera, baina ona zegoen oro har!

Atzera begirada gailurrerantz!


Eta beheeeera!


Lac de Tracens eta Lac Dets Coubous lakuetatik pasako ginen.


Lac de Tracensera jaisten...


4h 30min: Lac dets Coubous (2041m)
Lac de Tracenseko lautada atzean utzita malda gutxiko zatitik eta elur nahiko pisuan behera azken lakura iritsi ginen. Hau zeharkatuta 300 metroko desnibeleko malda tentea genuen Pountouraino (goizean ezker hartutako bidegurutzeraino) iristeko.


Lac dets Coubouseko ikuspegia Touatere, Tracens Madamete eta Coubous mendiekin.


5h 00min: Tournaboup aparkalekua (1451m)
Berriz pistetara bueltan erreka bat zeharkatuta kotxeraino itzuli ginen. Argazkian Lac dets Coubousetik jaitsitako malda ageri da.

Honela bukatu genuen egun bikain hau zonalde politean! Bertze bat arte!


























1 iruzkin:

  1. Guapa entrada te ha quedado y aun parece que nos queda temporada, parece que hay bastante nieve en la zona.
    Un saludo y a seguir disfrutando.

    ErantzunEzabatu