2021/07/29

Petit Pic Blanc (2957m), Heid (3022m), Troumouse (3085m), Sierra Morena (3090m), Pequeña Munia (3096m), Munia (3133m), Mont Arrouy/Punta es Ibons (2888m), Pene Blanque (2905m), Heche de Bouneu (2704m), Punta Fenars (2696m), Bouneu (2726m)

EGUNA: 2021/07/17

ABIAPUNTUA: Cirque de Troumouse (2050m)

ZAILTASUNA:
Ertaina (PD+). Ibilaldiari maila Sierra Morenara egiten den eskaladak (III+) ematen dio, baina puntu gehiago ere aipagarriak dira:
  • Pas de Gerbats: Gerbats mendia inguratzen duten hodi ezagunen gaineko pasabidea. Eskuak ez dira ia erabili ere egin behar, baina estua da bidea eta esposizio handikoa.
  • Pointe des Aires - Troumouse gandorra: Ertzetik beretik segituta pausu pare bat esposizio handikoak dira, gradu handiegia ez izan arren (II+).
  • Sierra Morena: Goian aipatutako eskalada da, azpiko zatian III+ mailako pausua duena eta hortik goiti II+ ingurukoa.
  • Pas du Chat: Muniako bide normalean gainditu behar den pausu ezaguna. Erraza da (II) eta gainera kate eta sokak daude jaisten/igotzen laguntzeko.
  • Pene Blanque - Col de Bouneu gandorra: Pene Blanque eta Punta Alta de las Blancas gailurretik aitzin gandorra aunitz estutzen da. Ez du zailtasun handirik, baina bi aldeetara ehundaka metroko erorketa du. Passage d'Arrouyeko lepora jaisten den zatia arras harritsua da eta harkaitza ez da batere fidagarria. Hortik aitzin Bouneuko leporaino zati arras estuak gainditu behar dira.
  • Cheval Rouge: Gandorraren azken zatian zeharkatu beharreko plaka marroia da. Zailtasun handirik gabea, baina estua.

DENBORAK:
  • Cirque de Troumouse - Col de la Sede : 2 ordu
  • Col de la Sede - Col de la Munia (3000koen gandor zatia) : 4 ordu
  • Col de la Munia - Pic de Bouneu (3000tik beheitiko gandor zatia) : 3 ordu
  • Pic de Bouneu - Cirque de Troumouse : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista segitu behar da Tarbeseko irteeraraino. Irteera honetatik Lourdes hirira joko dugu eta hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino. Hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gedrera. Herriaren irteeran ezkerretara Troumouseko zirkura eramanen gaituen errepideari segituko diogu. Udan ezin da egunez goitiko aparkalekura igo, baina goizeko 8:30ak baino lehen igoz gero ez dago inolako arazorik.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Troumouseko zirkua Pirinioetako lekurik ederrenen artean dago inolako dudarik gabe. 1000 metroko paretatzarrek inguratzen dituzten bertako belardi zabalak. Paretzar hauen gainetik kaskoz kasko egiten den zeharkaldia Pirinioetan egiten ahal den biderik ikusgarrienetariko bat da. Normalena bertako 3000 metrotik goitiko gailurren zeharkaldia egitea da, gutxi gorabehera zirkuaren erdia edo dena. Badago aukera hala ere zirkua osorik inguratzeko eta hori da ateraldi honetan egin genuena. Handietako bat.

7:47 : Cirque de Troumouse (2150m)
Gaua Mailleteko aterpetxe ondoko aparkalekuan pasatu genuen, goitiago ezin baita lorik egin furgonetetan. Goiz jeiki eta goitiko aparkalekuraino igo ginen bertan gosaldu eta abiatzeko.


Egun luzea genuen aitzinetik, emozioz betea, ertz zorrotz eta pausu bertikaletan. Hasteko, ordea, Troumouseko zirkuko larre berdeak zeharkatu beharko genituen.


Alderik aldeko zeharkaldia egin behar da, zirkuaren mendebaldean dagoen aparkalekutik ekialdeko izkinaraino.


Azpiko partea leku polita da arras... Larre berde eta errekatxoek kontraste handia sortzen dute pareta bertikal eta elur lausoekin...


Irudian ia osorik gandorrean zeharkatuko genituen gailurrak ageri dira. Ezkerretik hasi eta eskuineraino...


"Nora ote doaz hauek horrela kargatuta?"


Inguruan bueltaxka bat ematera etortzen den jendeak segitzen duen bidea egin genuen Aireseko lakuraino. Sasio honetan oraindik urez betea baldin badago ere, udan aitzinera egin ahala idortu egiten da. Pareko Gerbats mendiaren ezkerretara ikusten den lepo zabala genuen helburu: Sedeko lepoa.


Ez da berehalakoan akitzen zirkua gurutzatzea...


Ordubete inguru behar izan genuen belardi zabalak alde batera utzi eta Sedeko leporako malda harritsuan goiti abiatzeko. 


Azpitik arras bertikala ematen badu ere, harri-mukuruei segika bidexka aztarnetatik aise gainditzen da pareta, kasik eskurik erabili gabe.


9:38 : Col de la Sede (2651m)
Ordu eta erditik goiti behar da gandorraren hasmenta bezala hartzen ahal den lepo honetara ailegatzeko.


Zirkuko larreak beheitian utziak genituen ordurako eta Monte Perdido eta enparauak parean genituen ikusgai.


Eskuinetara biratu ginen, Gerbats mendiaren oinera. Bertan hasiko ziren eguneko zailtasunak...


Mendiaren oinera ailegatu baino pixka bat lehenago harri-mukuru batek Gerbatseko pasabidearen hasiera markatzen digu: Pas de Gerbats ezaguna. Aunitz leitua genuen honen inguruan. Sobera erranen nuke. Eta sarreran, kaskoak paratzean halako isiltasun bat zabaldu zen gure artean. Irakurritakoen artean baziren pasabide honetan galdu eta laino artean bi gau pasatu behar izan zituztenak, beren bizitzan berriz hortik pasatuko ez zirela erraten zutenak... Baina baita hodi baten erdian makila bat erori eta hodian beheiti bere bila trankil-trankil joaten ziren goierritarrenak ere! Auskalo nori egin behar genion kasu beraz...


Kontua da bertara sartzeko metro batzuk galdu eta han ginela, hainbertze "buruhauste" ekarri zizkigun pasabidea gurutzatzen, gure eskuinetara 400 metroko hoditzarrak genituela, Troumouseko belardi ederretara segundu gutxian eramateko prest.



Baina irakurritakoak irakurrita, uste baino aise errezagoa iduritu zitzaigun pasabidea. Egia da eskuinetara amildegia dagoela, baina oinez egiten da bide guzia, ia eskurik erabili gabe; eta erorketa arrisku sentsazio handiegirik ez genuen nabaritu guk behintzat. Ongi pasatu genuen zati horretan, irakurri genituen istoriei buruz solasean eta inguruaz gozatuz. Nola sortu ote ziren hodi zabal eta bertikal horiek?


Hiru hodi zeharkatu behar dira guzira eta agian arriskutsuena hirugarren hau izanen da. Bakoitzaren artean zabalgune txiki batzuk daude "arnas" pixka bat hartzeko.


Hodiak akituta esposizio akitzen da, baina goranzko norabidean zeharkaldi bat egiten segitzen da gandorrera atera arte.


Hodi famatuak gibelean utzi genituen. Gris eta marroi koloreen arteko marratik pasatu ginen, Infierno mendietan egiten den moduan.


Gerbats mendia hodietatik inguratuta gandorrean eguzkitara atera ginen berriz. Hodien iluntasun tetrikotik eguzkiaren goxotasunera...


Hortik aitzin gandorraren gainetik eginen genuen biderik gehiena. Hasmentan pausu erraz pare bat gainditu behar da...


Irudi honetako pausu estua adibidez...


Behin pausua gaindituta...


Baina segidan gandorra zabaldu eta oinezko tarte lasaia etortzen da Petit Pic Blanc mendiraino.


Ilargikoak diruditen parajeak...


10:49 : Petit Pic Blanc (2957m)
Autotik atera eta hiru ordu ingurura eguneko lehendabiziko tontorrean ginen. Izena paratu zionak txuriarena ez dakit nondik atera zuen...


Metro batzuk galdu eta eguneko lehen 3000kora igoko ginen. Horra ere oinez ttipi-ttapa...


Gure ezkerretara Barroudeko laku ederrak genituen 700 metro beheitiago...


Heidera ailegatzen... Urrunean Vignemale handia ikusten da.


11:06 : Heid (3022m)
Eta hortxe gailurra... Eguneko bigarrena, eta lehen 3000koa kolekziozaleendako. Geldialdi laburra egin genuen bertan, justu-justu tragoxka bat hartzeko eta giltza batzuk galtzeko.


Heaseko bailara osorik ikusten da Heid gailurretik...


Hortik aitzinera gandorra estutzen hasten da eta eskuak erabili beharreko pausuak gainditu behar dira.


Baina Pointe des Aires puntaren azpian hasten dira benetako "zailtasunak". Ingurua bertikalagoa da eta erresalte batzuk eskuinetik inguratzen ahal badira ere, gandorra aunitz estutzen da.


Aireseko puntatik jaistean egin genuen pausu hau arras ikusgarria zen. Eskuinetara erorketatxoa zuen, baina ezkerretara 700 metro bertikal oinen azpian. 


Deseskaladatxo hori eginda parean ikusten den plaka eskalatu genuen. II. gradukoa izanen da, erraza, baina amildegiaren gainean kokatzen zaitu eta arras ikusgarria da.


Hortxe plakaren eskalada goititik ikusita...


Eta akituta adrenalina askatzen...


Hortik heldu ginen...


Puntu horretatik aitzin gandorra pixka bat zabaltzen da, baina oraindik eskalada zati errazak egin behar dira.


Zati zabalagoan hori bai...


12:05 : Troumouse (3085m)
Zirkuari izena ematen dion gailur honetan egin genuen taldeko lehen argazkia.


Troumouse utzi eta eguneko bigarren zati "kritikoaren" bila abiatu ginen.


Sierra Morenako paretak ematen dio gandorraren gaineko zeharkaldi honi zailtasun maila, III+ gradukoa hain zuzen ere.


Troumouseko jaitsiera errazak lepoan utzi gintuen...


Soka gainean genuenez, zati hau eskalatzeko ateratzen erabaki genuen. Hala ere, sokarik gabe egingarria dela iruditzen zait. Hasierako metroetan du pausurik zailena, baina soka finko bat paratu dute bertan. Hortik goiti esposizio handia du, bertikala da, baina helduleku onak ditu.


Gozatzen...


12:51 : Sierra Morena (3090m)
Tontorrean materiala berriz ere motxilan sartu genuen. Ez genuen gehiago aterako egun osoan...


Hortik Muniako gailurrera arteko zatiak ez du kasik zailtasunik. Hasteko oinez metro batzuk galdu behar dira.


13:01 : Col de Paget Chapelle (3031m)
Eta lepo honetatik goiti gogor samar egin zitzaigun igoeratxoarekin segituko genuen.


Pequeña Munia mendira...

Gibelean Sierra Morena eta Troumouse...



13:11 : Pequeña Munia (3096m)
Muniaren gailur txikian gelditu ere ez ginen egin... Ondoan genuen gailur nagusira ailegatu nahi genuen jarri eta lasai ederrean bazkaltzeko.


Bertze eskaladatxo bat eta...


13:22 : Munia (3133m)
...jadanik bortzok ezaguna genuen kasko honetara ailegatu ginen. Honetakoan berezia zen denendako ordea, aspaldi baikenuen buruan gandor honen zeharkaldia.


Robiñera mendia, Muniako lakuak eta Tres Marias gailurretik...


Erran bezala gailurrean bazkaltzeko tarte zabala hartu genuen eta zer egin erabakitzeko bilkura ere bai. Bi aukera genituen, Muniako lepotik zuzenean autora itzuli edo zirku osoa gandorretik zeharkatu. Egun zoragarria genuen, infarrez ongi ginen eta bigarren aukera hautatu genuen.


Horretarako Muniaren bide arruntetik beheiti egin genuen Perdidoko glaziarren ikuspegiak edertutako ertz politetik...


Hala ailegatu ginen Pas du Chat ezagunera eta  zer kalapita hangoa!


Muniara igotzeko bide arruntetik gainditu behar den plakatxoa da Pas du Chat eta egun osoan ikusi genuen mendizale kopurua baino handiagoa harrapatu genuen bertan. Batzuk goiti, bertzeak beheiti... Guk pasabidean jarritako sokaren laguntzaz ahalik eta lasterren jaitsi eta handik urrundu ginen.


Muniaren mendebaldeko ertza osorik jaitsi genuen lepo aldera.


14:29 : Col de la Munia (2853m)
Arestian erran bezala lepo honetan akitzen da zirkuko 3000 metrotik goitiko mendiak zeharkatuz egiten den ibilbide klasikoa. Eskuinetara biratuta Troumouseko zirkura jaitsiko ginateke...


Guk ordea bigarren zatiaren erreferentzia batzuk bagenituen eta osorik egitea erabakia genuen. Aitzinera egin genuen beraz Mont Arrouy mendiko maldan goiti...


14:34 : Mont Arrouy /Punta es Ibons (2888m)
Minutu gutxian harrapatu genuen gandorraren bigarren zatiko lehendabiziko gailurra. 3000 metrotik beheitikoa izanda aitzinekoek baino aise bisita gutxiago jasotzen ditu.


Ertzetik egin genuen aitzinera, poliki-poliki eskuineko aldera (Troumouse aldera), genuen amildegia handituz zihoalarik.


14:48 : Breche de la Cle de Cure (2776m)
Harkaitz hauskorretatik metro batzuk galdu genituen bertze lepo batera...


...eta malda deseroso batetik Pene Blanque mendirantz abiatu ginen. Gibelean Mont Arrouy eta Munia agero dira.


Harri txikizko malda bertikala igotzea kosta egin zitzaigun, hankapean dena beheiti joaten baitzen. Poliki-poliki ezkerretarako zeharkaldi bat eginez Muniako lakuetatik Pene Blanque mendira igotzen den bide arrunta harrapatu genuen.


Oraingoan bai, eroso egin genituen azken metroak harri zurizko mendian.


15:05 : Pene Blanque / Punta Alta de las Blancas (2905m)
Eguneko zortzigarren gailurrean ginen eta nekea sumatzen hasiak ginen ordurako.


Baina hortik aitzinera pasatuko genituen gandor zatiek laster atzenduaraziko ziguten nekea. Marmolezko ertz zuriak bat-batean estutu egiten dira eta bi aldeetara ehundaka metroko amildegiak irekitzen dira. 


Oinez egiteko modukoa da zatirik gehienean, baina horrek ez dio ikusgarritasunik kentzen. Aho bete hortz uzten zaituzten leku horietakoa da. Eta nolakoak diren gauzak, 3000koen zatia ez bezala, inork gutxi egiten du gandorraren parte hau. Gure ustez, zalantzarik gabe eguneko zatirik politena izan zen, baina noski, ez dituzte 3000 metro mendi hauek eta atzenduak daude.


Gandorrak mantso-mantso metroak galtzen ditu Pene Blanquetik urrundu ahala...


Bat-batean gandorra moztu egiten da eta ezkerretara jaitsi behar da magal hautsi batetik beheiti. Harri hauskorrezko malda hau da ibilbide guziko punturik kritikoenetariko nire ustez.



15:29 : Passage d'Arrouye / Paso del Burro (2746m)
Astoaren Pasabidea izenez ezagutzen den lepotxo honetan arnas pixka bat hartu ahal izan genuen jaitsiera tentearen ondotik. Ertz estu oraindik ez genuen akitua dena den. Izen hau hartzen du lepoak ez duelako inora eramaten, bi aldeetara alimaleko amildegia baitu.


Berriz ere metro batzuk igo genituen...


...eta Bouneuko leporaino bertze jaitsiera delikatu bat egin behar izan genuen. 


Lalarriko lautada gure oinetan genuen eta parean egun kasik osoan bezala Añisclo, Monte Perdido, Cilindro eta Marbore.


15:46 : Col de Bouneu / Portiella de las Blancas (2664m)
Lepo honetan akitzen da gandor zatirik estuena. Hemendik Bouneuko kaskoraino, zatiren bat zerbait estutzen bada ere, harkaitza aldatu eta gandorrak zabalera irabazten du. Parean genuen hurrengo tontorra, Heche de Bouneu edo Punta Baja de las Blancas izenez ezagutua.


Malda erraz bat igo beharko genuen bertara ailegatzeko...


15:50 : Heche de Bouneu / Punta Baja de las Blancas (2704m)
Bertze tontor bat sakelara...


Puntu honetatik atzineko kaskotik jaitsi genuen ertz zatiak inpresioa eragiten du.


Honebertzez, erran bezala, gandorraren konposizio eta kolorea aldatu egiten dira eta akabaila hurbil ikusten hasi ginen. Parean genuen tontorreraino joatea bakarrik falta zitzaigun...


16:06 : Cheval Rouge (2674m)
Bideak azken puntu estu batera eramanen gintuen ordea: Zaldi Gorria izenez ezagutua. Izen hau hartzen du gainetik pasatzeko modurik seguruena zaldi gainean ibiltzeko posizioa hartzea baita, hanka bakoitza ertzaren alde batean paratuz. Ballibierna eta Culebres arteko pasabidearen idurikoa da.


Bertze igoera bat eta eguneko azken aitzineko mendi puntan izanen ginen.


16:15 : Punta Fenars (2696m)
Entitate gutxiko gailur hau kasik konturatu gabe pasatu genuen. 


Azken metroak gandorretik...


16:25 : Pic de Bouneu / Pico de la Pala (2726m)
Sedeko lepoan zailtasunak hasten direnetik kasik 7 ordu gainez gain ibili ondotik nekatuta baina harro utzi genuen gandor liluragarri hau Bouneun.


Hortik heldu ginen. Argazkiaren ezkerreko aldetik Troumouseko zirku handia osorik inguratu genuen gainez gain...


Gailurraren bertze aldera ingurua leuntzen da eta amildegiak desagertu egiten dira. Parean, hurbil dago Gabiedou mendi dotorea, duela urte batzuk eskiatu genuena.


Eta gure zangoen azpian jaisteko erabiliko genuen bailaratxoa. Mailleteko aterpetxe inguruak ere ikusten ahal dira beheitian...


Atsedenaldia hartu ondotik Canauko lepo aldera jaitsi ginen.


16:33 : Port de la Canau (2686m)
Antzina lepo hau mugaren bi aldeen arteko pasabide izaten omen zen. Hori zegoen idatzita bertan kokatutako plakatxo batean. Atentzioa deitzen du horrelako lekuetatik jendea pasatzen zela ikusteak...


Lepotik eskuin biratu eta bidexka markatu eta tentetik jaitsiera azkarra eginen genuen. Troumouseko belardiak zain genituen, baita garagardo hotzak ere!


17:22 : Cirque de Troumouse (2150m)
Behin eta berriz igotako mendien lerroa begiratzen genuela akitu genuen ateraldi bikain hau, gandorren gainean Pirinioetan egiten ahal den aktibitate interesgarrienen zerrendan sartzeko modukoa dudarik gabe!


BIDEOA:

1 iruzkin:

  1. Pedazo de ruta!! Yo no he tenido coraje de pasar las zonas aéreas del Heid, y la la Punta Aires también la tengo pendiente. Demasiado estrés para mi cabeza actualmente. Sin embargo, en su momento, subí la cresta del Sierra Morena sin cuerda y no me pareció peligroso. Ojito con el "alargue" final que os disteis. No conocía, y como dices, más delicado que lo de la mañana... he pasado hasta mal rato sólo viendo el vídeo...😥

    ErantzunEzabatu